Hiruretako inor ez zen izan Arantzazun. Eskolan hasi berria zen Miriam Urkia, 3 urte baitzituen; Irene Arraratsek, gutxiago, urtebete; eta Andoni Sagarna Martuteneko kartzelan zegoen, Gipuzkoan salbuespen egoera ezarri baitzuten, eta dozenaka lagun espetxeratu —«oraindik ez dakit zergatik sartu ninduten»—. Hiruretako inor ez zen Arantzazun izan 1968an, baina gertu-gertutik ezagutu dute euskara batuak urteotan egindako bidea. Hiztegiaren arloan dabiltza Euskaltzaindian. Akademiaren Donostiako egoitzan bildu ditu BERRIAk.
Hizkuntzaren beraren ikuspegitik, egina dago euskara batuaren armazoia, egitura nagusia?
IRENE ARRARATS. Bai: aldamioa jarria dago, eta aldamioa baino gehiago ere bai. Alderdi teknikoa ia bukatua dago. Ia bukatua, erabilera normalizatu gabe daukan hizkuntza bat den aldetik. Filologoek egin dezaketen gehiena egina dago. Baina gero kazetariei ateratzen zaie devolución en caliente, eta pentsatu egin behar da nola jarri. Eta, pentsatuta ere, askotan ez dakizu nola jarri. Espainolez edo frantsesez ari den kazetariari ez zaio hori gertatzen.
ANDONI SAGARNA. Duda daukat ez zaiola gertatzen. Gauza modernoak ateratzen diren neurrian...
I.A. Guri baino dezente gutxiago gertatzen zaie. Euskara batua egina dago, baina badaude baina batzuk.
A.S. Arkitektura badago, eta BERRIAn egunero egiten duzue proba. Euskaldun txukuna bazara, arretatsua, saiatu bazara ikasten, ez duzu inolako arazorik izango esan beharrekoa esateko. Noski, ez bazara saiatu, zabarra bazara, problemak izango dituzu. Berdin gertatzen da beste hizkuntzetan.
MIRIAM URKIA. Beharbada, guri gehiago gertatzen zaigu barneratuta daukagula esfortzu hori egin beharra. Saiatua denak esfortzu bikoitza egin behar du batzuetan. Espainolez ari denak ere, txukun funtzionatu nahi duenean, txipa aldatzen du, eta saiatzen da.
I.A. Baina guk beti lan doblea egin behar dugu. Kazetaria bazara, erdaratik itzuli behar duzu periodiko erdia: elkarrizketatuak ez dakielako euskaraz, erdaraz daukazulako informazio gehiena... Euskalduna izateak ahalegin berezi bat eskatzen dio jende arruntari.
A.S. Nik ikasketak erdaraz egin nituen, hasi eta buka. Euskaraz ikasi dudana neure kabuz ikasi dut. Ez da berdin zein hizkuntzatan egin dituzun ikasketak, eta zein den hizkuntza horren egoera: oso egina dagoen, jende askok erabiltzen duen eta egunero ekoizpen handia duen... Baina, bai, arkitektura egina dago.
Arkitektura egina badago, araugintzari dagokionez zer etorriko da datozen urteetan? Eta, beraz, zertan geratuko da Euskaltzaindiaren funtzio hori?
M.U. Ez dakit arau emailetza bukatuta dagoen. Euskaltzaindiak aurrerapauso handiak eman ditu urteotan: hiztegi orokorra oso bideratua dauka, onomastikan eta halakoetan ibili da, baina, adibidez, gramatika kontuetan, lan deskriptibo ugari egin ditu, baina ez dago araugintza garbi bat. Neurri handian, Euskara Batuaren Eskuliburuak konponduko du hori. Baina ez dago bukatua: badago lana araugintza aldetik. Eta Euskaltzaindiak lan handia edukiko du Jagon sailetik: sustapena, erabilera...
A.S. Beste iritzi bat emango dut. Zeharo harrituta utzi ninduten Finlandian. Galdetu nien araugintzaz, eta esan zidaten: «Gu ez gara arau zaleak». Eta nola egiten dute? «Konplizitatea bilatuz: hedabideekin, kazetariekin, irakasleekin, itzultzaileekin... Harreman ugari izanez eta aholku emanez». Arauek gauza bat daukate: EGA atera nahi duenak ikasiko du, pasatuko du azterketa, ahaztuko zaizkio arauak, eta bukatu da. Gauzek horrela funtzionatzen dute. Ez dut uste arau gehiago argitaratuta konpontzen direnik gauzak. Nahi nuke Fundeu Fundacion del Español Urgente gisako bat: hamar bat lagun etengabe ari direnak erantzuten jendearen zalantzak. Arau gehiago baino gehiago, hori behar genuke.
M.U. Dudarik gabe, baina Euskaltzaindiak zerbaitetan asmatu badu, araugintza kanpoko jendearekin ere egiten asmatu du. Alde horretatik, Euskaltzaindiak konplizitatea lantzen du. Ez dakit Irene zenbat batzorde eta lantaldetan dagoen; BERRIArekin lan egiten du Euskaltzaindiak, egunero-eguneroko erabiltzailea hura delako, eta beste eragile batzuk.
I.A. Dena behar da. Oraindik ere badago esparru bat arautzeko. Jo dezagun historia liburu bat idatzi behar duzula DBHrako. Horretan dabilenak, nahiz eta oso profesional ona izan, edukiko ditu duda batzuk arautu gabeak, eta berak egin beharko ditu aukera batzuk. Ona da horren ondotik araua etortzea. Kontua da oso gutxi garela, eta ez daukagula masa bat produzitzen eta produzitzen ari dena, gero Euskaltzaindiak esan dezan: «Hau jada arautua dago, erabilerak hala agintzen duelako».
A.S. Iristen ari gara horretara. Jendeak askotan esaten du: «Euskaltzaindia beti gauzak aldatzen ari da!». Ez da hala. Baina zergatik esaten du jendeak hori? Ikasi du zerbait, eta Euskaltzaindiak dioena ez datorrenean horrekin bat, uste du aldatu egin dela araua. Ez. Kontua da orain corpusak dauzkagula arauak egiteko, baina lehen, ez. Zer tresna zeukaten? Irakurrita zeukatena, literatura eta abar, eta ondorioak ateratzen zituzten hortik. Baina benetako informazioa daukazunean, uste zen hori batzuetan ez da horrela. Euskaltzaindiak aldatu du norbaitek borondaterik onenarekin eta asko jakinda proposatu zuen hura, baina ez Euskaltzaindiak berak esandakoa.
I.A. Arauak oso fama txarra dauka, baina araua betetzea norberaren erabakia da. Hizkuntzaren logika da araua. Gero, norberak, komeni zaionaren arabera, bete beharko luke, edo ez.
A.S. Janzkerarekin bezala.
I.A. Literaturan, hitz jokoak eta gauza berriak egiteko, arautik apartatzeko, araua behar duzu. Esaten da: «Zenbat gauza arautzen dituen Euskaltzaindiak!». Begiratu, faborez, zer daukan arautua Espainiako akademiak, edo ingelesez ikastean zer ematen den kanonikotzat: akademiarik ez du izango, baina gauzak ondo araututa dauzkate.
M.U. Jendea kexatu egiten da arauekin, baina begira: Hiztegi Batutik Euskaltzaindiaren Hiztegira pasatzean, hobe marka zeukatenak kentzean, zalaparta ederra sortu zen. «Guk nahi dugu Euskaltzaindiak esatea zer eta nola egin behar dugun». Euskaltzaindiak hartu du bide hori, araua lasaitzen-edo saiatu da, eta jendea kexatu egin da.
Arauek estutua, «artifiziala», «plastikozkoa»... Aurreiritzi asko euskara batuaren bueltan.
A.S. Euskara batua gauza abstraktu bat da, gero gauzatu egiten dena. Batzuek diote plastikozko euskara dela, adierazkortasunik gabea. Kontuz: euskara batua izate abstraktu bat da, eta adierazkortasunik ez daukana hizketan edo idazten ari den hori da. Batzuk, besterik gabe, ez dira komunikatzaile onak; beste batzuek ez daukate gaitasunik zenbait arlotan hitz egiteko. Hizkuntza sistema, arkitektura hor dago; kontua da arkitektura horrekin zer egiten duzun.
