Harresiak«egonkortzea» xede

Eskubide zibil eta politikoen aldeko mugimendu «zabal» bat sortzeko aukerak aztertuko dituzte larunbatean Donostian, Eleak mugimenduak eta hogei taldek antolatutako Konpromiso Egunean

jokin sagarzazu
Donostia
2015eko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Unean uneko ekintzatik denboran jarraipena izango duen eta estrategia orokor bati erantzungo dion mugimendu batera. Erronka hori izango dute larunbatean Donostian egingo diren eskubide zibil eta politikoen aldeko topaketetan parte hartuko dutenek. Azken urteetan, talde ugari sortu dira Euskal Herri osoan zehar Libre izenarekin, eta, besteak beste, horiek nola koordinatu aztertuko dute etzi, hogei bat taldek eta Eleak mugimenduak antolatutako Konpromiso Egunean. Talde horiek beraiek hasitako hausnarketa prozesuari segida emango diote horrela.

Hain justu, larunbatean bi urte beteko dira Donostiako Bulebarrean ehunka herritar bildu zirela Segi gazte erakundeko kide izatea egotzita Espainiako Justiziak zigortutako zortzi gazteri babesa agertzeko, eta haien atxiloketa eta espetxeratzea saihesteko herri harresi bat sortu zutela. Ordutik, hainbat herritan egin dituzte antzeko ekinaldiak —aske gune edo herri harresi deiturikoak sortu dituzte antzeko egoeran zeuden herrikideak babesteko— eta antolatu dituzte eskubide zibil eta politikoen defentsarako foroak.

Hala, Donostiako topaketan, talde horietakoek euren esperientziak partekatuko dituzte, eta aztertuko dute nola uztar dezaketen euren lana nazio osoan, besteak beste, desobedientzia politikoa lantzen duen Eleak mugimenduak egiten duenarekin. Antolatzaileen arabera, helburua da Euskal Herri osora hedatuko den eskubide zibil eta politikoen aldeko mugimendu «indartsu eta zabal» bat osatzea, herri harresien dinamika «egonkortzeko» helburuarekin. Bide horretan egindako urratsa izatea nahi dute Donostian larunbatean egingo dituzten topaketak. Antolatzaileen aburuz, bada horretarako garaia. Azaldu dutenez, herrietan orain arte egindako lanak eta, bereziki, «egungo testuinguruak» eskatzen du eskubide zibil eta politikoen urratze orori erantzungo dion mugimendu sendo bat sortzea; bereziki, «epaiketa politikoak» bertan behera uzteko «dinamika politiko» bat indartzeko eta Espainiako Gobernuak onartu berri duen «isilarazteko legearen» aurka herri harresi «egonkor eta eraginkor» bat eraikitzeko, «beste eragile batzuekin elkarlanean». «Indarrak batu, antolatu eta aurrera egin behar dugu horretarako», azaldu dute.

Antolatzaileek atzo eman zuten ezagutzera egun osorako prestatu duten egitaratua, Gipuzkoako hiriburuko udaletxean eginiko prentsaurreko batean. Han izan ziren Txerra Bolinaga Eleak mugimenduko bozeramailea eta hiru auzipetu: Joseba Alvarez, herriko tabernen auzian zigortua; Agus Rodriguez, auzi berean epaitua; eta Xalba Ramirez, zeina gazte independentisten aurka Espainiako Auzitegi Nazionalean beste 27 kiderekin batera epaitu eta ebazpenaren zain dagoen.

Azaldu dutenez, eguneko ekitaldi nagusia goizean egingo duten eztabaida izango da: 11:00etatik 14:00etara izango da hori, Plaza Berrian —Konstituzio Plaza zena—. Ondoren, herri bazkaria egingo dute, leku berean. Eta amaitzean, 17:30ean, manifestazioa, Bulebarretik abiatuta, Epaiketa politikorik ez. Desobedientziaz libre lelopean. 19:00etan, berriz, Plaza Berrian aurkeztuko dute Desobedientzia. Elkartasunetik konpromisora izeneko dokumentala. Herritarren diru ekarpenei esker finantzatu dute filma, eta Ricard Salom zuzendari katalanak egin du; Euskal Herriko egoera aztertu du Salomek. Iluntzean, bertso eta musika emanaldiak izango dira Parte Zaharreko hainbat tabernatan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.