Agerikoa da euskal presoen egoera nabarmen aldatu dela azken urteetan, urruntze politikaren amaieraren eta espetxe ibilbidean ematen ari diren pausoen eraginez. Horren ondorio da gero eta gehiago direla modu batean edo bestean kalera ateratzen diren euskal presoak. Azken datuen arabera, EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko 59 kide daude erregimen irekiren batean; hau da, kolektiboko presoen erdiak baino gehiago. Horrek, baina, eragina izan du gizarteratze prozesuei bide emateko lanetan, eta Harrera elkarteak txosten batean bildu ditu horietako batzuk. Elkarte horrek 338.000 euro baino gehiago erabili zituen iaz espetxetik atera direnei zein erbestetik itzuli direnei laguntzeko.
Harrera elkartea 2012an eratu zuten, «espetxea, erbestea edota deportazioa pairatu duten emakume zein gizonezkoen gizarteratzean laguntzeko». Ordutik, baina, kasuistika nabarmen aldatu da, batez ere 2021eko urrian Eusko Jaurlaritzak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kartzelen kudeaketa bere gain hartu zuenetik. Hala, iaz egoera berriari egokitzeko prozesu bati ekin zion elkarteak berak ere, zuzendaritzan errelebo aldaketa bat eginda. «Haiek markatutako bidetik eta egoera berria baliatuta, aurrera goaz», adierazi du Aduna Mendizabal elkarteko kideak.
Batetik, kontuan izan behar da euskal presoen kopuruak nabarmen egin duela behera azken urteetan. 2018 hasieran, 300 preso inguru zeuden, eta egun erdia baino gutxiago dira. Gainera, hainbat urtetan, euskal presoek hasi eta buka bete dituzte auzitegiek ezarritako zigorrak Euskal Herritik ehunka kilometrotara dauden espetxeetan, sarri, lehen graduan. Orain, baina, Euskal Herrian dira —salbuespena dira Lannemezanen (Okzitania) dauden lau, eta Reaun (Frantzia) dagoen beste bat—. Are gehiago, EPPK-ko 42 preso daude hirugarren graduan, eta horietatik 30 etxean ari dira betetzen euren zigorrak. Beste hamazazpi, berriz, bigarren gradu arinduan daude, Espainiako Espetxe Araudiko 100.2 artikulua aplikatuta. Artikulu horrek, zehazki, aukera ematen die kartzeletako tratamendu batzordeei sistema modu «malguan» baliatzeko, hirugarren graduari dagozkion zenbait ezaugarri aplikatuz. Horiez gain, beste 26 lagun daude baldintzapean aske.
Bada kontuan hartu beharreko beste faktore bat ere. 7/2014 lege organikoaren erreformak eragina izan dezake 52 presoren egoeran, Frantzian betetako zigor urteak kontuan hartuz gero. Hala nola, Balbino Saenz Olarra aske geratu zen martxoan, urte horiek zenbatuta, eta beste sei preso ere atera daitezke arrazoi beragatik.
Hala, preso ohi kopuruak gora egin izanak eta preso ugarik kalera ateratzeko baimena izateak eragin nabarmena izan dute Harreraren eginbeharretan. Elkartea etxeratze prozesu osoan presente dagoen eragile bihurtu da preso horientzat; espetxeetara joan-etorriak egiteko garraioa jartzen du, eta gauak kartzelatik kanpo igaro ahal izateko etxebizitza bat topatzen laguntzen die. Hain zuzen, iaz laguntza etxebizitza bat jarri zuten martxan Donostian, eta helburutzat dute etxebizitza sare bat osatzea. Horien xedeetako bat, Mendizabalek adierazi duenez, hirugarren graduan ateratzen direnen egunerokoa erraztea da, preso batzuk goiz ateratzen baitira espetxetik, eta gaualdean sartu. «Ordu asko dira noraezean ibiltzeko», adierazi du.
«Bakoitzak zer behar duen aurreikusiko dugu, beren neurriko jantzia izan dezaten ateratzen direnean»
ADUNA MENDIZABALHarrera elkarteko kidea
Bide hori egin ahal izateko, Harreraren aurrekontua duela zazpi urte halako lau izan zen iaz; 2018an, 85.000 eurokoa zen, eta iaz, berriz, 338.000 eurokoa. 2024an, orotara, elkarteak 117 laguni eman zien laguntza; duela hiru urte, 40 ingururi lagundu zien. Ia guztiek jaso zuten zuzeneko laguntza ekonomikoren bat, eta 270.000 euro inguru jarri zituzten horretarako. Adunak azaldu duenez, kontuan izan behar da gehienak espetxealdi luzeak egin ostean atera direla, zenbait kasutan 20 edo 30 urtetik gorakoak. Beraz, badira jubilatzeko adina duten baina pentsioa kobratzeko gutxieneko kotizazioak egin gabe direnak, esaterako.
Hain zuzen, lan arloa da beste elementu garrantzitsu bat, Mendizabalen esanetan. Horregatik, iazko udan galdetegi bat bidali zieten presoei, haien ikasketen eta lan arloan izandako esperientziaren inguruan galdetzeko. Hurrengo urratsa enpresekin lan hitzarmenak egin eta kartzeletan sartzea da, preso bakoitzaren egoera ezagutu eta lan mundura sartzeko bideari ekiteko. «Bakoitzak zer behar duen aurreikusiko dugu, beren neurriko jantzia izan dezaten ateratzen direnean», esan du Harrerako kideak. Izan ere, hirugarren graduak lan egiteko aukerei lotuta egoten dira sarri.
5.000 helburu
Mendizabalen esanetan, espetxeko osasun arreta ere «eskasa» izan ohi da, batez ere, gaixotasun larriak edo sendaezinak dituzten presoen kasuan —Etxerat elkartearen datuen arabera, hamalau dira egun—, eta erbestean egondakoena ere antzerakoa da. Arazo fisiko eta psikologikoak ohikoak izaten dira. Hala, oftalmologoaren edo dentistaren kontsultara joatea izaten da elkarteak eskaini ohi duen laguntza nagusietako bat, baita psikologoarenera joatea ere. Iaz, 22 preso edo preso ohik jaso zuten arreta psikologikoa Harrerari esker, bederatzi oftalmologoarenera joan ziren, eta 38 dentistarenera. Horrek 50.000 euro inguruko kostua izan du elkartearentzat.
Lan hori guztia «bakea eta elkarbizitza eraikitzeko tresna garrantzitsua» dela argudiatu du elkarteak, eta horregatik laguntza eskatu die herritarrei. Bazkidetza kanpaina bat dute martxan, «diru sarrerak» bermatzeko helburuz. Mendizabalek azaldu duenez, horiek dira «elkartearen enborra». Egun, 3.500 bazkide inguru dituzte, eta 5.000ra iristea dute xede. Hala, herriz herri mugitzen ari dira, «jendeari jakinarazten elkartearen jarduna zertan den».