«Harro, baina ez konforme»

UEU Udako Euskal Unibertsitateak 50 urteko ibilbidea ospatu du, Bilboko Kafe Antzokian egindako ekitaldi jendetsu batean. Datozen urteetan euskarazko online unibertsitatea sortzea jarri dute xede

Xabier Amuriza eta UEUren Musika Saila, kantuan, ekitaldiaren amaieran. BERRIA.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2022ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Udako Euskal Unibertsitateak hasierako urteetan Iruñeko Larraona ikastetxean izandako egoitzaz oroitzapen argia du Pilar Kaltzadak: «Beroa eta faxaren soinua». UEUren prentsa aretoa martxan jartzeaz arduratu zen, eta lehen aldiko lanak amaitzean ondorioztatu zutena ere ondo gogoan du: «Egin dugu, ez genekielako ezinezkoa zela». Eta, hain justu, horixe da UEU Kaltzadarentzat eta beste hainbat UEUkiderentzat: «Ezinezko posibleen historia». Izan ere, erronketan bezain oparoa izan da lorpenetan UEUren 50 urteko ibilbidea, baina datorren mende erdia betetzeko ametsak ere badituzte, baita horiek gauzatzeko eskarmentua eta ilusioa ere, atzo Bilboko Kafe Antzokian egindako ekitaldian agerian geratu zenez. Bost hamarkada hauetako jarduna ospatzeko eguna izan zen: «egun garrantzitsua proiektu hau bizi eta maite dugunontzat», Ane Sarasua UEUko idazkari nagusiaren hitzetan. «Egindako bideaz harro gaude, baina ez konforme», laburbildu zuen Kepa Sarasola UEUko zuzendariak.

Euskararen eta unibertsitatearen arteko zubi lana egiteko sortu zen UEU: Udako Ikastaroak antolatzen hasi zen, unibertsitate liburuak publikatu zituen gero —ia 500 argitalpen ditu—, eta euskal ikertzaileen komunitatea trinkotzen jardun da bereziki azken urteetan —Ikergazte topaketak, Inguma datu basea eta Artizarra sare soziala dira, besteak beste, horren seinale—. «Uzta ikaragarria», Sarasolaren arabera: «Bost hamarkadatan, euskara unibertsitatean modu naturalean erabiltzeko akuilu izan da UEU, euskara teknikoa finkatzeko agentea, eta euskarazko etengabeko formakuntzan erreferentzia».

UEUren «egitasmo kolektiboa aberasteko» baliatu dute urteurrena, eta proiektuaren ardatzak berresteko: «Euskalduna, nazionala, herritarra, kalitatezkoa eta gertukoa». 1.400 bazkideek osatzen duten oinarriarekin etorkizunaz ere hausnartu dute, eta datozen urteetarako helburuak ezarri dituzte: euskarazko online unibertsitatea sortzea —irakasleak prestatzeko masterrarekin egin dute lehen urratsa: laurehun ikasle izan ditu hiru urtean—; euskarazko ikerketa sustatzea; euskarazko produkzio zientifikoa areagotzea; eta etengabeko euskarazko formakuntza lehenestea. «Horretarako ezagutza, sarea eta ilusioa baditugu, baina aitortza eta baliabideak ere behar ditugu», aldarrikatu zuen Sarasuak. Konplizitateak ehuntzeaz ere mintzatu zen Sarasola: «Elkarrekin egin nahi dugu bidea, guztiokin: UEUkideekin eta ingurukoekin, unibertsitateekin, erakundeekin, kultura eragileekin...».

Babes handia

Eta konplizeek eta adiskideek babestuta ospatu zuen atzo UEUk mende erdia. Kafe Antzokian izan ziren, besteak beste, akademiaren munduko lagunak: UEUko zuzendari ohi Iñaki Alegria, Lore Erriondo eta Xabier Isasi, EHUko errektore Eva Ferreira, Jon Abril Elhuyar fundazioko zuzendaria, UEUkide ugari... Euskalgintzako eta hezkuntzaren alorreko eragileak ere egon ziren: Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia, Alizia Iribarren AEK-ko koordinatzaile nagusia, Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko burua, Adolfo Arejita euskaltzaina...

Bilboko Udaleko, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkaritzek ere parte hartu zuten ekitaldian, eta haien izenean Jokin Bildarratz Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak hartu zuen hitza eszenatokian. Esker ona adierazi zion UEUri «euskaraz aritzeko kultura eta ohitura zabaltzeagatik», eta ekarpenak egiten segitzea galdegin zion: «Euskararen aldeko lanean katebegi bat da UEU. Irakaskuntzak, ikerketak eta euskarak bide luzea egingo dute UEUren eskutik».

Hitzaldi nagusia, berriz, Joseba Sarrionandia idazleari egokitu zitzaion, eta unibertsitateari buruz mintzatu zen. Gogora ekarri zuen unibertsitatea erakunde «elitista» bat izan dela historikoki: «Emakumeak noiz heldu dira unibertsitatera? Langileak? Euskaldunak?». Horren arrastoak gaur egun arte iraun duela erantsi zuen: «Unibertsitatea ez da ezagutza gizarteratzeko erakunde bat, baizik eta gizarteko hierarkiak eta biolentzia justifikatzeko mekanismo bat. Gizarte egitura bidegabe bat dugu; unibertsitateak alter ego bat behar du, dagoenarekin ez konformatzeko». Hor ikusten du Sarrionandiak UEU: «Lan intelektualean, formakuntzan, arazo sozialak konpontzen jardun behar du unibertsitateak, modu kolaboratiboan. UEUk lagun dezake alter ego hori osatzen».

Hiru belaunaldi

Baina egitasmo akademikoa ez ezik, pertsonala ere bada UEU kide askorentzat, eta haietako batzuen bizipenak jaso zituzten atzo, Pilar Kaltzadarekin batera hiru belaunalditako ordezkariak agertokira igota. Arturo Elosegik gogoratu zuen «txundituta» utzi zutela udako ikastaroek 1987an: «Han ez zegoen mugarik: ez Ipar eta Hego Euskal Herrikorik, ez irakasle eta ikasle artekorik, ez ikasgela, mendi eta parranda artekorik». Halere, bost hamarkadetan une zailak ere izan direla aitortu zuen: «Ziurgabetasuna handia izan da beti, baina aurrera egin dugu. Modu bakarrean esplikatu daiteke: militantzia; aldatu egiten da mundua, baina euskararen aldeko militantzia hori mantendu egiten da».

Rakel Gamito eta Maite Luengo, berriz, azken hamarkadan hurbildu dira UEUra. «Pribilegiotzat» daukate kide izatea, eta txalotu egin zuten UEU «topagune izatea». Gamito: «Gauzak egiteko beste modu bat eskaintzen du: malgutasunez, freskotasunez, partaidetzaz, baina ez edozein modutara, baizik eta kalitatez eta gertutasunez. Eta euskaraz». Luengo: «Ikertzaile gazte askorentzat, UEUk ekarri du lehen esperientziak —kongresuak, publikazioak...— leku seguru batean egin ahal izatea: zainduz, lehiarik gabe...».

Etorkizunerako desioek eta eskaerek hartu zuten ekitaldiaren amaiera. Eta koplek. Oholtza gainera igo ziren Xabier Amuriza eta UEUko Musika Saileko kideak, eta kantuan adierazi zuten 50 urtez aldarrikatutako premia: «Arnasa hartu beharra dugu eta ireki atea/ Arrainak ura eta euskarak bere unibertsitatea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.