Hiru esparru horietako ordezkariak elkartu ziren atzo Martin Ugalde foroan. Aldaketa prozesua, klima eta ekologia krisiaren testuinguruan izenburua izan zuen mahai inguruak, eta Iñaki Petxarroman BERRIAko kazetariak gidatu zuen. Martin Ugalde kultur parkean (Andoain, Gipuzkoa) aritu ziren eztabaidan eta hausnarrean Itziar Gomez Nafarroako Gobernuko Ingurumen kontseilaria, Unai Pascual BC3 Basque Centre for Climate Change zentroko ikertzailea eta Lorea Flores Hego Euskal Herriko Greenpeaceko arduraduna. 2005etik antolatu dituzte halako foroak BERRIA egunkariak eta Martin Ugalde kultur parkeak, elkarlanean.
«Nola demontre helduko diogu trantsizio sozioekologiko honi?», galdetu die Pascualek solaskideei eta bere buruari. Lehenik, diagnostiko bat egin dute. Gomezek denetariko erronkak identifikatu ditu: «Aurrean ditugun ingurumen erronkak lehengaien eskasia, bioaniztasunaren galera, lurzoruen degradazioa eta klima aldaketa dira».
Krisi horiek guztiak elkarren artean harilkatuta daudela nabarmendu du Pascualek, eta begirada sistemikoa izatea proposatu du Floresek: «Klima aldaketak eragin zuzena dauka bizidunengan eta bizi baldintzetan, baina, era berean, bioaniztasunak klima aldaketaren aurkako funtsezko bi zerbitzu eskaintzen ditu: berotegi efektua eragiten duten gasak xurgatzen ditu, eta funtsezkoa da ingurumen hondamendietatik babesteko. Bioaniztasuna galtzeak larrialdia areagotzen du, eta alderantziz».
Izan ere, Pascualek nabarmendu du bioaniztasunaren galera ez dela bigarren mailako kontu bat: «Bioaniztasunaren krisia agian klimarena baino garrantzitsuagoa da. Jadanik badakigu hurrengo hamarkadetan zortzi espezietik bat galtzeko aukera oso handia dagoela».
Floresek erantsi du badagoela beste krisi bat klima larrialdiarekin eta bioaniztasunaren galerarekin harilkatuta: desberdinkeria areagotzea. Datu bat eman du: «Munduko %10 aberatsenek munduko %50 pobreenek sortutako isuriak halako bi sortzen dute. Isurketa gutxien sortzen dituztenak dira klima aldaketaren ondorio latzenak jasanen dituztenak».
«Aldaketa»
Elkarri lotutako krisi horiei aurre egiteko, hirurek izan dute hitz bat ahoan: aldaketa. Gomezek adierazi du Nafarroako Gobernuaren helburua ekoizpen, ekonomia eta kontsumo ereduaren aldaketa finkatzea eta bizkortzea dela. Dena den, Pascualek nabarmendu du harago joan behar duela aldaketak: «Ekonomia eredu hertsi honen barruan ibiltzen gara irtenbideen bila, baina irtenbideak kanpoan daude. Eredu honek sortu du arazoa, eta eredu berri bat sortu behar dugu, errotik ezberdina dena».
Gizarte eredu berri horrek paradigma aldaketa bat ere behar duela gaineratu du Floresek. Izan ere, azaldu du egungo eredua ezin dela jasangarria izan, horrekin bat egiten ez duen ezaugarri bat daukalako: «Hazkunde infinitua bilatzen du baliabide finituak dituen mundu batean».
Katastrofismoaren aurrean, itxaropena defendatu du Floresek: «Norbaitek zioen errazagoa dela munduaren amaiera irudikatzea kapitalismoaren amaiera irudikatzea baino. Alde horretatik, kontakizuna irabazi behar dugu». Kontakizuna soilik ez. Hirurek nabarmendu dute hitzen ordez ekintzak behar dituela naturak.