Handituz doa arrakala Nafarroako Ahal Dugu-ren barruan, Orain Mugituz ildoak gogor salatu baitu haren Berme Batzordeak Laura Perez parlamentaria alderditik kanporatu izana. Perezek berak aurkeztu zuen Orain Mugituz joan den abenduan, eta orain, krisi betean, taldearen babesa jaso du. Mugimenduaren ustez, kanporatzearen atzean «sakontasun politiko handiko erabakia» dago: «Zuzendaritzaren erabakiekin desadostasuna azaldu dugun pertsona talde oso baten aurkakobidegabekeria da». Sare sozialetan zabaldu du oharra taldeak.
Hala ere, Eduardo Santos Nafarroako Ahal Dugu-ko idazkari nagusiak ez du uste alderdian krisirik dutenik. «Ahal Dugu-ren eta lau parlamentariren arteko krisia da», esan du Euskadi Irratiko elkarrizketa batean. Kode etikoa urratzeagatik utzi dute Perez antolakundetik kanpo, Santosek zehaztu duenez; «guretzat oso-oso garrantzitsua da kode etikoa». Orain Mugituz-en arabera, ordea, ez Perezek eta ez haren ildo bereko beste hiru parlamentariek—Ruben Velascok, Carlos Cousok eta Fanny Carrillok— ez dute urratu kode etikoa: «Halako akusazioak egitea arduragabekeria larria da». Haien iritziz, Ahal Dugu-ko zuzendaritzak ezinikusi pertsonalak lehenetsi ditu.
Berme Batzordearen autonomia zalantzan jarri du Perezen-eta alde atera den taldeak. «Diziplina ezartzea badagokio ere, ez du nahikoa ezagutza juridikorik. Gainera, bere inpartzialtasuna erabat zalantzazkoa da». Batzordeko kideek Santosen hautagaitzan parte hartu dutela uste du mugimenduak. Idazkari nagusiak nabarmendu du «organo independentea» dela batzordea.
Urtebete pasa geratzen da foru hauteskundeetarako —2019ko maiatzean izango dira—, eta talde kritikoak iritzi dio horrek bultzatu duela zuzendaritza «garbiketa ideologikoa» egitera, «Laura Perezi etorkizuneko jokaleku politikoan presentzia izatea eragozteko edo zailtzeko».
Zuzendaritzaren jardunbidea «gardentasun eskasekoa» izan dela dio, eta uste du militanteei iritzia ematea galarazi zaiela. «Ebazpen horrek Ahal Dugu-ko pertsona askoren bazterketa dakar, ez soilik zuzendaritza berriaren politika posibilistaren aurka gaudelako, baita barruko praktika ez demokratikoen eta bertikalen aurka gaudelako ere».
Akta uzteko eskaera
Santosek aitortu du alderdiak ezin diela kendu parlamentari akta, hori pertsonala delako, baina bai eskatu diela utz dezatela. «Zergatik jarraitu behar dute gustatzen ez zaien proiektu batean», galdetu du. Velascori, Cousori eta Carrillori egotzi die «lerratzen» ari direla «kode etikoa hautsi duen pertsona batekin», eta esan du haiek eman beharko dituztela azalpenak.
Ahal Dugu-ko parlamentari taldea bitan zatituta dagoela-eta, idazkari nagusiak ez du uste arriskuan dagoenik bere ildoko Ainhoa Aznarez Nafarroako Parlamentuko presidenteak karguan jarraitzea. «Haiek [kritikoek] behin eta berriz esan dute bermatzen dutela [gobernu] aldaketa eta leialak izango direla horrekin. Kanporatuko balute Aznarez presidentetzatik, egundoko ezegonkortasuna sortuko lukete».
Handituz doa Ahal Dugu-ko arrakala
Orain Mugituz taldeak bidegabekeriatzat jo du Perezen kanporatzea. Santosek dio organo independente bat dela Berme Batzordea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu