Gaur ekin diote Antropologia Feministaren I. Kongresuari. Lau urtez prestatzen aritu eta bi urtez atzeratu ostean, hiru eguneko egitarau oparoa ondu du AFIT Antropologia Feminista Ikerketa Taldeak. 350 pertsonatik gora espero dituzte EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen Donostiako HEFA fakultatean, antolatzaileen arabera, «diziplina barruko zein kanpoko ezagutza eta errealitatea aldatzeko».
Gaur izango dira lehen saioak. Unibertsitatea, ezagutza eta prekaritatea: biziraupen zaila mahai inguruarekin hasiko dira, eta, hortik aurrera, hamaika jarduera. Euskal Herriko sei hizlarik parte hartuko dute kongresuan, eta nazioarteko beste hamar ere egongo dira: Kataluniatik, Brasildik, Herbehereetatik eta Mexikotik etorriak.
Gaitegi zabala izango dute aukeran bertaratutakoek: besteak beste, diziplinartekotasuna, antropologiaren aplikagarritasuna, zaintzak eta feminismoa, genero disidentziak eta disidentzia sexualak eta justizia feminista izango dituzte hizpide.