Dimisioa eman du Harkaitz Millanek, orain arte Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatu izanikoak. Larunbat gauean izaniko istilu batzuk direla-eta eman du pausoa. Zenbait hedabidek plazaratutako informazioaren arabera, Donostiako Parte Zaharreko taberna batean atxilotu zuten Millan, autoritateari erresistentzia egitea egotzita. Horregatik, kargua uztea erabaki du PSE-EEko kideak. Ahaldun nagusi Markel Olanok onartu egin du dimisioa, eta izendatu du haren ordezkoa: Maria Jose Telleria, Kultura zuzendari nagusia.
PSE-EEk adierazi du Millanek «arrazoi pertsonal batzuengatik» hartu duela kargua uzteko erabakia, eta ez du motibo horietan gehiago sakondu. Kontrara,hedabide batzuek jakinarazi dute taberna batean izandako liskar bat dagoela dimisioaren atzean. El Diario Vasco hedabideak azaldu duenez, Millanek emakume bat «molestatu» zuen, eta irainka hasi zitzaion. Hori ikusirik, ostatuko segurtasun langileak kalera bota zuten Millan, eta Ertzaintzari deitu zioten, hura kontrolatzeko. Horien arabera, Poliziak dio ertzain baten kontra egin zuela Millanek, eta horregatik eraman zutela atxilo, «agintarien kontrako atentatua» egotzita.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ez du atxiloketa ez baieztatu eta ez ukatu, baina Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanok agiri bat plazaratu du esateko Millanen dimisioa berehala onartu duela, «gertaera larriak direla eta». Gaineratu duenez, Foru Aldundiak «urteak daramatza halako gertaerek lekurik ez duten Gipuzkoa eta foru gobernu eredugarri baten alde». Gogoratu du erakundeak 2016. urtean onartu zuela erakundearen segurtasun sistema, eta hori ezinbestean bete behar dutela aldundiko kideek eta goi kargudun publikodunek.
Gipuzkoako El Diario Vasco egunkariari eginiko adierazpenetan, Millanek esan du ez duela «ezer asko» gogoratzen. «Ez dakit inork edarian zer edo zer bota ote zidan edo ez», gaineratu du.
Emakume baten kontra jo izana «sinesgaitza» dela uste du: «Gaya bainaiz». Dimisioa eman duela esan du, ezin baita normal lan egin halako gertaera baten ostean, «nahiz eta une bateko kontua izan, eta ez duen zertan eguneroko lanean eragin». Gaineratu du ez duela asmorik bolada batez lan publikorik egiteko.
Joan zen ostiralean, indarkeria sexistaren aurkako mezu bat idatzi zuen Twitterren, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira. Twitterreko bere kontua ezabatu du gaur.
Emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko nazioarteko eguna.
— Harkaitz Millan (@harkaitzmillan) November 25, 2022
Los niños, niñas, adolescentes y jóvenes, al igual que el resto de la sociedad, podemos hacer mucho en la detección y eliminación de la violencia sexista. pic.twitter.com/AV2BCEQi3Z