Hare mugikorrak proiektupean

Donostiako metroa gelditzeko protesta egin dute. Zubieta kaleko bizilagunak ez dira etxera itzuli

Dozenaka herritarrek egin zuten protesta atzo, Donostian, metroak eragindako kalteen aurka. BERRIA.
Maider Galardi
Donostia
2020ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Kontxako hondartza atzean eta jendea larunbat arratsaldeko paseoan. Giro hezea dabil, baina ateri da Donostian. Marko paregabea da kanpoan eta lur gainean. Bestelakoa da, ordea, giroa Londres hotelaren barnean eta lur azpian. Metroaren obrek zulo bat sortu zuten ostiralean Zubieta kaleko eraikin baten sotoan, eta Londres hotelean daude orain bizilagunak, egoera konpondu bitartean. Atzo bildu ziren kaltetuak Eneko Goia Donostiako alkatearekin eta Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Azpiegituretarako sailburuarekin. Eta, bilerak iraun bitartean, kanpoan batu ziren dozenaka herritar metroaren obrak gelditzeko eskatzeko. Lurra zulatzen duzue zuen poltsikoa betetzeko leloa irakur daiteke pankartan, eta, ateri izan arren, bada aterki hori bat zabalik: Stop metroa dio.

Hainbat donostiarrek deialdia egin zuten metroaren obrek eragindako kalteak salatzeko. Zehazki, Zubietako kaleko 8. zenbakiko eraikinaren zutabe bat oinarririk gabe gelditu da, eta zulo bat sortu da zimenduetan. Arazoaren jatorria 120 metro harago egiten ari diren tunel batean dago. Itsas mailatik behera ari dira obrak egiten orain, metroak Kontxako hondartza ondoan izango baitu irteera bat, eta bertan egiten ari dira lanak orain. Ur filtrazio bat izan zen, ordea, eta 20 metro kubikoko zuloa eragin du horrek.

Satorralaia bizilagun elkarteko bozeramaile Mikel Alvarezek, baina, ohartarazi du ez dela lanek Donostiako etxebizitzetan kalteak eragiten dituen lehen aldia: «Jaso ditugu bestelako kexa batzuk ere. Arrakalak azaldu dira hainbat etxebizitzatan, zimendu batzuek dar-dar egin dute obrek iraun bitartean...». Kezka adierazi du June Iartza donostiar gazteak ere: «Aspalditik ikus zitekeen arazoak egongo zirela, baina ostiralean argi gelditu zen gure bizitzak arriskuan daudela».

Alvarezek ohartarazi du lur azpian egoera oso ezegonkorra dela: «Han aritutako batzuek esan digute ura belaunetaraino iristen zaiela». Oroitarazi du, gainera, Satorralaiak eskaera egin zuela txosten tekniko bat egiteko, metroaren obrek lur azpian zein kalte eragin zitzaketen zehazteko: «Ez ziguten kasurik egin, eta orain, bistan dira arazoak»

Bizilagunak baretu nahian

Protestek iraun bitartean, bizilagunak baretu nahian aritu dira Goia, Tapia eta Euskal Trenbide Sarearen obra arduraduna. Aitortu dute arazoak egon direla, eta obra arduradunak esan du lur azpiko egoeraren «segurtasun osoa» bermatzeko, azterketa gehiago egin beharko dituztela. Orain, lehentasuna da lur azpia iragazgaitza egitea, urik ez sartzeko. Hala baieztatu du Tapiak ere, inguru horretan ikerketak egiten ari direla, eta eraikinetan ez dela «mugimendurik egon».

Bien bitartean, protestak segitu du kanpoan. «Donostia ez zulatu», «Metroaren dirua gastu sozialentzat» oihuka aritu da jendea, eta salatu dute hiri ereduaren eztabaida dela muinean dagoena: «Sustatzen ari diren hiri eredu erasokorraren adierazpena da atzokoa —ostiralekoa—», nabarmendu du Alvarezek.

Adierazpenak eta mobilizazioa amaituta, larunbat arratsaldeko paseoan segitu du jendeak, baina Zubieta kaleko 8. zenbakikoak Londres hoteletik metro gutxira mugitu dira, eraikinera sartu-irtena egiteko, gauzak hartzera. Segurtasuna bermatu arte, ez baitira itzuliko etxera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.