Tazpi haurrek premiaz behar dituzte etxean hartuko dituzten familiak, Gipuzkoan. Aldundiak dei egin zien Gipuzkoako familiei joan den astean, haur horien harrera familia izan zitezen. Egun, 403 haur eta gazte bizi dira harrera familietan; 350 harrera familia daude, baina ez da nahikoa. Izan ere, zazpi haur horiek, premiarik handienekoak izan arren, ez dira bakarrak; beste 73 haurrek ere behar dute Gipuzkoan harrera familia bat, aldundiak emandako datuen arabera. Zerk ezberdintzen ditu ordea, premiazkoak gainontzekoetatik? «Guztiek daukate premia. Aldea da zazpi haur horiek harrera familia batean egoteko eskatu dutela, eta jada luze daramatela itxaroten. Horregatik abiatu dugu kanpaina hau», azaldu du Maitane Mardaras gizarte politiketako harrera familia eta adopzio ataleko gizarte langileak.
Legeak dio 6 urtetik beherakoekin lehentasuna eman behar zaiola familia batean harrera egiteari, adingabeen egoitza batera eraman aurretik. «Kontua da ez ditugula behar beste harrera familia, eta beraz, askotan ez daukagu egoitza batera bideratzea beste irtenbiderik», azaldu du Mardarasek. Horrez gain, haurrak familia batean egotearen garrantzia ere nabarmendu du: «Tutoretzapean ditugun haurrak ez dituzte behar bezala zaindu bizitzako lehen urteetan. Gurasoen ezjakintasunagatik, edo ezintasunagatik, askok abandonua sentitzen dute, edo segurtasun falta. Harrera familia baten berotasunak eta maitasunak beste aukera bat ematen die haur eta nerabe horiei familia giroan hazteko eta nerabezaro edo haurtzaro zoriontsua izateko».
Horrez gain, azaldu duenez, bereziki garrantzitsutzat daukate haurra harreran dagoen bitartean jatorrizko familiarekin ere harremana atxikitzeari. Izan ere, azaldu du harrera familiaren helburua ez dela «jatorrizko familia ordezkatzea», eta, beraz, jatorrizko familiarekin harremana atxikitzeak haurrari on egiten dionean, behintzat, lotura hori bultzatzen dutela: «Bisitak egiten dira, bai gurasoekin, bai anai-arreba, aitona-amona eta izeba-osabekin. Kontaktuaren iraupena eta maiztasuna kasuan-kasuan egokitzen dira, adingabearen nahiaren eta momentuaren arabera».
Arreta «umearengan» jartzen dutela zehaztu du, eta horregatik, haur bakoitzaren egoera eta beharrak aztertu eta harentzako egokia izango den familia bat bilatzen dutela, «eta ez alderantziz». Hala ere, nabarmendu du era askotako harrera familia daudela, eta guztiak direla beharrezkoak: «Edozein pertsona edo familia izan daiteke harrera familia, eta askotariko familia motak behar ditugu, haur bakoitzari egokituko zaizkionak».
Hain zuzen, aldundiak hiru modalitatetan sailkatzen ditu familiak: batetik, larrialdikoak daude. Horiek 6 urtetik beherako adingabeentzat dira bereziki, erakundeek erabaki bitartean zer neurri hartuko dituzten ume hori babesteko; sei hilabete irauten du prozesuak, gehienez. Bestetik, aldi baterako harrera familiak ere badaude, eta modalitate hori egokiena da adingabekoa epe ertainean jatorrizko familiara itzul daitekeela aurreikusten denean, edo beste babes neurri bat hartu bitartean; bi urte irauten du gehienez.
Epe hori igarota adingabea ezin bada jatorrizko familiarekin elkartu, hirugarren modalitatera bideratzen dute: harrera familia iraunkor batera. Hala ere, badira behar bereziak dituztelako zuzenean modalitate honetako familietara bideratzen dituzten haurrak ere. Hori da, hain zuzen, premiazko harrera behar duten zazpi haurren kasua, eta, beraz, familia iraunkorrak behar dituztela ohartarazi du Mardarasek.
Baldintzak eta urratsak
Baina zeintzuk dira harrera familia izateko eman beharreko pausoak? «Lehenengo, informazio eta prestakuntza saio batzuk egin behar dira, harrera familia kontzeptua ulertu eta barneratzeko».Horren ondoren, egokitasuna baloratzeko eskaera bat aurkeztu behar dute, eta haren bidez azterketa psikosozial bat egiten zaie familiako kideei. Azterketa horietan, motibazioak, egoera pertsonala eta osasuna eta egoera sozioekonomikoa hartzen dira kontuan, besteak beste, baita babesgabetasunak eragindako kalteak ulertzen dituzten edo genero berdintasunarekin zerikusia daukaten baliorik duten ere.
Mardarasek azaldu du bestelako konpromiso batzuk ere eskatzen zaizkiola harrera familiari: «Oso garrantzitsua da familiako kide guztiak ados egotea, esaterako, eta familian integratzen laguntzeko prest egotea, baita heziketa ematea eta adingabe hori maitatzea ere». Azpimarratu du bestelako arlo batzuek ere garrantzi berezia daukatela, besteak beste jatorrizko familiarekin lotuta: «Lagundu egin behar zaio, hark ulertzeko zergatik ez dagoen jatorrizko familiarekin, haiekin harremana mantentzeko, baita jatorrizko familiaren ohiturak errespetatu eta onartzeko ere».
Denetik dagoela dioen arren, Mardarasek azaldu du gehienetan «oso aberasgarriak» izan ohi direla harrera familien esperientziak: «Bai helduontzako, eta baita familiako beste adingabeentzat ere. Pertsonalki asebetetzen eta aberasten duelako, eta familiek ikusten dutelako zer onura ekartzen dieten egoera horretan dauden umeei». Gaineratu du haur asko harrera familiarekin gelditzen direla behin 18 urte beteta ere, sortzen diren lotura estuen ondorioz: «Semetzat edo alabatzat hartzen dituzte; familian integratzen dira, beste kideen pare».
Harrera egingo dieten familien beharrean
Gipuzkoako Aldundiaren tutoretzapean dauden zazpi umek «premiazko harrera» behar dute. Herritarrei dei egin diete, harrera familia izan eta etxean luzerako har ditzaten. Horiez gain, beste 73 haur ere harrera familien zain daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu