Oskar Matute. Alternatibako bozeramailea eta EH Bilduko legebiltzarkidea

«Hanka bat izan behar da instituzioetan, eta bestea, kalean»

Matutek uste du EH Bilduk gizartera zabaltzen jarraitu behar duela, herritarrekin eta eragile sozialekin lankidetzan aritzeko. Baikor dago etorkizunera begira, ezker politikoak hegemonia lor dezakeelakoan.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
enekoitz esnaola
Bilbo
2015eko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Egunotan joango da oporretara Oskar Matute (Bilbo, 1972) Alternatibako bozeramaile eta EH Bilduko legebiltzarkidea, baina ez luzerako, abuztuaren hasieran martxan izango baita.

Maiatzeko bozetan ezkerrak lehen baino boto gehiago jaso zituen, baina, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bederen, EAJ da nagusi erakundeetan. Zer hausnarketa eragiten dizu horrek?

Herrialdeotan, ezker politikoak ez du herritarren aldetik jasotako babesaren adinako islarik erakundeetan. EAJk lortu du botere instituzionala bereganatzea, baina horrek ez du esan nahi lehen baino indar handiagoa duenik.

Zergatik diozu hori?

Ez nuke esango inoiz baino errotze sozial handiagoa daukanik.

Zein da zure balantzea?

Ni baikor nago, etorkizuna interesgarri baitator. Gero eta herritar gehiagok hautatzen dute ezker politikoaren eskaintza. EH Bilduk eutsi egin dio lehen zeukan indarrari, gobernu batzuk galdu dituen arren, eta, gainera, aldaketa politikoa eta soziala aldarrikatzen duten beste eragile batzuk sartu dira: Ahal Dugu, Irabazi eta herri plataforma batzuk.

Balizko bazkide al dituzue?

Oraindik ere gizarteko arlo batzuek gurekiko badute errezelorik, nahiz eta gauza askotan bat egiten duten gure planteamenduekin. Lan handia dugu egiteko, eta eremu handia lantzeko. Jende horri ere azaldu behar dioguaukera politiko irekia, plurala eta bateratzailea dela EH Bildu, eta gai garela eskuin politikoari hegemonia borrokatzeko.

EAEn EAJren alternatiba osatzeraino?

Ezker politikoak badu ahalmen hori. Hemen badago oinarri sozial bat aldaketa politikoa eta soziala nahi duena. Oinarri horrek konektatu beharra dauka.

Ahal Dugu-ko botoemaileen soslaia askotarikoa da, baina, agian, gehien Alternatibara hurbiltzen da EH Bildun. Aukera bat galdu duzuela uste al duzu?

EH Bilduko alderdi bakoitzak ditu bere zereginak, baina garrantzitsuena da EH Bilduk berak zer egin behar duen zehaztea. Haren izaera kolektiboa definitu behar dugu, jakinda plurala dela. Gogoeta egiten ari gara fronte zabalaz.

Zer da fronte zabala?

Borroka sozialaren eta nazionalaren uztarketa lortzea eginkizun du euskal ezker politikoak.

Egituraketa aldetik, zer asmo?

EH Bilduk zabaldu beharra dauka, bertako lau alderdietako kide ez den jendeari ere parte hartzeko aukera emateko.

Koalizioan aldaketa sakona egin nahi al duzue?

EH Bilduk ezin du izan alderdien koalizio klasiko bat, ezta hauteskunde marka huts bat ere. Ezin gara aktore indibidual eta kolektiboentzat balazta bat izan, Euskal Herriko ezkerraren indar bateratzaile nagusia izateko xedea baitugu. Zabaltasunaren lurrin horren bila jotzea da funtsezkoa.

Euskal Herrian, alderdi politikoek ez al dute, ordea, kontrolerako tradizio edo joera handiegia?

Guk erabakien uneoroko kontrol edo zaintza saihestu behar dugu, baldin eta tresna hau irekia izatea nahi badugu.

Hauteskundeetako hautagai nagusiak aukeratzeko orduan, ez al zarete nahiko itxiak izan?

Proiektu hau herritarrentzat bada, herritarrek proiektuaz erabakitzeko ahalmena izan behar dute. Asko dugu hobetzeko hautagaien aukeraketan. Alderdion kuotak saihestu, eta ezinbestekoa da denon artean hautagairik onenak aukeratzera jotzea. Aniztasuna gehiago bermatuko litzateke. Izaera horrekin arituz gero, ezin dugu mugarik jarri hautaketa formuletan; berdin dit primarioak egiten ditugun, batzar zabal eta jendetsuak...

Maiatzeko hauteskundeen ondoren, autokritika egin eta herritarrekin egongo zinetela iragarri zenuten. Zer moduz?

Autokritika zintzo bat egin genuen, eta, prozesu horren ondorioz, indartuta aterako gara.

Herritarrekin izandako harreman horretan, zein izan da autokritika nagusia?

Tokian-tokian egoera desberdinak daude, baina, funtsean, EH Bilduk maila nazionalean egindako autokritikarekin bat datoz. Oro har esan dena da: etorkizun bikaina du EH Bilduk, baina gaurko egoera aintzat hartu behar du pausoak emateko. Hau da, Euskal Herria plurala da, errealitate eta lehentasun desberdinak daude, eta osagai denak kontuan hartu behar dira gero erabakiak hartzeko, eta ez lan hori egiteke erabakia hartu eta gero hori ezartzen saiatu.

Duela lau urte hainbat eta hainbat gobernutara iritsi eta politika batzuk martxan jartzean abiapuntu okerra izan al zenuten?

Instituzio bateko gobernura iristeak derrigorrean ez du esan nahi instituzio hori dagoen lurraldeko boterea duzunik. Pentsamendu kolektibo soziala ez bada zurealdekoa, instituzioetan egonda ere ez duzu nahikoa gaitasun izango erabakiak garatzeko. Kontua ez da soilik instituzioak ondo kudeatzea; instituzioak gizartea eraldatuz eta herri bat eraikiz joateko tresna dira.

Gabezia hori izan al duzue?

Hartu, adibidez, Gipuzkoa. Han, egundoko emaitzak izan genituen 2011n, baina hautetsontzietako babes hori ez da nahikoa izan aldaketa soziala eta politikoa baldintzarik onenetan gauzatuz joateko. Hanka bat instituzioetan izan behar da, eta bestea, kalean.

2011tik aurrerako hauteskundeetan, 300.000 botoren bueltan ibili da beti EH Bildu, baina erakundeetako indar hegemoniko izatetik urruti samar dago. EAJk Eusko Legebiltzarrerako bozetan 100.000 boto kentzen dizkizue.

Herri honetan inor ez da indar hegemoniko izango Bilbo Handian ez bada eragile indartsua, ia 900.000 lagun bizi baitira han.

Eta EH Bildu Bilbo Handian botoen %13 inguruan dabil.

Gure koalizioa, ezkerrekoa ez ezik, independentista ere bada, baina horrek ez du eragozpen izan behar Bilboko eta Ezkerraldeko herritarrentzat. Nola lan egin, ordea? Bertako jendearen benetako arazoak konpontzeko proposamenak landuta. Ez naiz esaten ari EH Bilduk Euskal Herri batu eta independentearen aldarrikapenak lausotu egin behar dituenik han. Esan nahi dudana da hango eremu ez-abertzaleko jendea limurtu egin behar dugula haien bizi baldintzak hobetuko dituen eskaintza bat eginda. Haiek hobeto bizitzeko borrokatu behar gara. Ezin dugu azentu berarekin joan Lekeitiora eta Barakaldora.

Zuek, Alternatiba gisa, gabezia edo behar hori ikusten al zenuten lehendik?

Jendeak esaten digu EH Bildu euskal presoez edo independentziaz baino ez dela kezkatzen. Baina hori ez da horrela: Eusko Legebiltzarrean aurrera eraman ditugun ekinbideen %80 pasa arlo sozioekonomikokoak izan dira; sektore publikoaren, hezkuntzaren, osasunaren, langileen, feminismoaren eta abarren defentsa egin dugu. Baina begira zer pentsatzen duen jende askok gure jardueraz. Arazo bat daukagu hor, eta lortu behar dugu aldatzea.

Nafarroan mezu horrek eraginkortasun handiagoa izan al du?

Bai. Baina Nafarroan mezu hori gizarteratzea errazagoa izan da, UPNren gobernu despotiko bat egon baita. Gainera, UPNren politiken aurkako mugimendu sozial indartsu bat eratu zen, alderdien agenda baldintzatzeraino, lehentasunak non diren esanez. Hori da EAEn falta zaiguna.

Zergatik?

Erkidego honetan oraindik ere jende askok pentsatzen du EAJk ez duela politika eskuindar edo neoliberal bat egiten. Barcinaren UPNren kontra egitea baino zailagoa da hemen EAJren aurka egitea. Eta aurka gogor egingo balitz, gainera, arriskua legoke kontrako efektua lortzeko; hau da, jendearengandik urruntzeko.

Zer mezu ematearen alde zaude, hortaz?

Ez diegu horrenbeste erreparatu behar beste alderdiei. Herritarrak izan behar ditugu buruan, eta haiekin aritu, denon artean zertarako prest gauden aztertuz. Badira lantzeko eremuak: etxegabetzeak, langabezia, berdintasuna, ingurumena... Hegemonikoa izan nahi duen ezkerreko indar batek aliantza lehendabizi bere herriarekin egin behar du; mugimendu sozialekin eta herritarrekin, hain zuzen.

Euskal gatazkaren ondorioak itxi gabe egotea eragozpena al da EH Bilduren bilakaerarako?

Indarkeria mota bat desagertu da [ETArena], baina badira beste batzuk oraindik: sakabanaketa, polizia jazarpena... Eta, gainera, gatazkaren ondorioak amaitu gabe dira. Horrek zaildu egiten du EH Bilduren hazkundea. Horregatik sinisten dut nik aldebakartasunean. Guk geuk izan behar duguaurrenak mugitzen gatazkaren ondorioak konpon daitezen.

Zer pauso emanda?

EH Bilduk aurrerapausoak eman ditu, eta segitu behar du ematen. Adibidez, sektore batzuekiko enpatia handiagoa bilatuz. Bizi baldintzak-eta hobeak izateko, EH Bildu ez da eragozpena izango. Gainera, egoera hobe bat izateak aukera handiagoa sorraraziko du prozesu eratzaile bat egiteko.

Espainiako Estatua hori geldiarazi nahian al dabil?

Gobernuak ez du agertoki demokratiko bat nahi; beldurra dio horri, eta horregatik ari da zangotrabatzen ETAren armagabetzea.

Zu Ezker Batuan ibili zinen. Zer diozu Espainiako Estatukoezker politikoari buruz?

Badakit, adibidez, Pablo Iglesiasek lehen zer pentsatzen zuen, eta, estatuan inoiz ardura postu garrantzitsurik badu, gustatuko litzaidake gauza bera pentsatuko balu. Baina hemen garrantzitsua euskal ezker politiko indartsua egotea da, eta, gaur-gaurkoz, Euskal Herrian indar hori EH Bildu da. Ikusiko dugu beste indar batzuek zer bilakaera duten.

Zuk uste duzu estatuan aro berri bat zabal daitekeela?

Estatuan behar dena da haustura demokratiko bat, eta ez erreforma bat.

PSOEk iragarri du konstituzio erreforma bat bultzatu nahi duela, eta Urkulluk aitortu du harekin ituna egin nahi duela.

Urkullu erakusten ari da euskal estatuaren bisio txikia daukala. Arduradun instituzional batek bere alderdiarentzat lasaitasuna eta erosotasuna bilatzeak ez du derrigorrean esan nahi hori izango denik onena hark ordezkatzen duen herriarentzat. Erabakiak euskal herritarren artean hartzeko tresnak lortu behar ditugu, eta Urkullu ez da ari formula horren bila. Are gehiago, esango nuke PSOErekin ituna egin nahi horretan ez duela nahi halakorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.