Pernando Barrena. Sortuko bozeramailea

«Harritzekoa litzateke datozen epaiketetan gure akordioa ez aplikatzea»

Espainiako Auzitegi Nazionalean lortu berri dutenaren balioa nabarmendu du, «espazio judizialetik harago». Gatazkaren ondorioei begira lagun dezakeela uste du, irakaspen bat duela: «Etorkizunareko konpromisoa da eskatu zaiguna».

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
enekoitz telleria sarriegi
Donostia
2016ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Hamar urte egin ditu Berriozarko (Nafarroa) bake epaitegira astelehenero sinatzera joaten, eta arraroa egiten zaio orain egoera. «Asteazkenean pasta kutxa batekin joan nintzen. Oso eskertuta nago bertako bi idazkariekin. Bi emakumezko dira. Hamar urtez aguantatu naute». Joan den astean amaitu zen epaiketa, 04/08 sumariokoena, Segurako 35ena. Zeresana eman duen akordio batekin amaitu ere. Eta akordio horren balioa nabarmentzen du Barrenak, besteak beste. Sorturen Donostiako egoitzan mintzatu da BERRIArekin. Danbor hotsak ahitu eta hurrengo egunean.

Akordio bat lortu da. Ongi ulertu da akordio hori? Edo nola ulertu behar da akordio hori?

Ulertzekoa da jendearentzat ustekabekoa izatea. Guretzat ere halaxe izan da. Aurreko astean izan genuen aukera horren berri, jakin genuenean fiskaltza horretan ari zela pentsatzen, baina ez genuen ilusio oso handirik ere egin, proposamen bat zehaztu arte. Astelehenean jakin genuen fiskaltzaren aldetik bazegoela aukera hori. Inputatuok batzarrean hitz egin genuen proposamenari buruz, eta gure abokatuen bidez helarazi genien prest geundela akordio bati buruz hitz egiteko, baldin eta inputatutako inork ez bazuen espetxera bueltatu behar. Eta, gure harridurarako, guztia konfirmatu zen asteartean, fiskaltzak ontzat eman zuenean hori. Gure harridura are gehiago handitu zen esan zitzaigunean akusazio partikularra ere ados zegoela.

Baina haiek ere eskatuko zuten zerbait, ezta?

Testu bat sinatu behar genuela esan zitzaigun. Ez zen negoziatzeko aukerarik izan. Ikusi genuen gure posizio politikoen baitara bil zitekeen testu bat zela. Ez zen gurea, fiskaltzarena zen; beraz, terminologia haiena da, baina ontzat eman genuen, onargarria zen, eta inputatuen batzarrak ontzat eman zuen, beharrezko kontraste politikoak egin eta gero.

Zein zen kezka?

Ea horrek zer ekar zezakeen gure ondotik zetozen epai eta epaiketa politikoentzat, eta zer kokapen zeukan eskema politiko orokorrean. Ondorioztatu genuen onurak baino ez genizkiola ikusten. Oraindik ere badaudela lauzpabost sumario politiko zain, eta akordio horretan islatzen den prozedura oso baliagarria izan daitekeela auzi horiei begira eta, era berean, espazio judizialetik harago, gatazkaren ondorio diren beste hainbat gaitan soluzioak bilatze aldera ere. Azken finean, bi gauza oso garrantzitsutaz ari gara. Batetik, mahaigaineratu den testuak posizio guztien nahikotasuna biltzen du. Bestetik, alde guztien onespena duen akordio bati buruz ari gara. Beraz, prozedura edo filosofia berari jarraikiz, badira epaiketa politiko batzuk gure sumarioaren oso antzeko parametroetan datozenak, eta harritzekoa litzateke horietan ez balitz irtenbide bera aplikatuko.

Horregatik diozue «salbuespen politikak» amaitzeko ate bat zabaldu dela?

Aukera horri leiho bat ireki zaio. Sententziak argudiatzen dituen artikuluen erabilpen berbera eginez, aukera egon beharko luke gelditzen diren auzi horiek epaiketarik egin gabe bukatzeko, akordio baten bidez. Salbuespenezko epaiketa horiek amaitzeko.

Zuek onartu duzue onartu duzuena. Haiek?

