HARRERA FAMILIAK

Harrera familia bila dabil Gipuzkoako Foru Aldundia

45 adingabe hartuko dituzten familiak behar dituzte. Haur eta nerabe horiek soslai ezberdinak dituzte, eta batzuek behar bereziak dituzte.

Maite Peña, artxiboko irudi batean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
2017ko uztailaren 27a
16:30
Entzun

Gipuzkoako Foru Aldundiak 45 haur eta nerabe hartuko dituzten harrera familiak behar dituela adierazi du. Adingabe horiek diputazioaren tutoretzapean dauden zentroetan bizi dira gaur egun, eta handik irteteko prest daude. Zentro horietan baldintza egokietan bizi direla azpimarratu dute, baina "etxe batek ematen duen berotasuna" behar dutela.

Gizarte politikako diputatu Maite Peñak egin du eskaera, prentsaurreko batean. Harekin batera izan da Purificacion Urtxegi, eta bere esperientziaren berri eman du; Urtxegik zazpi hilabeteko haurtxo bat hartu zuen duela hamar urte, eta gaur egun harekin bizi da hamaika urteko Irune.

Eskatzen dituzten baldintza bakarrak "borondatea" eta "konpromiso irmoa" dira, eta mota guztietako familiak nahi dituzte, baita guraso bakarrekoak, edozein sexu orientaziokoak, seme-alabak dituztenak edo ez dituztenak ere... Haurrei bizitza "normal" bat eskein diezaiekeen edonor.

Peñak adierazi du gaur egun  356 haur daudela Gipuzkoan harrera familietan bizitzen, baina beste 316 daudela zentroetan; hortaz, familia berrien beharra etengabekoa da. Haur guztiak ez daude prest etxeetara joateko, baina 45 horiek bai, familia egokiak aurkitu bezain laster.

45 adingabe horietatik, gutxi batzuek hilabete batzuetarako etxea besterik ez dute behar, espero baitute epe laburrean haien familietara itzultzea. Gehienek, ordea, hainbat urterako etxea behar dute. Badaude lau urte baino gutxiagoko haurrak elbarritasunen bat dutenak, eta "bereziki sentikorrak" diren familiak behar dituzte haientzako.

Harrera familia bihurtu nahi dutenek erabilgarri izango dituztte "[email protected]" helbidea eta
943-11 25 22 telefonoa.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.