I.A. Eta hitz egitea eta idaztea bi gauza dira. Badago fenomeno bat niretzat nahiko kezkagarria dena. Hau ez da batere popularra baina... Euskaldun zahar askok ez dute ahalegin handirik egin beren burua janzteko.
A.S. Analfabetoak dira.
I.A. Eta horietako batzuk ari dira esaten euskara batua ez dela naturala, plastikozkoa dela, eta ez dakit zer. Ez zaie burutik pasatzen gauza bera esatea gaztelaniari edo frantsesari buruz. Hartzen dute periodikoa, eta ez dute esaten: «Hemen erabiltzen duten gaztelania ez da nik etxean erabiltzen dudana». Baina euskarari hori eskatzen diote, eta hor tranpa handi bat egiten da. Euskara batuak eduki behar ditu erregistro eta kolore asko. Konturatu behar dugu euskaldun aktiboa izan gabe ia ezin zarela euskalduna izan, non eta euskalduna izatea ez den etxean zure semetxoa txikia denean hari euskaraz hitz egitea.
A.S. Euskara batua Lego modukoa da. Batek egingo du Askatasunaren Estatua, beste batek automobil bat...
Sumatzen duzue kezkarik euskara batuari buruzko aurreiritzi horiek direla eta?
A.S. Ez dakit jende gehienak kezka handirik duen.
I.A. Nik badut, eta handia: momentu honetan, arre edo so egin behar da. Irakaskuntza sistema ez da gai hemendik hogei urtera Euskal Herria euskalduna izan dadin. Ez du prestatzen horretarako. Ikasgelatik atera, eta kalean erdaraz ari dira. Euskara batuaren kontrako aurreiritzi horiek lagundu egiten dute jendeak esan dezan hori ikastolako koine bat dela, baina ez dela komunikazio hizkuntza erabatekoa, egoera guztietarako balio duena. Horrekin badaukat kezka. Behar zen pedagogia ez da egin. Jakingo bazenute zer gauza aditzen ditudan... «Hori gauza berria izango da, ezta?», «Kotxe zergatik ez?»... Ikuspegi nazionala ere galtzen ari gara. Hitz bat baldin badaukagu denona, auto edo automobil, Iparraldean eta Hegoaldean erabiltzen dena, kritikatu egin behar dugu erregistro batzuetan —BERRIAn, adibidez— hori erabiltzea?
A.S. Badago beste kontu bat euskararena bakarrik ez dena: ez dakit ez ote dagoen hizkuntza ondo erabiltzeko ahalegin falta bat. Gaztelaniaz ere bai. Badirudi kontua dela: «Ulertzen bada, zein da arazoa?».
Hizkuntza ondo ez erabiltzeari dagokionez, erabilera okerrak ari dira zabaltzen: burutu esan egin esan ordez, edo lekutu...
A.S. Bat hasten da erabiltzen inoiz erabili gabeko hitzak, bere ustez gauza bat esan nahi dutenak, begiratu ere egin gabe zer esan nahi duten... Bistan da burutu-k bukatu esan nahi duela; lekutu-k, joan, eta ez kokatu. Forma ikasi dute, barra-barra erabiltzen dute, baina ez diote begiratu ere egin zer esan nahi duen. Badirudi, gainera, hitz exotikoa bada gehiago gustatzen zaiola jendeari. Iparraldekoa bada, zer esanik ez.
M.U. Kirolean, sentsazio onak izan oso normala da. Hori da oso moloia orain. Oso ondo geratzen den gauza bat, inolako gogoetarik egin gabe. Guay-a iruditzen zaiguna hartzen dugu, gogoeta minimorik egin gabe.
A.S. Modak sortzen dira.
I.A. Ez naiz gogoratzen norena zen, baina behin irakurri nuen gaztelaniazko artikulu batean, fenomeno hori deskribatzeko: tecnocultiparlancia. Jendeak, mikrofono bat aurrean jartzean, pentsatzen du ezin duela lasai hitz egin, bere euskara ez dela nahiko dotorea, eta egin beharrean burutu esaten du, eta luzatu... Aditu duen zerbait, igual ez daki zer esan nahi duen, baina hori bota.
A.S. Hain dotorea da... Eta oraindik ez gara hasi beste moda batekin: espainolezko testuetan, %30 ingelesezko hitzak dira, espainolez esan litezkeenak.
