Hamazazpi eskolak ezkaratza eraikitzeko eskatu diote Jaurlaritzari

Gure Platera Gure Aukera taldearen arabera, sare publikoko eskolen herenek bakarrik daukate sukaldea Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Eskaeraren berri emateko agerraldia, atzo, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Javi West Larrañaga.
Bilbo
2023ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Gaur Platerean Jateko Nazioarteko Eguna dela aprobetxatu du Gure Platera Gure Aukera taldeak aldarrikatzeko eskola guztiek eduki behar dutela ezkaratza. Hamazazpi ikastetxek eskari komuna egin diote Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari euren eskoletan sukaldea eraikitzeko, atzo Bilbon egindako prentsaurrekoan jakinarazi zutenez. Taldeak emandako datuen arabera, ikastetxe publikoen herenek bakarrik daukate ezkaratza ikastetxean bertan, eta gainerakoetara sukalde zentraletan prestatutako janaria garraiatzen dute.

Gure Platera Gure Aukerako Lurdes Imazek azaldu duenez, 2019-2023ko Hezkuntza Azpiegituren Planak dagoeneko jasotzen zituen lerro estrategikoetako bat da «lekuan lekuko sukaldeak berreskuratzea», eta sei ikastetxetan eraikitzeko konpromisoa hartu zuen Hezkuntza Sailak. «Hala ere, plan hori 2023an amaituko da, eta, oraingoz, sei horietatik bi bakarrik egin dira»,

Ikastetxe horiez gain, sukaldea eskatu duten hamabost eskola biltzen ditu eskaera komunak —Atxondo LHI eta Zabalarra LHI Hezkuntza Sailaren planean daude— baina oraindik ez dute erantzunik jaso.

Aldatuz joan da joera urteotan. Azken hamarkadetan, nagusitu da sukalde zentralizatuen bidez hornitzea jantokiak, eta «tradizioa» egon da sukalderik gabe egiteko eskolak. Hezkuntza Saila hori alboratzen hasi den arren, pausoak «motel» doazela iritzi dio Imazek.

Sukaldearen abantailak

Eskolek sukaldea edukitzeak hainbat abantaila dauzkala esan dute. Batetik, «nabarmen murrizten du elikagaien xahuketa», goizean goiz kalkulatu dezaketelako zenbat janari egin, ikasleak zenbatu ostean. Bestetik, argudiatu dute bazkariak «zapore eta nutrizio balio guztia» mantentzen duela zerbitzatu baino denbora gutxi lehenago prestatuta.

Janariaren jatorria aukeratzeko abagune gehiago izango dituztela uste du taldeko Eneko Viñuelak. «Sukaldeak tresna bat izango dira hurreko produktua, sasoikoa, freskoa eta jasangarria gure seme-alaben menuetan egon dadin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.