Harlauza mugitu nahian

Nafarroako Parlamentuan Foru Hobekuntzaren erreformari buruz eztabaidatzeko lantaldea lanean da maiatzetik. 70 aditutik gora pasatuko dira bertatik datozen bi urteetan.

Ostiralean, Iñaki Iurrebasoren agerraldia, Foru Hobekuntza berritzeari buruzko lantaldean.
Ostiralean, Iñaki Iurrebasoren agerraldia, Foru Hobekuntza berritzeari buruzko lantaldean. IDOIA ZABALETA / FOKU
joxerra senar
Iruñea
2024ko urriaren 20a
05:00
Entzun

Bi aldiz baino ez da orraztu Foru Hobekuntza, Nafarroako estatus juridiko politikoa zehazten duen lege organikoa. 2001ean, inbestidurarako gehiengo sinplea lortzeko aukera ematen zuen aldaketa egin zuten —gerora gobernuak osatzeko akordio politikoak egitera bultzatu duena, ordura arte hauteskundeetako irabazleari aski baitzitzaion lehen indarra izatea—; eta, 2010ean, lehendakariari foru hauteskundeak aurreratzeko aukera eman zitzaion. Aurki, hirugarren aldaketa egingo zaio, trafiko eskumena itzultzeko prozesua ahalbidetuz.

Salbuespenok kenduta, lau hamarkadatan ez zaio mamiari heldu, eta apenas mugitu den Foru Hobekuntzaren harlauza. Eztabaida bera egitea ere kostatzen ari da. Foru Hobekuntzan ezarritako aldebikotasunaren ondorioz, erreforma bat egiteko negoziazioaren ardura nagusia Espainiako eta Nafarroako gobernuei dagokie, baina horren aurretik Nafarroako alderdien artean gutxieneko puntu komunak hitzartu nahi dira. Horretarako, iazko azaroan lantalde bat osatu zen, eta maiatzetik abian da.

Alta, lehen helmuga horretara heltzea ez da erraza izan. Aurreko legealdi hasieran, 2019an, gobernua osatzeko akordio programatikoan jaso zen parlamentuan lantaldea sortzeko konpromisoa; baina azkenean ez zen egin, PSNri ez baitzitzaion komeni. 2022an, 40. urteurrenaren harira, jardunaldi bereziak antolatu ziren legebiltzarrean, Foru Hobekuntza aztertzeko, eta handik igarotako adituen artean nagusitu zen XXI. mendera egokitu beharra zegoela. Azkenik, iazko akordio programatikoan jaso zen berriro ere lantaldea osatzeko konpromisoa, eta Geroa Baik zein EH Bilduk lantalde hori sortzera bultzatu zuten PSN.

Hain zuzen ere, 42 urtez Nafarroako Gobernuaren giltza izan duten bi indar nagusiak, UPNk eta PSNk, uzkur begiratzen diote eztabaida horri. Ramon Alzorriz sozialistak berak hala onartu izan du lehen bilkuretako batean —«Beharbada, nik errezeloz begiratzen nion lantaldeari», esan du—.

Nahiz eta batak zein besteak lantaldea sortzea onetsi, ez dute eztabaida horretan askorik sakondu nahi. UPNk hasieratik proposatu du «aldaketa tekniko bat» egiteko gertu dagoela, baina egungo estatusa ez duela aldatuko «koma bat ere». PSNk, antzera, hasieratik argi utzi du ez dituela ukituko estatusa, euskara eta ikurrak. Horiek ditu bere marra gorriak, eta lantaldean etengabe errepikatzen du hori.

70 aditutik gora

Hala ere, abian da lantaldea. Talde guztiek, Voxek ezik, 70 pertsonak baino gehiagok parte hartzea proposatu dute. Udako etenaldia kenduta, maiatzetik bi astean behin elkartzen dira, eta bertatik zazpi aditu igaroak dira. Haien gogoetak entzuteko ariketa izatea goraipatu dute legebiltzarkideek saioetan.

Asuncion de la Iglesia Chamorro Nafarroako Unibertsitateko Zuzenbide Konstituzionaleko irakaslea izan zen lehena, eta hainbat ohar egin zizkien erreforma bati ekiteko orduan. Batetik, zuhurtziaz eta zorroztasun teknikoz aritzeko galdegin zien, eta aldaketa batek «bokazio bateratzailea» izan beharko lukeela, gehiengo zabalak lortuz. Halaber, parlamentuak negoziazioan «rol aktiboagoa» izan beharko lukeela aipatu zuen.

