Gipuzkoako Fiskaltzak hamazazpi urteko kartzela zigorra eskatuko du gizon batentzat, haur pornografia partekatzeagatik eta zortzi neska adingaberen aurrean exhibizionismoa egiteagatik, Internet bidezko bideokonferentzietan. Fiskaltzak nabarmendu du akusatuaren esku zegoen material pornografikoa «bereziki apalgarria eta umiliagarria» dela. Poliziak adingabeei egindako 193 bideo sexual eta 2.975 argazki aurkitu zituen haren etxean. Laster epaituko dute.
Fiskaltzaren arabera —EFE agentziak eskuratu du haren behin-behineko idatzia—, akusatuak nerabeen material esplizituki sexualaren hamar artxibo deskargatu zituen 2020ko otsailaren 5a eta martxoaren 18a bitartean. Gero, ustez material hori urrutiko biltegiratze sistema batean jarri zuen, beste erabiltzaile batzuekin partekatzeko. Uste dute Zaragozako (Espainia) erabiltzaile batzuekin partekatu zuela, baina ezin izan dituzte identifikatu. Uste dute gizonak bere sakelako telefonoan eduki zituela artxibo horiek, aplikazio informatiko baten bidez ezkutatuta. Akusatuaren ordenagailua eta sakelako bi telefono aztertuta ikusi dute Errusian kokatutako webgune batera sartzen zela. Webgune hori erabili ohi dute adingabeen material pornografikoa eskuratzeko.
Adingabeen bila bideokonferentzietan
«Akusatuak bere ordenagailua erabiltzen zuen ausazko bideokonferentzia sistema batean sartzeko», dio fiskaltzaren idatziak. Erabiltzailea aldatu egiten zuen, adingabeak topatu arte, «argi eta garbi oraindik nerabeak ez zirenak, eta orduan masturbatzen hasten zen kamera aurrean». Ustez irudi horiek grabatu egiten zituen, gero berak erabiltzeko. Era horretako bost bideo eta hamalau argazki aurkitu dituzte. Zortzi adingabe identifikatu dituzte irudietan: «Jokabide horren aurrean ez zuten sexu ekintzarik egiten, begiratu egiten zuten».
Fiskaltzak haur pornografiaren zabalkunde delitua leporatu dio, baita haur pornografia izatea ere. Larrigarritzat jo du materialaren izaera apalgarria eta umiliagarria. Adingabeen aurrean exhibizionismo lizuna egin izanaren zortzi delitu ere egotzi dizkio. Hamazazpi urteko kartzela zigorra eskatuko du, eta kartzelatik ateratakoan hamar urtean behin-behineko askatasunean egotea.
Iruñean, berriz, udaltzainek 72 urteko gizon bat atxilotu zuen iragan ostegunean, bost adingaberen aurrean exhibizionismoa egiteagatik. Exhibizionismo delitua, intimitatearen kontrako delitua eta norberaren irudiaren eskubidearen kontrako delitua egozten dizkiote.