Harro plataformak hezkuntza publikoan matrikulatzeko deia egin du

Otsailaren 7an irekiko da matrikulazio epea Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Harroren esanetan, hezkuntza publikoaren aldeko apustua da euskara sustatzeko eta segregazioa ekiditeko bidea.

(ID_13561320) (Endika Portillo/@FOKU) 2024-02-03, Bilbo. Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak sustatuta, eskola publikoan matr...
Gaur goizean egindako agerraldia, Bilbon. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Iosu Alberdi.
2024ko otsailaren 3a
15:55
Entzun

Laster hasiko da aurrematrikulazio epea ikastetxeetan, eta Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak abagunea baliatu du hezkuntza publikoaren aldeko aldarria egiteko: «Gogorarazi nahi dugu zerbitzu publikoak herritarron lorpena direla, guztion eskubideak babesteko jaio zirela, eta asmo pribatizatzaileetatik aldendu behar ditugula». Hartara, dozenaka lagun elkartu dira Bilboko Arriaga antzokiaren aurrean, eskola publikoaren aldeko «apustu sendoaren» erakusle.

Zaindu maite duzun hori lelopean, plataformak gizarte osoari helarazi nahi izan dio hezkuntza publikoaren aldeko mezua, baina, batez ere, euren haurrak lehen aldiz ikastetxe batean matrikulatuko dituztenei. «Zoaz gertuen duzun eskola publikora, ezagutu, matrikulatu eta parte hartu», eskatu diete. Hain zuzen, otsailaren 7an hasiko da 2024-2025 ikasturterako onarpen prozesurako eskaerak aurkezteko epea Araba, Bizkai eta Gipuzkoan; hilaren 23ra arte iraungo du.

Plataformak azaldu du hezkuntza publikoa dela aukerarik onena «euskara eta euskal kultura sustatzeko», «gizarte kohesionatu bat lortzeko» eta «berdintasunean ikasteko». Argudiatu dute euskalduna, unibertsala eta inklusiboa dela: «Kalitatezko hezkuntza eskaintzen die ikasle guztiei; jasangarria da, auzo eta herri guztietan baitago; eta sinesmen guztiak errespetatzen ditu».

Izan ere, Arantza Fernandez de Garaialde plataformako kidearen esanetan, ikastetxe pribatuek kontrako norabidea jorratzen dute sarri; besteak beste, segregazioa areagotuz: «Euskalduntzeko oztopo nagusiak ere hezkuntza pribatuan daude. Ikastetxe publikoetan gutxienez haur eta lehen hezkuntza osoa D ereduan egiten dira».

Horiek hala, plataformak azaldu du hezkuntza publikoak «sistemaren lehentasuna» izan behar duela, eta horretarako beharrezkoa dela hartan indar egitea: «Zuretzat, guretzat, guztiontzat; herritarra, onena». Halere, uste dute egungo hezkuntza politikek, tartean abenduan onartutako EAEko Hezkuntza Legeak, ez dutela bide hori jorratzen. Besteak beste, Fernandez de Garaialdek salatu du Bilbon hainbat ikasgela itxi dituztela azken ikasturteetan, eta, horren ondorioz, ikasleak behartu dituztela eskolara joateko urrunago jotzera. Hala, instituzioei eskatu die hezkuntza publikoaren aldeko plangintzak garatzeko.

Aldarri horrekin bat egin dute, Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformako kideek ez ezik, beste zenbait borrokatan buru-belarri ari diren eragileek ere. «Gurekin bat egin dute gaur hainbat emakume feministak, hainbat euskaltzalek eta pentsio publiko duinen aldeko borrokalariek, baita auzo elkarteetako kide, ekologista eta elkartasunaren munduko militanteek», adierazi dute agerraldian. Hala, lankidetza horretan egin dute azpimarra, esanez herri mugimendu guztietatik ikasi behar dela, eta horietatik edan hezkuntza indartzeko ere. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.