Hasi da Ellakuriaren eta beste lau jesuitaren hilketaren epaiketa

Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak 150 urteko kartzela zigorra eskatzen du El Salvadorko Defentsa ministrordea izandakoarentzat

San Salvadorko (El Salvador) Martirien museon dago Ellakuriaren azkeneko pasaportea. RODRIGO SURA / EFE.
Igor Susaeta.
2020ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
1989ko azaroaren 16an Ignacio Ellakuria euskal herritarra, beste lau jesuita eta hiru herritar hiltzea egotzita, Inocente Montano El Salvadorko Defentsa ministrorde eta armadako koronela izandakoaren aurkako epaiketa atzo hasi zen, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Fiskaltzak 150 urteko kartzela zigorra eskatzen du harentzat. Hamar saio ezarri ditu auzitegiko aretoak, eta aurreikusi du epaiketa uztailaren 16an bukatuko dela.

Joan den abenduaren 13an iragarri zuten 2020ko ekainean egingo zutela epaiketa. COVID-19aren izurriaren ondorioz Espainiako Gobernuak ezarritako alarma egoerak epaitegien eta auzitegien funtzionamenduari ere eragin badie ere, bere horretan mantendu dute epaiketaren data. Montanorekin batera,Rene Yusshy Mendoza El Salvadorko armadako tenientea zena eseriko da akusatuen aulkian. Justiziarekin kolaboratu duela iritzita, Yusshy Mendozarentzat hilketa bakoitzeko urtebeteko espetxe zigorra eskatzen du fiskaltzak.

Haren arabera, hilketen «erabakian, diseinuan edo exekuzioan» parte hartu zuten. «Auzipetuek, prozedura honetan ikertu ez dituzten hirugarren pertsona batzuekin batera, azpiegitura paralelo bat eratu zuten El Salvadorko estatuaren barruan, legezkotasunetik kanpo zegoena. Bake publikoa larriki aldatu zuen, eta herritarren artean izu egoera bat ezarri zuen zibilak exekutatuz, desagerraraziz...».

Gogoan hartu behar da El Salvadorren gerra zibil betean zeudela hilketak gertatu zirenean. Ellakuria (Portugalete, Bizkaia, 1930) Erdialdeko Amerikako Unibertsitateko errektorea zen orduan, eta, fiskalak nabarmendu duenez, gatazkari irtenbide bat emateko «lidergoa» hartu zuten jesuitek, «bereziki» Ellakuriak: «Alde guztiekin hitz egiten zuen bitartekari bakarra zen, eta [Alfredo] Cristiani presidentearen eta matxinoen arteko zubi lanak egiten zituen». Horrenbestez, «eskuin muturreko militanteek jomugan jarri zuten», jesuitei leporatzen zietelako «nazioarteko konspirazio komunista batean» parte hartzea.

Espetxean behin-behinean

Auzitegi Nazionalak 20 bat militar ohi auzipetu zituen, baina El Salvadorko agintariek ez diete jaramonik egin estradizio eskaerei. Montano, aldiz, 2015ean atxilotu zuten, AEBetan, eta bi urte geroago Espainiaratzeko aginduari oniritzia eman zion bertako Auzitegi Gorenak. 2017ko azaroaren 29tik dago behin-behineko espetxealdian. Osasun arrazoiak eman ditu kartzelatua ez izateko.

Jesusen Konpainiak ohar batean nabarmendu duenez, «positiboa» da epaiketa egitea, baina adierazi du hori bera El Salvadorren egin beharko litzatekeela, herrialdearentzat esanahi «sinbolikoa eta errestauratiboa» edukiko lukeelako. «Gure lehentasuna da herrialdea egiaren, justiziaren eta barkamenaren bidez adiskidetzea». El Salvadorko gerran (1980-1992) 80.000 bat lagun hil zituzten, eta 8.000 inguru desagerrarazi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.