I.A. Hizkera espezializatuan, hor badauka euskara batuak landu gabeko arlo bat. Modari buruzko gehigarri komertzialak egitean, adibidez, horiek izerdiak! Baina, egindako galderari erantzunez, bai: jendeak pentsatzen du batuan hitz egitea arraro hitz egitea dela. Hots egin diot esaten baduzu, batuan idazten hastean deia luzatu diot jarri.
M.U. Konplexu kontua ere handia da. Ni bizkaieraduna naiz, eta Donostiara ikastera etorri nintzenean, barre egiten zidaten fakultatean, gauza batzuk «arraro» esaten nituelako. Orduan, saiatu behar zenuen beste modu batera esaten. Diferente hitz egin behar zenuen. Bagenuen eskolan mutil bat armosatu esaten zuena, eta izengoiti horrekin geratu zen...
I.A. Eta orain ez da aldrebes gertatzen ari? Ez dakit zer puntatako txoko txiki batean bakarrik esaten den hitza, eta kontuz: «Nik horrela esaten dut».
M.U. Hori egiten du erakutsi nahi duenak gehiago dakiela. Besteak konplexua dauka, eta, nabarmen ez geratzeko, beste hitz batzuk erabiltzen ditu. Aretxabaletako batentzat burutu erabiltzea ona zen ondo geratzeko.
Kontrako joera sumatzen duzue, euskalkiekin lotuta?
I.A. Bai. Eta euskalkitzat pasatzen diren testu asko nahas-mahasa dira, ez euskalkia; bakoitzak ahal duena, botatzen duena, fonetismo guztiekin. Nahasketa ikaragarria.
Batuaren eta euskalkien artean sortzen diren sestra horien arrastoak dira?
A.S. Batua batez ere maila formal xamarrean erabiltzen da. Adibidez, Whatsappen idaztean barregarritzat hartzen da letra guztiak jartzea. Badirudi formalegia dela.
M.U. Hori utzikeria maila bat da, lagunartekoa. Baina beste euskalki bateko formak sartzea ez duzu Whatsappez egiten.
I.A. Niri ere oso ondo iruditzen zait horrela aritzea Whatsappen, baina gero ez esan horrela egiten duzula euskalkian ari zarelako. Hor dago deskuidua. Nahi duzuna jarri Whatsappen, baina pentsaera horretan oinarrituta gero esaten baduzu euskarazko liburuak leitzea zaila dela... Diskurtso hori zer da? Fisika euskaraz ezin dela esplikatu zioen diskurtso bera. Euskaldun batzuk ari dira hori esaten. Erregistroak bereizi behar dira.
M.U. Baionan egin genuen jardunaldian, Itxaro Bordak zera kontatu zuen: Hegoaldeko jendeak esan dio mesedez euskara batuan idazteko, liburuak ez direla ulertzen. Nola da posible? Idazle bati esan behar diozu «idatzi euskara batuan ez dudalako zure liburua ulertzen»?
A.S. Batzuek pentsatzen dute berena dela normala; besteena, ez...
I.A. Batuaren potentzialitate bat da —oraindik mamitu gabea—euskaldunok gaitasuna izatea erregistroak bereizteko. Bestetik, lortu beharko genuke Koldo Zuazok aipatutako «tokiko batua» izatea: denok geurean oinarritutako batuan egitea, hala komeni denean —eta, badaezpada, argi utziko dugu: ez da beti batuan egin behar—. Denok gai izatea besteen batua gutxienez ulertzeko: besteen batua ulertzen badugu, gainera, errazago izango zaigu besteen euskalkia ulertzea ere.
A.S. Eta solasaldi hau euskara batuan ari gara egiten?
Horixe zen hurrengo galdera: batua eta ahozkoa.
I.A. Horrekin lasaitu egin behar dugu. Irrati esatariak edo albistegia aurkezten duenak, ados, egin beharko ditu dut eta halakoak. Baina Miriami elkarrizketa bat egingo baliote Euskadi Irratian, gaizki legoke dot esango balu? Niretzat hori da normalena. Argentinar bati Espainian eskatuko litzaioke elkarrizketa bat egin eta vos ez esatea? Faborez! Badira politikariak bizkaiera formalean egiten dutenak; niretzat, guztiz ondo dago.