Oso agerikoa da. Mahaigaineratu diren eduki horiek guztiz eduki politikoak dira. Beraz, auzitegiak off-ean esaten duena da auzi politiko batez hitz egiten ari garela. Guk urteetan egin dugun azterketari benetakotasun zigilu bat ematen dio erabaki horrek. Ez dakigu zeintzuk diren atzean dauden benetako posizio politikoak, baina ezagutzen ditugu ondorioak, eta ondorio horiei alde praktikoak eta positiboak baino ez dizkiegu ikusten.

«Zergatik orain eta ez lehenago?», galdetuko dute batzuek.

Horixe berbera uste dut galdetu zuela Jonan Fernandezek aurrekoan. Hor dauden eduki politikoak ez dira berriak. Biktimen errespeturako eta erreparaziorako eskubidea ezker abertzalean posizio politiko gisara definituta dago. Hori zergatik ez den gauzatu orain arte akordio baten bidez epaiketa batean? Ba, lehenengo aldia delako fiskaltzak eta akusazio partikularrek horretarako borondatea aurkezten dutena. Eta horretarako aukera egon den lehenengo aldian, akordioa egon da.

Sekuentzia bat: Rufi Etxeberriaren hitzaldia Iruñean, zuen epaiketan lortutako akordioa eta, hilabete amaieran, Foro Soziala. Zerbait ari da mugitzen?

Gertatu denaren ondorioz ari da zerbait mugitzen. Ikusi besterik ez dago sekuentzia horrek harrotu dituen hautsak. Izan ere, sekuentzia bat egon badago, baina zinez diot ez dela horrela prestatutakoa izan. Rufi Etxeberriak esandakoak planteamendu horren barruan orain arte azaleratu diren eduki berberak dira, bilduma moduko bat. Egia da gero Madrilgo akordioarena iritsi zela, eta, ez propio bilatuta, baina biek dutela norabide jakin bat: salbuespenezko legediak eta egoerak bukatzeko ezker abertzaleak duen konpromisoa.

Rufi Etxeberriak «pauso berriak» eta «ausartak» eskatu zizkien hitzaldi hartan presoei. Orain arte eman ez diren zeintzuk dira horiek?

Hitzaldi horren helburua zehatza zen: 2011tik lau urte baino gehiago pasatu direla, espetxe politikan aurrerapenik izan ez dela, ezker abertzaleari etengabe egiten zitzaion galdera zen: badu planik ezker abertzaleak honetarako? Zein da ezker abertzaleak espetxe politikan aurrerapenak lortzeko duen ikuspegia? Guk hor ikusten ditugu hiru erpin: batean, presoak daude; bestean, eremu politiko-instituzionaletik egin daitekeena dago; eta, hirugarrenean, aktibazio soziala eta horren ondorioz lor daitekeena. Hiru horien arteko konbinazio eta inplikazio egoki batekin bakarrik lortuko dugu espetxe politikaren elefante hori mugitzea.

Beraz...

Rufi Etxeberriak zioenean «ausardiaz» jokatzeko unea zela, ez zen halako enplazamendu bat «ausarta izan!» esanez. Guk horrekin esan nahi genuena zen: ausardiaz jokatzeko jokaleku nahikoa egon daiteke. Presoek zail baitute ezer lortzea euren kabuz. Baina lortzen badugu eremu politiko-instituzionalean konpromiso nabarmenak hartzea horren alde, lortzen badugu eremu sozialean inplikazioa horren alde, eta lortzen badugu presoek hartu beharreko erabakietarako jokaleku zabal nahikoa osatzea, hor presoek jokatzeko eremua aurki dezakete. Ausardiarena genionean, zentzu horretan genioen: «Hartu beharreko erabakiak hartzen badituzue, eta edozein direlarik ere, ziur egon aurkituko duzuela gizarte bat eta eremu politiko-instituzional bat hori azken muturreraino eramaten laguntzeko. Ez zarete inoiz bakarrik egongo». Betiere, errespetatuta EPPK-k duen autonomia beren ustez hartu behar dituzten erabakiak hartzeko. Eta argi izanda guztiz beharrezkoa dela salbuespenezko legedia amaitzea egin beharreko urratsak egin ahal izateko.

Ezker abertzaleak birkokatu beharra ikusi duelako dator hori guztia? Zerk eragindako beharra da? Non eta noiz ikusi da horren beharra?

