'Bateragune auzia'. Espainiako Auzitegi Gorenaren erabakia

Harrituta, argudioen zain

BERRIAk kontsultatutako juristek jakin nahi dute Gorenak nola justifikatuko duen erabakia. Ohartarazi dute beste epaiketa bat eginez gero balitekeela zigorrak handiagoak izatea

Manuel Marchena magistratua da Espainiako Auzitegi Goreneko bigarren aretoko presidentea. ANGEL DIAZ / EFE.
Igor Susaeta.
2020ko abenduaren 15a
00:00
Entzun

Bateragune auziko bost auzipetuak berriro epaituko dituztela-eta, Espainiako Auzitegi Gorenak atzo plazaratutako erabakia baloratzeko BERRIAk kontsultatutako hiru juristak harrituta daude. Zalantzan jarri dute, gainera, bigarren aretoko magistratuek Giza Eskubideen Europako Hitzarmeneko zazpigarren protokoloko 4.2 artikuluaz egindako interpretazioa.

Irakurri gehiago:11 urteren ondotik, hutsetik

GARBIÑE BIURRUN EAEko Auzitegi Nagusiko behin-behineko presidentea
«Bitxia da akusazioa izatea epaiketa errepikatu nahi duena»

Xehetasunetan sartu aurretik, Garbiñe Biurrunek (Tolosa, Gipuzkoa, 1960) zehaztu du gaia «oso konplikatua» dela, eta Auzitegi Gorenak auziari buruz hartutako erabakiaren ebazpena falta dela. Halere, ez zaio «hain bitxia» iruditu epaiketa errepikatu behar izatea. «Behin baino gehiagotan errepikatu dira epaiketak. Aurrekari asko daude».

Giza Eskubideen Europako Hitzarmeneko zazpigarren protokoloko 4.2 artikuluak dioenari heldu dio EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko behin-behineko presidenteak: «Oso argia da protokoloa;esaten du ezin dela pertsona bat bi aldiz epaitu. Salbuespen bat egiten du: funtsezko akats bat gertatzea aurreko prozesuan». Eta, Biurrunentzat, gertatu zen. «Ez dut zalantzarik: giza eskubideen urraketa bat eman zen». Hain zuzen, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ebatzi zuen epaiketa ez zela «inpartziala» izan. «Halako kasuetan, zigortua iristen da bukaeraraino. Baina bitxia da akusazioa izatea epaiketa errepikatu nahi duena. Inpartzialtasunik ezagatik epai bat bertan behera utzi badute, nork edukiko luke errepikatzeko interesa? [Arnaldo] Otegik eta besteek». Baina, «paradoxikoki», kontrakoa gertatu da. «Hor dago nire zalantza juridikoa. Ez dut ulertzen. Ez dakigu Gorenak nola erantzungo dion horri».Eta galdera bat planteatu du: «Akats hori zuzendu behar da. Noren mesedetan, printzipioz? Otegiren-eta mesedetan».

Biurrunek ohartarazi du beste epaiketa batean Espainiako Auzitegi Nazionalak ezarri eta Gorenak berretsi zituenak baino handiagoak izan litezkeela zigorrak. «Ezin dira aldatu, esaterako, akusazio idazkiak. Ahozko epaiketaren aurreko egoerara bueltatuko litzateke auzia. Baina epaia aldatu daiteke». Eta, horrekin, zigorrak. Gogoratu du, esaterako, duela hilabete batzuk Espainian gertatutako kasu bat. Zinpeko epaimahai batek bost urteko kartzela zigorra ezarri zion beste gizon bat hiltzeaz akusaturiko gizon bati. Baina epaimahai horren epaiak «motibazio falta» eduki zuela ebatzi zuen Aragoiko Justizia Auzitegi Nagusiak. Hortaz, berriro egin zuten epaiketa, eta 20 urteko kartzela ezarri zioten gizonezko hari.

JUANJO ALVAREZ Nazioarteko Zuzenbide Pribatuko katedraduna
«Irakurketa da tranpa, bekatua, egin duenak etekina atera duela»

Gorenaren erabakiaren berri eduki zuenean, Juanjo Alvarez (Zumaia, Gipuzkoa, 1964) «harrituta» gelditu zen, baita «haserre» ere. Nazioarteko Zuzenbide Pribatuko katedradunak gogoratu du Giza Eskubideen Europako Hitzarmenak zehazten duela pertsona bat ezin dela gertakari beragatik bi aldiz penalki epaitua izan. «Ez dakit Gorenean ahaztu egin duten, edo argudioetan ez duten aipatuko, baina protokoloko printzipio hori zabalago jasotzen du EB Europako Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunaren 50. artikuluak». 2000. urtekoa da, eta Alvarezek azaldu du. «Esaten du gertakari batzuen harira pertsona bat epai irmoarekin absolbitua edo zigortua izanez gero Europako Batasunean eskubidea dagoela gertakari beragatik bi aldiz penalki epaitua edo zigortua ez izateko. Eta hau da kasua». Areago joan da Alvarez: «[Espainiako] Konstituzioaren 10. artikuluaren arabera, oinarrizko eskubideak interpretatu behar dira Espainia parte den nazioarteko hitzarmenen irizpideak aintzat hartuta».

