Udalbiltzak egitura berritu du. Maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeen ostean, aldaketak izan dira udalen osaketan, eta, horren ondorioz, Udalbiltzaren karguak ere berritu egin dituzte. Udalbiltzako kideak iragan ostiralean egin zuten ezohiko Kontseilu Nagusia, Usurbilen. Ibilbideari buruzko gogoeta egin zuten, eta lehendakari berria hautatu: Jabi Asurmendi Sainz Arakaldoko alkateak Haritz Alberdi Arrillagari eman zion lekukoa. «Ilusioz eta datorrenari eusteko gogoz» hartu du getariarrak lekukoa.
Batzorde Eragile berriaren berri ere eman dute, ohar baten bidez. Zazpi kidez osatua dago: Begoña Enbeita Maguregi (Muxikako alkatea), Ioritz Berra Juaristi (Zaldibiako alkatea), Andoni Lariz Bustindui (Ziortza-Bolibarko alkatea), Garazi Urdanpilleta Astibia (Oiartzungo zinegotzia), Agurtzane Solaberrieta Mesa (Usurbilgo alkatea), Karlos Renedo Lara (Bilboko zinegotzia) eta Iban Verdugo Markotegi (Etxarri Aranazko zinegotzia).
Norabide berriak
Orain arteko ibilbidearen errepasoa egin ondoren, Udalbiltzak adierazi du gogoeta fase batean sartuko dela, aro berri bati ekiteko asmoarekin. Partzuergokideekin batera zehaztuko dituzte Udalbiltzaren eginkizunak, gaur egungo beharrei egokitu nahian. Heldu den urtearen hasieran izango dira ikusgai eztabaida horren fruituak.