Roldan Jimeno Zuzenbide Konstituzionaleko katedradunak legearen hitzaurrea izan zuen hizpide. Haren ustez, «zaharkituta» geratu da, «trantsizioko museo pieza bat» bezala. Haren irudiko, erreforma sakon bat izanez gero, ez litzateke hitzaurrea ahaztu behar. «Ez aldatzeko tentazioa izan dezakezue, hitzaurrea azkenerako uzten baita». Jimenoren arabera, egun dituen azterketa historizista okerrak aldatu daitezke, mundu akademikoan azken 40 urteetan Nafarroako historiari buruz aurrerapauso handiak eman baitira, eta haien arteko adostasunak bil ditzakete testuan.

Gerora, Ferran Requejo i Coll Pompeu Fabrako politika zientzietako irakasleak autogobernua babesteko ideia batzuk proposatu zituen, eta ukatu egin zuen egungo autonomia erkidegoen estatua eredu federaltzat har daitekeela. Jon Azkune EHUko Soziologia irakasleak birzentralizazio prozesuaren inguruan jardun zuen. Iñigo Urrutia EHUko Zuzenbide doktoreak proposatu zuen eskumenen gestiorako hitzarmen politikoa bat lortzea, finantzaketarekin egiten den antzera. Silvia Soriano Extremadurako Unibertsitateko Zuzenbide Konstituzionaleko irakasleak azken urteetan egin diren estatutu aldaketak aztertu zituen, eta horiek jasotako eskubideei buruz aritu zen.

Orain arteko azken bi saioetan, euskara izan dute hizpide. Paul Bilbao Kontseiluko zuzendari nagusi ohiak, berriz, zonifikazioak euskararen bilakaeran izan dituen ondorioez eta hori gainditzeko aukera politikoez jardun zuen. Herenegun, Iñaki Iurrebaso EHUko Soziologia irakasleak eremu euskaldunean ere zonifikazioak zer eragin zuen azaldu zuen.

Agerraldiek luze joko dute. Proposatutako izenen artean, Nafarroako errealitateari buruzko orotariko ikuspegia duten pertsona ezagunak daude: hala nola Miguel Sanz, Juan Cruz Alli eta Uxue Barkos lehendakari ohiak; Patxi Bera arartekoa eta Javier Enerizko ararteko ohia; Andres Urrutia Euskaltzaindiko presidentea; UGT, CCOO, ELA eta LAB sindikatuak; CEN patronala...

Bitxikeria gisa, PPk proposatu zuen Jaime Ignacio del Burgok lantaldean parte hartzea, baina trantsizio garaiko lehendakari ohiak uko egin zion gonbitari. Eusko Legebiltzarrean egin zen tankera bereko lantaldean, Del Burgok deliberatu zuen parte hartzea; baina Nafarroakoan, hain justu, ezezkoa eman du, nahiz eta Foru Hobekuntzaren arkitekto nagusia bera izan.

Azken txanpa

Agerraldiez gain, EH Bilduk eskatu du Parlamentuko zerbitzu juridikoek txosten bat landu dezatela estatuak zer-nolako eragin izan duen Nafarroako autogobernuan, Espainiako oinarrizko legediek zer eragin izan duten, zenbat aldiz baliogabetu dituen Auzitegi Konstituzionalak foru legeak, gatazka judiziala saihesteko zenbat akordio erdietsi dituzten... Txostena amaitzear dute legebiltzarreko legelariek. Halaber, 2004an urtebetez erreforma aztertzeko lantalde bat osatu zuten, eta haren lanak eta proposamenak beste dokumentu batean bilduko dituzte.

Hori guztia amaituta, eztabaida politikoaren abagunea iritsiko da: eskumen gehiago jaso eta zeintzuk, nola garatu egungo autogobernua eta nola babestu hura, estatuarekiko harreman asimetriko hori nola konpondu, Euskararen legearen oinarri den zonifikazioa kentzeko aukera...

Alderdiek euren proposamenak egin beharko dituzte, eta orduan ikusiko da gehiengoak lortzeko puntu komunik baden. UPNk eta, batik bat, PSNk izango dute giltza eztabaidari mugak jartzeko. Politikan erritmoek ere garrantzi handia dute, eta ikusi beharko da lantaldeak noiz arte jardungo duen, eztabaida horiek hauteskundeak ate joka izaterik ez baitzaie sozialistei komeni. Dena den, bere bazkideek politikoki presio egin diezaiokete.

Proposamenak, eztabaida eta ondorioak agiri batean bilduko dituzte, eta osoko bilkura batean bozkatuko dute azken emaitza. Orduan ikusiko da zenbaterainoko borondate politikoa dagoen harlauza mugitzeko, bai edukia berritzeko, bai eta autogobernua garatzeko ere. Emaitza hori izango da gobernuen arteko negoziazio posible baterako abiapuntua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.