Hausnarketa horri erantzuten dio Abian prozesuak. Duela bost urte pasatxo egindako eztabaida prozesua egin zen baldintzetan egin zen —zuzendaritza gehiena espetxean, alderdien legearen aplikazioa zorroztasun betean...—, baina egin zen eztabaida bat ezker abertzaleari eman ziona estrategia politiko eraginkor bat. Une honetan, denborak ematen duen ikuspegitik begiratuta, uste dut asmatu egin zela eta une honetan izugarrizko balioa duela oraindik ere, jokalekua irauli zuelako.

Baina, bost-sei urte geroago, baldintza sozial eta politiko ezberdinak dituen gizarte batean gaude. Eta guri ere iritsi zaigu unea Zutik Euskal Herria estrategia hura fintzeko eta oraindik eraginkorrago bihurtzeko; urte horietan egon diren akatsak —egon baitira—, gabeziak —gauza batzuk ez baikenituen behar beste aurreikusi— eta etorkizunari begira izan dezakeen garapena birpentsatzeko. Egitura politiko eraginkorrago bat martxan jartzeko. Sorturentzat abiatu genuen egitura politikoa, esaterako, hobetu egin baitaiteke alderdi askotan: arintasunaren aldetik, erabakiak hartzeko moduak ahalik eta horizontalenak eta parte hartzaileenak izatearen aldetik... badauzkagu hobetu beharrekoak. Horretarako jarri dugu martxan Abian prozesua.

Zer neurri du oraintxe disidentziak ezker abertzalean? Nola ari zarete hori kudeatzen?

Presoen inguruan sortu den ATA mugimendukoez ari gara, batik bat. Egia esan, politikoki horrek ez gaitu kezkatzen. Pentsatzen dugu hor bilatzen diren oinarriak ez direla kezkagarriak ezker abertzalearentzat. Guztiz garaiz edo tokiz kanpo dauden proposamenak dira. Eta hor utziko dut. Ez diet protagonismo gehiagorik eman nahi. Esango nuke hori ez dela guretzat kezka politiko bat. Hor biltzen den jendea, oro har, duela bost urte eztabaida estrategikoa izan zenean mahai gainean jarritako ondorioekin ados ez zegoen jendea da. Garai hartan erabaki zuten beste bide bat hartzea, eta hori guztiz onargarria da. Hor kontua da planteatzen diren zenbait amu politiko baliagarriak suertatu ahal zaizkiela, ez dakit haiei, baina bai etsaiari, nahasmena sortzeko hainbat konturen inguruan.

Lehen aipatzen genuen sekuentzia horretako eduki horiek «positiboan» hartu beharraz mintzatu zinen aurrekoan, «psikologia kolektiboarentzat» ona zela. Nola dago oraintxe «psikologia» kolektibo hori?

Nik askotan esan ohi dut ezker abertzaleak eta haren oinarri sozialak baduela momentu honetan ez hainbeste arazo politiko bat —horrek badu trataera—, baizik eta arazo animiko bat. Gehienbat espetxeetan gertukoak dituzten militanteak, plano humano batetik begiratuta, oso gaizki pasatzen ari dira. Azken lau urteetan gertatu dena, planteamendu animiko-pertsonalean oso zaila izan da. Aietek, ETAren erabakiak... sekulako espektatiba sortu zuen. Atzera begiratzerakoan eta autokritika egiterakoan, ziurrenik ez genuen aurreikuspen egokirik landu asmatzeko estatuaren posizioa zein izango zen. Eta errealitatea da azken lau urte hauek espetxe politikari dagokionez oso latzak izan direla. Esan liteke badagoela frustrazio puntu bat. Ezker abertzalea gai izan baita izugarrizko jauzia emateko. 2007ko egoerarekin konparatuz, adibidez, Ferrariak bezala zerotik ehunera segundo batzuetan pasatu gara, baina guretzat segundoak direnak urte asko eta asko dira errepresioaren alde gordinena pairatzea tokatu zaienentzat. Perspektibaz ikusten jakin behar dugu.

«Psikologia kolektibo» horri begira, Arnaldo Otegiren irteerak nola eragin dezake?

Arnaldo Otegirekin gertatzen dena da ezker abertzalean badaukala lidergo eztabaidaezin bat, baina lidergo hori haren kasuan zabaldu egiten dela ezker abertzalea ez den beste eremu batzuetara. Haren figura oso ongi ikusten dutela hark bezala pentsatzen ez dutenek ere. Eta horri hainbatek beldur handia diote. Hasteko, EAJk. Auzitegi Nazionalak aste honetan haren inhabilitazioari buruzkoak argitu ez izanak beldur hori areagotu du, gainera.

Hauteskundeak datoz. Eta joan direnei buruz zer hausnarketa egin duzue? Zuen emaitzez, Ahal Dugu-k lortutakoez...

Argi dago Ahal Dugu-ren eskaintza iritsi dela beste batzuetan ezker abertzalearen boto-emaile izan direnengana. Hor badago nolabait intersekzio eremu bat. Badago jende bat batzuetan EH Bilduri konfiantza eman diona eta Espainiakoetan Podemosi. Zergatik? Labur esanda, hauteskunde horietan nahi zena PP gobernutik kentzea zelako, aldez edo moldez. Eta horretarako bozka eraginkorra behar zen, eta EH Bilduk ez zuen horretarako balio.

Azken egunotan Ahal Dugu-ko kideek esan dute datozen hauteskundeetan EAJ boteretik kentzea dela euren helburua. Ikusten duzu ezkerreko indarren artean elkarlanerako aukerarik horretarako?

Ezkerreko elkar ulertze bat, inolako zalantzarik gabe, bai. Zenbakiek ematen badute, posible litzateke hori planteatzea eta aztertzea. Hori bai, nik ez dut uste, Podemos zer den eta Espainian zer gerta litekeen ikusita, prest leudekeenik gurekin gobernu bat konpartitzeko. Eta ezker abertzalearentzat ere ez litzateke erraza. Baina elkarlan bat planteatu liteke, eta uste dut EAJ konturatu dela horretaz. EH Bilduk orain arte arazo bat izan du Eusko Legebiltzarrean: 21 eserleku dituela, baina begiratzen duela ezker-eskuin eta ez dagoela inor. Nahiko nuke nik aukerarik balego ezkerrera begiratu eta elkarlanerako prest dagoen indar bat topatzeko.

Legebiltzarra aipatu duzunez... Autogobernurako lantaldea. Zertarako denbora dago?

Hauteskunde urte batean gaude; zailtasun objektiboak hor daude, eta hau guztia oso berandu dator. Hori hala da. Bai autogobernurako lantaldean, bai bake lantaldean. Guztiak berandu datoz. Hala ere, uste dut egin behar dela ahalegin bat egutegi elektoralak ezarriko dizkigun zailtasunen gainetik saiakera serio bat egiteko, edukiak mahaigaineratzeko eta, posible den neurrian, jarrerak hurbiltzeko. Ibilbide orri bat landu behar da bi aferei dagokionez, adostasunez. Eta ariketa horiek baliagarriak izateko, behar-beharrezkoa da aurrebaldintzarik gabeko abiapuntu batetik hastea. Gu ez gara joango, adibidez, bake ponentzian EAJri esatera zer esan behar duen, zeri egin behar dion errefusa edo zer bultzatu behar duen. Baina, mesedez, egin dezatela gauza berbera haiek gurekin. Aurreiritzirik gabeko ariketa bat egin nahi badugu, gauza positiboak atera daitezke. Haiek badatoz beren errelatoa ezker abertzaleari irentsaraztera, aurrebaldintzak ezarriz, alferrik izango da.

Are gehiago, esango nuke Auzitegi Nazionalean lortutako akordioan badagoela irakaspen bat. Testu hartan ez da inolaz ere eskatzen iraganean gertatutakoaren inongo judizio baloratiborik egitea. Azken finean, planteatzen duena da etorkizunari begira baliagarria izan daitekeen konponbide bat martxan jartzea. Etorkizunerako konpromisoa da eskatzen dena, eta ez iraganari buruzko judizio baloratiboa. Ezker abertzaleari etorkizunerako konpromisoak eskatzen dizkionak ezker abertzalearen begirunea eta disposizioa jasoko ditu. EAJren jarreran, ordea, kontrako posizioa ikusi dugu orain arte. Esaten digute etengabe: onar ezazue guk honetaz egiten dugun irakurketa aurrebaldintza gisa, gero etorkizunaz aukera posibleak aztertu ditzagun. Eta nik uste dut Auzitegi Nazionaleko eskemak horri buelta ematen diola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.