Hartu du Irujok Garapen Ekonomikoko kontseilari kargua

Manu Aierdiren lekukoa hartu du. Maria Txibitek esker oneko hitzak izan ditu Aierdirentzat

Mikel Irujo Nafarroako Garapen Ekonomikoko kontseilari berria. IÑIGO URIZ / FOKU.
Erredakzioa
2021eko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Hartu du Mikel Irujok Manu Aierdiren lekukoa, Nafarroako Jauregian. Orain arte, Kanpo Ekintzako zuzendari izan da Nafarroako Gobernuan, eta hemendik aurrera Aierdi ordezkatuko du Nafarroako Garapen Ekonomikoko kontseilari gisa. Aierdik kargua utzi behar izan du, Espainiako Auzitegi Gorenean Davalor auzia ikergai dagoelako eta foru lege batek hori egitera behartu duelako. Irujoz eta Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariaz gain, Kargu hartze ekitaldian izan ziren Irujoren senideak, Aierdi bera eta Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidentea.

Txibitek hartu zuen hitza lehenik eta behin, Aierdiri eskertzeko Nafarroako Gobernuan egindako lana: «Haren baretasunak eta lanerako gaitasun handiak ekarpen handia egin dute gobernu honek egin beharreko lanean». Ondoren, Irujori esan zion «une garrantzitsu eta konplexu» batean hartuko duela ardura. «Asmo handiko aurrekontuak dauzkagu, erronka bat eta aukera bat eskatzen duten Europako funts batzuk, eta gizarte eredua eta eredu ekonomikoa eraldatuko duen aro batean gaude; pandemiaren eraginez bizkortu egingo da eraldaketa hori, gainera», Txibitek esan zuenez. Erronkei aurre egiteko gaitasuna aitortu zion Irujori, gobernua «ondo» ezagutzen duelako. Nafarroako Gobernuarentzat ekarpen garrantzitsua egin dezakeela ere esan zuen, «garapen ekonomikoarekin konpromisoa duelako eta ikuspegi europar zabala duelako».

EAJren babesa

Nafarroako EAJk «konfiantza osoa» agertu zion Irujori, ohar bidez azaldu zutenez: «Europako erakundeetan eskarmentu handia duen alderdikide bat da, eta ibilbide politiko luze eta zabala egin du. Ziur gaude kargu berriak eskatzen duen neurria emango duela». Halaber, azpimarratu zuen Aierdik «Nafarroako herritar guztien interes orokorraren aldeko lan nekaezina» egin duela.

Sailburu kargua hartu ostean emandako prentsaurrekoan, Mikel Irujok «benetan eskertu» zuen lehendakariak eta Geroa Baik beregan jarritako «konfiantza», eta esan zuen «ohorea» dela foru erkidegoaren zerbitzura lan egitea. Eskerrak eman zizkion Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariari, azken bost urteetan harekin lan egin baitu, aurreko legegintzaldian Nafarroako Gobernuak Bruselan duen ordezkari gisa eta gaur egungo Kanpo Harremanetarako zuzendari nagusi gisa.

Davalor auzian Auzitegi Gorenak haren kontra irekitako ikerketagatik utzi du kargua Manu Aierdik. Irujok esan zuen ez dela «erantzukizun hori bere gain hartzeko baldintzarik onena», eta «ziur» agertu zen Aierdiren kasua «ezerezean» geratuko dela. Maileguen inguruko ikerketa artxibatuz gero karguan jarraituko ote duen galdetuta, «zientzia fikzioaz» ez hitz egiteko eskatu zuen.

Kontseilari berriak azaldu zuenez, azken urteotan «harreman estua» izan du Aierdirekin. «Gobernu gisa egiten ari ziren jarduera guztiak zuzenean ezagutzeko eta Europako erakundeen eta beste sare batzuen aurrean azaltzeko zortea izan dut», adierazi zuen. Hemendik aurrera, «Europa eta susperraldia» izanen dira aurre egin beharreko erronka handiak, Irujoren esanetan. «Manu Aierdi kontseilari ohiak ezarritako helburua jarduera ekonomikoa suspertzea eta enplegua sortzea da, baita Nafarroako industria sarearen lehiakortasuna indartzea ere, gizarte, ingurumen eta lurralde iraunkortasunaren ikuspegitik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.