Badira hamabi urte sortu zela, baina 2012tik gogotik aldatu zaio jokalekua Harrera elkarteari. Zenbat eta euskal preso gutxiago, orduan eta preso ohi gehiago ditu elkarteak gizarteratze prozesuan laguntzeko, eta orain datozen lau urteetarako lan ildoak finkatzeko beharrean da. Maiatzeko ohiko batzarrean Zuzendaritza Batzordea berritu zuen Harrerak, eta orain, zuzendaritza horrek ezohiko batzarrera deitu du datorren larunbaterako, Andoaingo Bastero kulturgunean. 10:30ean hasiko da. Etziko batzarrari begira, zuzendaritza berriak eztabaidarako dokumentu bat taxutu du, eta 3.000 bat kideren artean banatu, jasotako ekarpenekin behin betiko txostena osatu eta bozkatzeko. Izan ere, Harrera biziberritzen 2024-2028: tximeletaren hegaldia marrazten izeneko agirian, nabarmendu dute preso gutxiago egon arren «muturreko egoerak areagotzen» ari direla preso, iheslari eta deportatu ohien artean, eta horrek agerian utzi duela Harrerak ematen duen laguntza «dimentsionatzeko» beharra.
Eztabaida dokumentuan, zuzendaritza berrituak azaldu du azken urteetan euskal presoen egoera modu progresiboan aldatuz joan dela, «are gehiago» espetxeen eskumena Jaurlaritzaren esku geratu ondoren: «Azken lorpen horrek, espetxeko legedi arruntaren barruan euskal presoak garatzen hasiak ziren ibilbide juridiko penitentziarioarekin batera, errealitate berri bat zabaldu du». Faktore horiengatik, Harrera «berrasmatu eta berregokitzeko ardura» hartu zuten maiatzeko batzarrean. Testuinguru berri horretan, gero eta preso gehiago ari dira espetxetik irteteko baimenak eskuratzen, hirugarren gradua lortuta edo baldintzapean aske geratuta. «Errealitate berri horrek berekin ekarri du behar berriak kudeatu behar izatea», elkartearen esanetan.
Harrerako zuzendaritzak proposatu du instituzioekin harreman «iraunkorrak» lantzea, eragileekin «lan pedagogikoa» egitea eta lan arloko aukerak areagotzea
Datozen urteetarako lau lan ildo nagusi identifikatu dituzte: egokitze sozialean «akonpainamendu integrala» egitea, gizarteratze prozesuetan gizartearen «esparru anitz inplikatzea», elkartearen «elkartasun izaera» eta antolaketa eredua lantzea, eta, azkenik, elkartearen «autokudeaketa» jorratzea. Asistentzia «integralari» dagokionez, Harrerak nabarmendu du helburu duela prozesu hori espetxe barruan hastea: «Kaleratze ibilbidean beharrezkoa den laguntza eskaintzeko, eta behin askatasuna berreskuratzean, euskal presoek izan ditzaketen beharrei aurrez erantzuteko helburuz, espetxeetara bisitak egiteko tramitazioak» bideratuko dituzte. Laguntza hori arlo ekonomikoan, etxebizitzarenean, osasunarenean, gidabaimenen kudeaketan, azpiegituretan, administrazioarekiko izapideetan eta esparru juridikoan gauzatu nahi du elkarteak.
Gizartearen inplikazioari dagokionez, berriz, Harrerako zuzendaritza berriak dokumentuan proposatu du harreman esparru diferenteak jorratzea; besteak beste, instituzioekin harreman «iraunkorrak» lantzea, eragile politiko eta sindikalekin «birgizarteratze integral baten aldeko lan pedagogikoa» egitea, eta lan arloko aukerak areagotzea, egungo harreman sareak indartu eta berriak sortuta.
«Onura publikoko elkartea»
Elkartearen antolaketaren alorrean ere badira berritasunak eztabaidarako txostenean: zuzendaritzak proposatu du martxan jartzea Harrera «onura publikoko elkarte bilakatzeko egin behar den kudeaketa»: «Erregistratzeko prozesua luzea eta korapilatsua bada ere, izaera hori lortuta elkarteak izango dituen onurak ugariak dira: instituzio publikoetako diru laguntzei ahalik eta etekin handiena ateratzeko, oro har dauden onura fiskalak jasotzeko, edota dohaintzak jasotzeko prestatua dagoen elkarte bat behar dugu».