A.S. Erregistroekin topo egiten dugu berriro. Zertaz ari gara? Lehendakaria legebiltzarrean, irakaslea unibertsitatean eskola ematen, irakaslea tutoretza batean... Ahozkoa eta idatzizkoa oso hurbil egoten dira erregistroan zenbat eta gorago; zenbat eta lagun artekoagoa, diferenteagoak dira ahozkoa eta idatzizkoa. Suitzan, adibidez, irakasleak aleman estandarra erabiltzen du —kantoi horietan, noski—, baina korridorean ikasleekin hizketan hastean ez du hala egiten. Hizkuntzaren heldutasunaren seinale da.
I.A. Bereizketa horiek geurez pentsatu gabe ateratzen zaizkigunean, euskara normalizatua egongo da. Batua barne.
Ahozkoa gehiago arautzea bideragarri ikusten duzue?
M.U. Idatziak batzuetan halako ezinegona sortzen badu, ez dut pentsatu ere egin nahi ahozkoarekin zer gertatuko litzatekeen. Tematzen bagara batu perfektua egiten, orduan bai izango dela ortopedikoa, plastikozkoa. Baina egia da kazetari batek, telebistan ari denean, egin behar duela euskara batuan, betiere bere ukitua emanda.
A.S. Segun zer programatan.
M.U. Bai, Gure kasa-n ez dute hala egingo.
I.A. Ilaski Serranok ondo egiten du, eta bere gauzak ateratzen zaizkio. Niri ez dit trabarik egiten.
A.S. Ahozkoarekin lotuta, beste gai bat: euskarazko programetan, batez ere gazte itxura egin nahi denean, hizkera edo tonu oso inozoa sumatzen dut.
I.A. Yeismoa ere hor dago...
A.S. Uu... Gudu galdua.
I.A. Zuk uste? Telebistan eta irratian batzuk hasiak dira lan-gi-le ahoskatzen, ll ezin dutelako ahoskatu. Aurreko batean, idatziz maia ikusi nuen; ez badituzu ahoz maia eta maila bereizten... Yeismoa idatzira ere iritsi da.
M.U. Ahozkoan espainolizazioak kezkatzen nau: sintaxia erabat espainolizatzen ari da, eta espresioak ere hortik hartzen dituzte.
A.S. Asmatuak ere bai batzuk: orain dena da «zer ba?».
I.A. Aldatzen den bitartean ondo xamar goaz: aldatzen ez diren hizkuntza bakarrak hilak dira. Baina, bai, ados: etengabe dena bada aldameneko hizkuntza bati kopiatzea, ez bazara gai zeurean ezer sortzeko, seinale txarra.
A.S. Hedabideek eragin handia daukate horretan: horrek sortzen du eredua.
M.U. Gaztetxoak eta ez hain gaztetxoak entzuten ditut autobusean: «Si porque esan nion que joango garela»...
I.A. Bai, eta gero pertsona horrek berak esango dizu zeren ez dela euskara, bere aitonak ez zuela inoiz esan.
Beste hitz batzuk asko zabaltzen ari dira, nahiz eta Euskaltzaindiak oraindik ez dituen onartu: sukaldatu, esate baterako. Erabilera zabalduz gero, onartu egin beharko ditu?
M.U. Erabiltzen bada...
A.S. Espainolez almóndiga onartu dute; crocreta oraindik ez. Gauza horiek gertatzen dira.
M.U. Euskaltzaindiak datuak biltzen ditu, erabilera. Erabiltzen bada, sartu beharko da.
A.S. Erabilera haztatuari begiratzen zaio.
M.U. Zorionez, oraingoz irizpideei eusten diegu: irizpideen arabera beti blokea dezakezu nolabait, ez badago ondo sortua. Erabiltzen bada ere, gure lana izango da kozinatu adierara bidaltzea. Baina ez dakit zenbat iraungo duen: oraingoz atzera bota da sukaldatu, baina egunen batean igual lekua egin beharko zaio.
A.S. Erabilerak agintzen du, baina ez edozein erabilerak: noiztik, zenbat, nork, zertan... Hori dena begiratzen da.
Euskara Batuaren Eskuliburua aurkeztuko duzue Arantzazun. Zergatik behar da eskuliburua?
