"30 urte aski da!". Honela hasten da Frederic Haranburu Xistorren baldintzapeko askatasun eskaera errefusatua izan ondotik Ipar Euskal Herriko ordezkaritzak plazaratu duen agiria. Asteartean eman zuen ebazpenaren berri Zigorrak Ezartzeko Auzitegiko epaileak. Haren ustez, presondegian 30 urte iragan ondoren Haranburu askatzea ordena publikoa «azkarki trabatzea» litzatekeela, bai eta «arriskua» ere ETAk jarduera armatua berriz hartuko balu. Ipar Euskal Herriko ordezkaritzak oroitarazi du badela hamabi urte Haranburuk baldintzapean aske ateratzeko eskubidea duela, baina orain arte egin dizkioten eskaera guziak errefusatuak izan zaizkiola. Auzitegia askatzearen alde agertu den aldi oro, Terrorismoaren Kontrako Ministerio Publikoak helegitea ezarri du. "Ez ditu kontuan hartzen Euskal Herriko bake prozesua eta Haranburu jaunak hortan duen parte hartzea ere, eta muzin egiten dio haren osasun egoerari. Erabaki honek Haranburu jauna kartzelan hiltzeko xedea du", adierazi dute.
Haserre tonua nabaria da zabaldu duten mezuan: "Erabakia mantentzen bada, agintari politikoen ardura izanen da frustrazioa eta haserrea eragiten duten egoera honi aurre egitea", Ipar Euskal Herriko ordezkaritzako kideen hitzetan. "Ez dugu onartzen azken hamar urteetan gizarte baketsu bat eraikitzeko ezarri diren indarrak mendeku gogoak zapuztu ditzan".
Orain dela bi urte osatu zuten Ipar Euskal Herriko ordezkaritza, ETAren armagabetzearen ondotik Frantziako Justizia Ministerioarekin elkarrizketak eramateko. Joan den ostiralean zabaldu zuten bi urte hauez egiten duten bilana, eta jadanik abisatu zuten fiskaltza antiterrorista dela gaur egun oztopo nagusia hainbat dosier aitzinarazteko. Elkarbizitza helburu, hemendik aitzina beste fase batera pasatzeko borondatea agertu zuten, eta bide horretan kokatu presoen auziari konponbide integral bat atzematea. Azaroaren 2rako gogoeta egun bat antolatua dute, eta horretan parte hartzera gomitatu dituzte hautetsi eta erakunde politiko eta sozialetako ordezkariak.
Honako hauek izenpetu dute Ipar Euskal Herriko ordezkaritzaren izenean bidalitako agiria izenpetu dutenak:
Jean-Rene Etxegarai, Euskal Elkargoko lehendakaria eta Baionako auzapeza (UDI)
Kotte Ezenarro, Euskal Elkargoko lehendakariordea eta Hendaiako auzapeza (PS)
Michel Veunac, Euskal Elkargoko lehendakariordea, Akitania Berriko kontseilaria eta Miarrizteko auzapeza (Modem)
Alain Iriart, Euskal Elkargoko lehendakariordea eta Hiriburuko auzapeza (EH Bai)
Lucien Betbedere, Auzapezen Biltzarreko lehendakaria eta Lekorneko auzapeza
Max Brisson, senataria eta Pirinio Atlantikoetako Departamendu kontseilaria (LR)
Vincent Bru, diputatua (Modem)
Frederique Espagnac, senataria eta Akitania Berriko kontseilaria (PS)
Emilie Dutoya, Akitania Berriko kontseilaria (PS)
Alice Leizagezahar, Akitania Berriko kontseilaria (EELV)
Michel Tubiana, Giza Eskubideen Ligako ohorezko lehendakaria eta bakegilea
Mixel Berhokoirigoin, bakegilea
Anaiz Funosas, Bake Bidea mugimenduko presidentea