Tortura. Roxika Iriarte eta Eneko Villegas. Nafarroako Torturatuen Sareko kideak

«Hanka sartze handia litzateke ikerketa ofiziala ez egitea»

EAEn egin zuten bezalako ikerketa bat nahi dute Nafarroan: torturaren «argazki erreala» izateko. «Geure buruari eta herriari zor diogu».

JAGOBA MANTEROLA / @FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
Antsoain
2022ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Bi gauez amesgaiztoak eginda etorri da Roxika Iriarte Laset Nafarroako Torturatuen Sareari buruzko elkarrizketara (Antsoain, 1982): «Nire formularioa oraindik bete gabe daukat». Pausatuki mintzo da, halere, eta gisa berean Eneko Villegas Amezketa ere (Atarrabia, 1985).

Gaur aurkeztuko dute Nafarroako Torturatuen Sareak sortu berri duen elkartea, Berriozarko Musika Eskolan, baina nabarmendu dute sare gisa funtzionatzen segituko dutela. Tortura pairatu dutenei aurkeztuko diete elkartea lehenik, 10:00etan, eta kazetari, politikari eta bertzelako herritarrei ondotik, 11:30ean. Tortura eta tratu txarrak jasan dituztenen errolda egiten ari dira orain, baita haiek nola zaindu pentsatzen ere: «1.000 torturatu inguru gaude Nafarroan, baina horren atzean daude mila bizitza, mila aurpegi». Horienak, bi.

2019an sortu zenuten Nafarroako Torturatuen Sarea. Zergatik Nafarroakoa?

ENEKO VILLEGAS: Ikusten genuelako gabezia bat zegoela Nafarroan. Euskal Autonomia Erkidegoan badago lanketa bat eginda, badago lege bat, eta, gure kasuan, gertatu zen bazegoela lege bat, baina Auzitegi Konstituzionalean errekurtsoa jarri zutela.

ROXIKA IRIARTE: Testuinguru horretan Paco Etxeberria eta haren taldea egiten ari zen ikerketa zegoen. Horrek oso agerian uzten zuen Nafarroaren hutsunea.

Hain justu, hasieratik eskatu duzue EAEn bezalako ikerketa ofizial bat egitea Nafarroan ere. Nola dago kontua legez?

E. V.: 1978 bitartekoa onartu zuten, baina kolokan geratu zen geroztik izandako kasuena: asko gara 2014ra bitarte inkomunikazio egoeran tortura pairatu dugunak. Aurrerapausoak badira, estatu indarkeriaren 16/2019 legea onartu da, baina ez da aski. Horretan gure ekarpena egin nahiko genuke: edozein momentutan, egiten ari garen lan hau guztia eskaini nahiko genioke horrelako lanketa bat egiten duen edozein talde, lege edo dena delakoari.

R. I.: Nik, pertsonalki, ez daukat espektatiba handirik aitortza orokor bat izango denik, ulertuta modu sistematikoan erabili dela tortura, erabilpen politiko batekin, gainera. Baina etor daitezke bestelako aitortza batzuk.

Nolakoak?

R. I.: Legeak aukerak eman ditzake, eta jada ari da: legearen testuinguruan egituratzen ari gara guztia. Komunikabideetan ere ikusten dugu: beste komunikabideak, urteetan beste alde batera begiratu dutenak, orain igual prest daude guri ere hitza emateko, zailtasun guztien gainetik. Eta, orokorrean, jendartean badago bestelako entzuteko gaitasun bat. Ez da soilik lege batetik, faktore ezberdinak dira: Parlamentuak ere aukerak eman ditzake. Harremanetan gaude hainbat talde parlamentariorekin.

Uste duzue ikerketa ofiziala egin eginen dela?

R. I.: Uste dut baietz. Klase politikoak zailtasun asko izango ditu bestela justifikatzeko zergatik ez den egingo. Iruditzen zait zor diogula geure buruari, gure herriari, hurrengo belaunaldiei, honen inguruko argazki erreal bat ematea. Hanka sartze handia litzateke ikerketa ofiziala ez egitea.

E. V.: Baldintza guztiak daude hori aurrera ateratzeko. Gainera, harremanak eduki ditugu, eta ongi artatuak sentitu gara. Gizarteak ere badaki: gutxi batzuek jarriko lukete zalantzan guri gertatua.

Tortura pairatu dutenen errolda egiten ari zarete, herriz herri, formularioekin. Zer moduz doa?

R. I.: Abenduan hasi ginen, eta jada 700 bat formulario banatu ditugu. Zenbait gune jarri ziren herrietan, ustea zelako identifikatu gabeko kasuak zeudela. Azken 60 urteez hitz egiten ari gara, eta badaude hilda dauden pertsonak, oso helduak direnak... Eta badaude pertsona batzuk ez dutenak salaketa egin oraindik: ez diotenak aitortu beren buruari, beren ingurukoei, torturatuak izan direla.

Espero ez zenituzten kasuak atzeman dituzue?

R. I.: Bai. 144 bat formulario aurreikusi ez genituen kasuenak dira. Beti erraten dugu mila kasu inguru daudela Nafarroan, baina oraindik ez da datu zehatza, baizik eta hurbilpen bat.

E. V.: Guneekin jarraitzeko asmoa dugu, behintzat Zabaldin [Iruñea] eta Altsasun. Zabaldin asteazkenetan egonen gara, 18:00etatik 20:00etara.

Aurkezpenaren lehen zatia tortura pairatu duzuen pertsonentzako izanen da. Zer garrantzi du zuek bakarrik elkartzeak?

R. I.: Sekulakoa. Ez dugu erabaki tortura pairatzea, baina pairatu dugu; orduan, egoera baten jabe gara, eta guri dagokigu, kontzientzia dugun momentutik, gure izenean hitz egin nahi badugu, gure artean eztabaidatzea. Hamaika kontu ditugu hitz egiteko: zer zailtasun topatzen ari garen formularioak betetzeko... Ze, kostatzen da. Zailtasun horiez ere hitz egin behar dugu, zaintza planteamendua nola egin nahi dugun, gure artean zaintzea, eta prozesua bera ere bai.

E. V.: Finean, guk bakarrik igual ezin diogu aurre egin, baina, komunitatea sortzen baldin badugu, sare hori, gerturatu den horri erakutsiko diogu ez dagoela bakarrik. Asko gara, eta elkartu nahi dugu, elkar ezagutu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.