4.2 artikuluaren arabera, «aurreko prozesuan funtsezko akats bat» egotea nahikoa motibo izan daiteke epaiketa bat errepikatzeko. Eta Gorenak atzo kaleratutakoaren arabera, argudio horri helduko dio, hain zuzen. «Funtsezko akats bat babesgabetasuna, akats bat frogen apreziazioan... Baina funtsezko akats bat ezin da izan hitzarmenaren beraren urraketa, orduan estatuak etekina ateratzen baitu hitzarmenaren urraketatik, reset egin eta esateko: 'orain atzera egingo dut, ez baita ondo atera'».

Alvarezen ustez, Gorena «iseka» egiten ari zaio Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren «zentzuari». «Ez da posible jarrera prebarikatzaile bat izatea, hain zuzen funtsezko akats hori justifikatuko duena. Hori gertatu da: 'zu kontziente izan zara partzialtasunaz, eta aurrera jarraitu duzu'». Hitzarmena modu horretan interpretatzea, Alvarezen aburuz, hitzarmenaren ur marrari «torpedo bat» jaurtitzea litzateke.

«Sistema garantistaren bumeran gaizto baten modukoa da», nabarmendu du. «Esaten dutenean aurrekariak badaudela... Aztertu egin nahi ditut. Iritsi dira Espainiaren aurkako lauzpabost sententzia epaiketa inpartzialengatik, eta inoiz ez da mekanismo hau erabili. Interpretazio hori ez dut inoiz ikusi». Oroitu du, bide batez, 2015ean Botere Judizialaren Lege Organikoan egindako moldaketa batean argitu zutela nola betearazi behar diren Giza Eskubideen Europako Auzitegiko epaiak Espainian: berrikuspen helegite baten bidez.

«Irakurketa da tranpa, bekatua, egiten duenak etekina ateratzen duela», laburbildu du. Goreneko bigarren aretoko epaileen argudioen zain dago: «Imajina dezagun Goreneko magistratuek esaten dutela funtsezko akatsa dela inpartzialtasuna, epaimahai ez-partzial batek eman zuela sententzia. Irakurketa hori justifikatuko duten sententziak erakutsi beharko dizkigute. Izugarria da... Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak ez zuen irakurketa hori egin. Deigarria da...».

JOSE ANTONIO MARTIN PALLIN Auzitegi Goreneko fiskal eta magistratu ohia
«Ez dakit nola justifikatuko duten, ezin dut ulertu»

«Oso arraroa da, oso adierazgarria, eta haiek [Goreneko epaileek] badakite ondorio politiko eztabaidaezinak dituela. Ez zetorren harira», nabarmendu du Jose Antonio Martin Pallin (Coruña, Galizia, 1936) Goreneko fiskal eta magistratu ohiak. «Ez dakit nola justifikatuko duten; ezin dut ulertu». Ohartarazi du, bide batez, epaiketak «hiru magistratu berri» edukiko dituela, eta, «teorikoki», zigorrak alda daitezkeela.

Martin Pallinen iritziz, Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren protokoloaren interpretazio «oso bihurria» egin dute. «Gainera, Gorenean dagoen jurisprudentzia kontraesanezkoa da». Espainiako Konstituzioari heldu dio Gorenak egin duen interpretazio hori azaltzeko. «9. artikuluak esaten du modu murriztailean interpretatu behar direla eskubideen murrizketa dakarten arauak». Martin Pallinentzat, «modu estentsiboan» interpretatu dira; baita «okerreko zentzu prozesala» erabiliz ere, «protokoloa prozesuaz mintzo baita, ez sententziaz». Martin Pallin: «Sententziari eragin zion akats bakarra Murillok [Otegirekin] galdutako inpartzialtasuna izan zen». Estrasburgok horregatik ebatzi zuen epaia ez zela inpartziala izan.

Erabakiak aurrekari bat jar dezake Estrasburgoko sententziak Espainian betearazteko moduan. Kataluniako prozesu subiranistaren harira egindako epaiketaren ondoren, auzia Estrasburgon bukatzekoa da. Horri ere eragingo ote dion galdetuta, Martin Pallinek ez du baztertzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.