I.A. Aipatu dugu Euskaltzaindiak fama daukala gauza asko aldatzen ote dituen. Baina oso gauza gutxi aldatu ditu. Egia da, hala ere, duda bat izanez gero ez zela erraza jakitea arauak non begiratu behar diren. Sakabanatuta zeuden. Ordenatu egin da orain, eta modu eroso eta ulergarrian aurkeztu: hizkuntzalaria izan gabe ere ulertzeko moduan.
M.U. Euskaltzaindiak 190 arau dauzka: 190 PDF. Jakin nahi baduzu urtea nola idatzi behar den, sekulako testu luzea irakurri behar duzu, bukaeran araua zein den ikusteko; eskuliburuak garbi adieraziko du nola idatzi urtea. Informazio gehiago nahi duenarentzat egongo da arauaren azalpena.
Euskaltzaindiak berak sumatu du araugintzaren komunikazioan hutsune bat egon dela?
M.U. Dudarik gabe.
I.A. Araugintza poliki-poliki egin da urteetan. Orain dena batera egongo da.
50 urteko bidea eginda, zer eginkizun ikusten duzu datozen urteetarako, Andoni?
A.S. Sare sozialak sekulako tresna dira, nahiz eta oraingo erabilerarekin ez nagoen eroso. Erabilera finkatuko balitz, gizartearekin komunikatzeko bide on bat egon daiteke hor. Euskaltzaindiak zergatik ez du lan egin behar homologazio agentzia moduan? Adibidez: BERRIAk esaten badigu nahiko lan badaukala egunerokoarekin, zergatik Euskaltzaindiak ez egin ebaluazio etengabe bat BERRIAren jardunari buruz, eta noizean behin jarraibideak eman kalitatea hobetzeko? Hori posible da? Komeni da?
I.A. Ez dakit ez ote lukeen ekarriko bikaintasun ziurtagirien zera hori...
A.S. Ezkutuan egingo nuke, ez kukurrukuka. Harremana izan eragileekin, eta elkarlanean aritu.
M.U. Bai, zeren Euskaltzaindiak ez daki benetan zein diren BERRIAren eguneroko problemak.
Zuk, Miriam, zer ikusten duzu eginkizun?
M.U. Erabilera. Eta hori ez dakit Euskaltzaindiaren esku dagoen, edo, gainera, lan hori badagokion. Kalitatea zaintzen egin behar du indar gehiago Euskaltzaindiak.
Eta zuk zer ikusten duzu egiteko, Irene?
I.A. Corpusa eta estatusa bata bestearen isla izaten dira. Bakoitza dagoen tokian dagoela, instituzioan edo etxean, jendearen euskaltasun aktibo bat behar da: geure burua janzteko anbizioa. Euskaltasun aktibo hori gabe... Euskaltzaindiak egingo du munduko webgunerik onena, BERRIAk egingo du periodikorik txukunena, eta alferrik izango da. Jendeak erabaki behar du benetan euskaldun oso izan nahi duen edo ez. Euskaldun osoen masa nahikoa lortzen ez badugu, koplak dira gainerakoak.
A.S. Hizkuntzarekiko estimua gehiago landu behar da, eskoletatik hasita.
I.A. Instituzioek bitartekoak jarri behar dituzte: ETBn ez badaukazu telesail bat bera ere, nola izango zara euskaraz telesailak ikusi zalea? Telesail bat ematen badute hiru urtean behin, ezin da jendea ohitu; arraroa egiten da.
M.U. ETBk eduki duen arrakasta handienetako bat Goenkale izan da. Egunero ematen zuten, eta jendeak ikusi egiten zuen. Orain halako ezer ez daukagu.
I.A. Jendeari aukera eman behar zaio euskaldun oso izan dadin. Erdaraz konturatu gabe ikasten ditugu gauzak.
Euskara batuak 50 urte. Mahai ingurua
Harria lantzen
Hurbil-hurbiletik ezagutu dute euskara batuak urteotan egindako ibilbidea. Hiztegiaren alorrean ari dira hirurak: Arrarats, Sagarna eta Urkia. Ohartarazi dute aurreiritzi oker asko dabilela euskara batuari buruz, eta pedagogia egin behar dela. Horretarako pauso bat aurkeztuko dute ostiralean Arantzazun: Euskara Batuaren Eskuliburua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu