Harri Beltza elkarteak sexu bidez transmitituriko infekzioen igoeraz ohartarazi du

Gazteek herriko jaietan izan ditzaketen harremanen harira, GIBaren inguruan diharduen elkarteak adierazi du udan ere «garrantzitsua» dela gaiaz hitz egitea.

Joseba Errekalde, Alaia Belaunzaran eta Elias Arizmendi Harri Beltza elkarteak egindako prentsarrekoan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Sara Iriarte Lasa
2023ko uztailaren 28a
18:03
Entzun

Harri Beltza hiesaren aurkako elkarteak hiesaren eta sexu transmisiozko infekzioen inguruko 2022ko datuak eman ditu aurkeztu berri duen 27. udako kanpainan. Jakinarazi dutenez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan GIBaren transmisioak ez du gorakada handirik izan. GIBaz 127 lagun infektatu ziren iaz. Pandemiaren aurreko urteetan 150 kasu inguru atzematen zituzten urtero. Pandemiako lehenengo urtean, berriz, konfinamenduaren ondorioz, 105era jaitsi zen infektatuen kopurua. Datu horiek ikusita, Elias Arizmendi Harri Beltzako kideak adierazi du egoera «pixka bat» hobetu dela. Igoera sumatu dute, ordea, sexu bidezko beste transmisio batzuetan: «Horiek gora egin dute oso nabarmen. Infekzio gonokozikoekin, 2021ean 797 lagun infektatu ziren. 2022an, berriz, 983 lagun. Ia mila pertsona infektatu ziren gonokozikoekin 2022an». Harri Beltzako kideek iritzi dute gai horiek gizarteak «presente» eduki behar duela. Hori aintzat hartuta, bi hipotesi dituztela adierazi dute: «Preserbatiboa ez da erabiltzen guk nahiko genukeen adina, edo ez da erabiltzen behar bezala».

Infektatuen adinari dagokionez, ohartarazi dute batez besteko adina 38 urtekoa dela. Bestalde, gaineratu dute gizonezkoak direla GIBarekin infektatu diren gehienak: «127 infektatuetatik 98 gizonezkoak dira».

«Diagnostiko berantiarra» da elkartea kezkatzen duen beste puntu bat: «Infektatua proba egitera joaten denerako eta konturatzen denerako GIBa duela, birusa nahiko aurreratua du». Arizmendiren arabera, horrek bi ondorio ditu: bata, pertsonari eragin diezaiokeen kaltea; eta, bestea, gizartean izan dezakeen eragina: «Pertsona horiek denbora tarte bat pasatu dute GIBdunak direla jakin gabe, eta ez dakigu zein prebentzio neurri hartu duten. Beraz, neurririk hartu ezean, garrantzitsua da lehenbailehen proba egitea».

Harri Beltzak egindako udako 27. kanpainaren harira, Arizmendik nabarmendu du Hiesaren Nazioarteko Egunean hitz egiten dela gehienbat gaitz horri buruz, abenduaren 1ean, alegia. Gazteek herriko jaietan eduki ditzaketen harremanak kontuan izanik, elkartearen ustez, «garrantzitsua» da udan ere gaiaz hitz egitea.

Estigmaren zama

Joseba Errekalde Harri Beltza elkarteko zuzendariak salatu duenez, GIBak beti izan du «izugarrizko» estigma. Hala ere, uste du sexu bidezko infekzio guztiek dutela oro har estigma hori. Gai tabu horrek berekin dakarren pisuaren ondorioez ere hitz egin du: «Horrek guztiak izugarrizko kaltea egiten dio osasun publikoari; izan ere, azken finean, ez dugu erantzuten erreakzionatu behar dugunean; harremana izan dugun pertsona horiekin ez dugu hitz egiten. Hau guztia kate bat da, eta beti izango da kate bat».

Egoeraren aurrean, nabarmendu du «katea» ez dela sekula etengo ikasgeletan ez bada «sexu heziketa integral» bat garatzen: «Gure heziketa ereduaren barruan planteatu behar dugu sexua eta gure harremanak izateko modua ez dela ikasgela batean urtean behin esplikatu dezakegun zerbait. Gure heziketa prozesuan irakatsi behar dugun zerbait izan beharko luke: nola izan harremanak aske eta seguru, menpekotasunik gabe».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.