ETAren kontrako polizia operazioa. Atxiloketak Baigorrin

Harreman Taldea «kezkatuta» dago, atxiloketak «oztopo» bat direlako

Jonan Fernandezekin eta Sortu eta EAJren ordezkariekin batzartu dira.«Entzutera» etorri direla esan du Spektorowskik.Barrenaren ustez, atxiloketekin «euskal gizartea» da «galtzaile nagusia»

Brian Currin eta Alberto Spektorowski atzo, Bilbon, hoteletik ateratzen, Sorturekin bilera egin ondoren. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
gotzon hermosilla
Bilbo
2015eko irailaren 24a
00:00
Entzun
Herenegun Baigorrin izandako polizia operazioaren oihartzunek bete-betean harrapatu dute Brian Currin eta Alberto Spektorowski HNT Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kideek Euskal Herrira egindako ostera. Bisitaren bezperan gertatu ziren Espainiako Barne Ministerioaren arabera ETAren buruzagitza osatzen zutenen atxiloketak, eta hitzartutako bilera sortari ekin aurretik, ahoan legarrik gabe mintzatu zen HNTko kideetako bat, Alberto Spektorowski, EITBk egindako elkarrizketan: atxiloketak «oztopo bat» dira bake prozesuan. «Azken batean, bake prozesu guztien helburua bakea da, bukatzea, eta ez indarkeriara itzultzea», erantsi zuen.

Sorturen ordezkaritzarekin Bilboko hotel batean bilera egin ostean, Sabin Etxerako bidea hartu dute Currinek eta Spektorowskik, EAJren ordezkariekin batzartzera. Hoteletik irtendakoan HNTko kideek ez dute adierazpenik egin nahi izan, baina Spektorowski kazetariekin berta egiteko gelditu da une batez, eta berretsi du bezperan esandakoa: bere ustez «oztopo» dira atxiloketak, eta «argi» du zein den horien atzean dagoen asmoa.

Spektorowskik esan duenez, «entzutera» etorri dira Euskal Herrira, «kezkatuta» zeudelako prozesuaren egoeraz. Eta, azaldu duenez, bilera sortak ez die balio izan kezka horiek uxatzeko: ikusi dute oraindik «alde handia» dagoela eragileek egiten dituzten planteamenduen artean.

Sorturen aldetik, Rufi Etxeberria, Urko Aiartza eta Pernando Barrena egon dira bileran. Amaitutakoan, Barrenak adierazpenak egin ditu, eta esan du batez ere bi ideia jarri dituztela mahai gainean: batetik, Baigorrin izandako polizia operazioak ez duela «ezer» aldatzen, «behar politikoek atzo, gaur eta bihar berdinak direlako oraindik ere». Bake prozesua egonkortzeko erabakiak, aldaketak espetxe politikan, biktimen inguruko «planteamendu sendo bat» eta armagabetzea aipatu ditu Barrenak beharrizan horien artean. «Alde horretatik, polizia operazioa oztopoa baino ez da, eta galtzaile nagusia euskal gizartea da», esan du.

Beste zenbait eragilek abenduko hauteskundeetan zer gertatzen den ikusi arte zain egotea proposatzen dutela jakinda, bigarren ideia nabarmendu nahi izan du Sortuko eledunak: «Ezker abertzaleak bakearen alde egindako apustuak tinko» segitzen duela, eta hauteskunde emaitzek edo beste edozein eragilek izan dezakeen jarrerak ez dutela hori aldaraziko.

Sorturekin batzartu aurretik, Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkariarekin egin dute bilera Currinek eta Spektorowskik, eta ondoren, Andoni Ortuzar eta Joseba Aurrekoetxea EAJko buruzagiekin ere batzartu dira. Azken bilera horren ostean, EAJk esan du euren «eszeptizismoaren berri» eman dietela HNTko kideei, «ezker abertzaleak duen borondate eta prestasunaz egin behar dituen urratsak egiteko».

«Zentzugabekeria»

Bake Bidea bake prozesuaren aldeko Ipar Euskal Herriko mugimendu zibilak ere plazaratu du Baigorriko atxiloketen inguruko bere balorazioa, eta, esan dutenez, «zentzugabekeria» eta Euskal Herrian bakearen alde abiarazitako mugimenduen aurrean «laido bat gehiago» deritzote polizia operazioari.

Bake Bideak gogora ekarri du ETAk azken lau urtetan bere konpromisoak errespetatu dituela eta «frantses gobernuarekin eta espainiar gobernuarekin eztabaidarako prestasuna» erakutsi duela.

Parisko Bake Konferentzian Ipar Euskal Herriko alderdi politiko guztietako ordezkariek eta beste eragile ugarik plazaratutako ebazpena ere gogoratu du «eztabaida bat abiatzeko eta desarmatze protokolo zorrotz bat adosteko». Baina horretarako «bake prozesu guztiek eskatzen dute eztabaidarako prest den erakunde armatuko kideak eztabaidarako baldintzetan egotea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.