Lagunak behar ditu euskarak. Hizkuntza ahotan ibiliko duten euskaldunak, bai, baina baita seme-alabak euskarazko ereduetan eskolatuko dituztenak, euskal kultura lagunduko dutenak eta hizkuntzaren aldeko neurriak begi onez ikusiko dituztenak ere —edo, gutxienez, oztopatuko ez dituztenak—. Euskaltzaleak, hitzaren adiera zabalenean. Nafarroan kezka agertu dute hainbat eragilek, hain zuzen, babes horren falta sumatu dutelako. Azken bi inkesta soziolinguistikoek zurian beltz adierazi dute: hamar urtean, apenas handitu diren euskara sustatzearen aldeko jarrerak —%30 inguruan dira—; kontrako ahotsak, ordea, ugaritu egin dira —%37, azken inkestaren arabera—. Eta ozendu. Kezka hori abiapuntu gisa hartuta, Gero eta aldeko gehiago gizartean txostena aurkeztu du Euskalgintzaren Topaguneak, Iruñeko Kondestablearen jauregian gaur eginiko jardunaldietan. Helburutzat daukate joerari buelta ematea, errealitate soziolinguistikoan eragitea eta aliantza berriak jostea, gaur egun euskaratik urrun daudenak edo ezaxola direnak hurbilduta.
Topaguneak bide luzea egin du txostena ontzeko. «2021eko inkesta soziolinguistikoak eragin zigun kezkan oinarriturik, urte horretantxe hasi ginen lanean», adierazi du Oskar Zapatak, Topaguneko Nafarroako zuzendariak. Oinarrizko lantalde bat eratu zuten diagnostiko bat egiteko eta «gatazka nagusiak non diren» identifikatzeko. Hezkuntzan, komunitatean, arlo juridikoan eta nazio identitateen arteko talkan sumatu zituzten tirabira iturri nabarmenenak, besteak beste. Jardunaldi ireki bat antolatu zuten urte hartan, eta ehun bat lagunen iritziak jaso zituzten, ideia horien inguruan.
2022an eta 2023an, «kontrasterako foroak» ere antolatu zituen Topaguneak: saioak egin zituzten Nafarroako eremu guztietako euskaldun eta euskaltzale taldeekin, baina baita euskararekin kontakturik ez zuten erdaldunekin ere. «Helburua bada aliantzak jostea, ahots ezberdinak adituz bildu behar dira ekarpenak», gehitu du Zapatak. Funtsean, Topagunearen ikerketaren oinarrian dagoen xedea da «etorkizun hurbilean edo ertainean nafar gehienek euskararen aldeko neurriak propio sentitu eta babes ditzaten». Bide horretan, badakite badela «sektore boteretsu bat, euskararen aurka era irmoan eta tematian arituko dena», baina ahal bezainbeste zabaldu nahi dute aliatuen sarea. Hori dela eta, alderdi politikoei, sindikatuei eta eragile sozialei helarazi zieten dokumentuaren zirriborroa iaz, haien artean ere adostasun puntuak aurkitu eta zubiak eraikitzen hasteko. Bide horri segida eman nahi diote aurten.
1
Eztabaida, parametro berrietan
Ikerketaren lehen atalean, jardunbide egokien zerrenda bat proposatu dute Topaguneko arduradunek, prozesuan jaso dituzten iritzietan oinarriturik. «Funtsezkoa da heterogeneotasun kulturala, ideologikoa eta geografikoa kontuan hartzea, eta maizago begiratzea gure ohiko jendeaz harago», aipatu du Zapatak. Euskalgintzara hurbiltzen diren aliatuak «zaindu» behar direla gehitu du Topaguneko kide eta txostenaren beste egileetako batek, Iñaki Sagardoik. «Aitzindariak izan behar dugu aniztasunaren eta berdintasunaren defentsan, zubigintzan jardun eta kulturartekotasuna praktikan jarri».
Garrantzitsutzat jo dute, halaber, «eztabaidaren ardatzak mugitzea». Uste dute euskararen aldeko jarrera identitate nazional batekin edo interes alderdikoiekin lotzea baino aberasgarriagoa izan daitekeela «balioetan oinarritutako posizionamendu politiko» baten gisara aurkeztea: «Garrantzitsua da nafar gizarteari helaraztea euskararen aldeko jarrera, abertzaleen gauza bat izateaz harago, posizio politiko bat dela: aniztasunaren aldekoa, berdintasunaren aldekoa, bizikidetzaren aldekoa, uniformizazioaren eta autoritarismoaren kontrakoa», azaldu du Topaguneko kide Iñaki Sagardoik. Haren irudiko, «bide emankorra» izan daiteke balio horiek defendatzen dituzten eragile erdaldunei gogoeta eragitea, eta euskarara hurbiltzeko «heldulekuak» eskaintzea: «Aniztasunaren alde baldin bagaude, euskararen alde egotea koherentea da; berdintasunean sinestea eta euskaltzalea izatea ere koherentea da; eta bizikidetzan sinesten badugu, gurean euskarak lekua duela aldarrikatzea eta praktikatzea koherentea da».
2
Balio «ekologikoak»
Euskararen inguruan kontakizun berriak eraikitzeko tenorean, ekologian erabiltzen diren zenbait kontzeptu eta balio hartu ditu Topaguneak, hala nola aniztasuna, habitat egokia, jasangarritasuna, berdintasuna eta zaintza. «Nafarroaren ezaugarri gorena aniztasuna bada, euskara da Nafarroako aniztasun eta aberastasun kulturalaren isla», azaldu du Sagardoik. Euskara sustatzearena «aniztasunaren eta aberastasunaren aldeko» eta «uniformitatearen kontrako» hautua dela nabarmendu du.
Euskarara sektore eta eragile gehiago batzeko prozesuan, hizkuntzak herrialdeari egiten dion ekarpena azpimarratzeko apustua egin du Zapatak: «Euskarak bertako ekonomia garatzen laguntzen du, lanpostuak sortzen ditu, antolatzeko modu berritzaileak eskaintzen ditu, eta horrek guztiak aberastasuna ekartzen dio Nafarroari». Horrez gain, euskararen komunitatea «irekia» dela eta edonork parte har dezakeela azpimarratu du: «Kolore, klase eta jaioterri anitzetako jendearekin osatu nahi dugu euskararen komunitatea; izan ere, euskara guztiona da, bakoitzaren neurrira egokitua; zeure erara izan zaitezke euskaldun, bestelako kulturekin aberasturik eta beste identitateekin osaturik».
Euskararentzat «habitat egoki bat» sortzeko beharra ere aipatu du Sagardoik, eta esan du lan hori erakundeei dagokiela: «Legez eta baliabidez bermatu behar da habitat hori; euskarari babesa, sustapena eta prestigioa emanez».
3
Hezkuntza, ardatz
Hezkuntza «integrala» defendatzen du Topaguneak, «Nafarroako aniztasun kulturala eta euskararen ezagutza kontuan hartzen duena». Euskararen ezagutza bermatuko duen «eredu unibertsal bat» proposatzen dute txostenean, «herritar guztiok aukera berdinak izan ditzagun». Halakorik ezartzen ez den bitartean, baina, euskara eskaintzen duten eredu guztiak sustatzearen eta baliabidez hornitzearen alde azaldu dira: D eredua, jakina, baina A eta B ereduek egin dezaketen ekarpena gutxietsi gabe. «Euskararekin kontakturik txikiena ere ez duten eremuetan eta eskoletan, aldeko jarrera handitzeko bide emankorra izan daiteke A eredua ezartzea. Adibidez, Iruñerriko eskola pribatuetan edo Azagran, Buñuelen... Txarra al litzateke toki horietan euskaraz jarduteko eta euskal kultura ezagutzeko tartetxo bat edukitzea?», galdetu du Sagardoik.
Euskara ikasle guztien curriculumean egoteak «logikoa» izan behar lukeela gaineratu dute, «herritar guztion eskubidea baita euskaraz jakitea». Hezkuntzaren bidez euskararako sarbidea erraztearen alde ere egin dute: «Guztiekin partekatu nahi dugu gurea eta besteena. Ez da pasaporterik behar euskal komunitateko kide izateko, irekia dago euskaratik urrun bizi diren guztientzat ere», gehitu du Zapatak. Bizikidetzaren ikuspegitik, Nafarroako herritar guztiek euskara eta gaztelania ulertzea «aitortza eta errespetu ariketa eraikitzaile erraldoia» izanen litzatekeela uste dute: «Nafar orok etorkizunean euskaraz jakiteak herritarren arteko eskubide berdintasunean eta bizikidetzan lagunduko luke».
4
Nola heldu bizikidetzari
Agerikoa da Nafarroan eta Euskal Herrian oro har gatazka bizia dagoela euskara biziberritzeko neurrien eta estrategien inguruan. Ezadostasun eta talka horiek, baina, «naturalak» direla uste dute Topaguneko arduradunek, eta dei egin dute horiek «era demokratikoan» kudeatzera. «Gizarteak dinamikoak dira. Errealitate soziolinguistikoa aldagarria da, ez da finkoa edo mugiezina, nahiz eta bulkada soziopolitikoa behar den alde batera edo bestera eramateko; egungo egoera, beraz, euskararen mesederako alda liteke, neurri sustatzaileagoak hartuz». Administrazioaren rola nabarmendu dute Zapatak eta Sagardoik: «Egokiena litzateke euskara eta gaztelania hizkuntza propioak izanik biek estatus bera edukitzea». Horrekin batera, baina, ontzat jo dute «ekosistema eta egoera bakoitzerako neurri sustatzaile propioak diseinatzea eta indarrean jartzea», kasuan-kasuan, eremu bakoitzeko egoera soziolinguistikoaren arabera.