«Une zailak dira, baina bizitzak aurrera darrai». Aurrez iragarritako heriotzaren kronika izan da. 1995 martxoaren 28an Juan Cruz Alliren ekimenez sortutako CDNk bere ibilbidea amaitutzat eman du. Hala erabaki zuen atzo ezohiko batzarrean militanteen gehiengo handi batek. Alderdiaren estatutuek zehazten dute erabaki garrantzitsuak hartzeko bi heren behar direla. Atzo batzarrean 70 kide inguru ziren, eta Jose Andres Burguete CDNko presidentearen arabera, bi orduko eztabaidaren ostean, «aise» gainditu zen gehiengo hori.
CDNren amaieraren arrazoi nagusia, jakina, maiatzaren 22ko hauteskunde emaitza txarrak izan dira. Izan ere, hasiera arrakastatsutik hona gainbehera etengabea izan du CDNk, bereziki 2003ko legealdian UPNrekin gobernu koalizioa osatzea erabaki zuenetik. Hala, 1995kohauteskundeetan 55.000 boto inguru eta hamar parlamentari lortzetik aurten 4.654 boto eta Parlamentutik at geratzera pasa da CDN.
Alderdiko goi kargu nagusiez inguratuta izan arren, albiste txarra ematea Burgueteri egokitu zitzaion. Giro tristea sumatzen zen CDNko kideen artean; aldiz, ikusmin handia zegoen komunikabideen artean. «Inoiz ez dira hainbeste mikrofono eta kamera izan», aipatu zion militante batek beste bati. Ironia berarekin ekin zion CDNren epilogoari Burguetek komunikabideen presentzia eskertzerakoan: «Beste une batzuetan, gure proposamenak aurkezterakoan, faltan bota dugu, bai, presentzia hori».
CDNren ikuspuntutik, proiektu politikoa beti «koherentziaz» defenditu dute eta euren printzipioekiko leial jokatu dute. Uneoro muturreko jarrerak leundu eta baztertzeko borondatea izan dutela esan zuen Burguetek eta «gobernu kanpotik zein barrutik» gobernabidea bermatu dutela.
Hala, CDNk egiaztatu du hauteskundez hauteskunde gizarteak babesa kendu egin diola, baina horren arrazoia azaltzerakoan autokritikarik ez du egin. «Jabetzen gara zentrismoaren ñabardurak ez datozela bat muturrean bizi nahi dutenekin, euren onurarako eztabaida politikoaren polarizazioa bilatzen dutenekin». Burgueteren irakurketaren arabera, horrenbestez, iragan hauteskundeetan «nortasun fronteak» nagusitu dira «aukera zentristen lepotik».
Horrenbestez, «penaz baina irmotasunez eta duintasunez» alderdia desegitea erabaki dute. «Garai bat amaitu da Nafarroako politikagintzan. Beste bat hasten da, beste printzipio batzuekin. Jada ezer ez da berdina izango. Ez dugu esaten hobea edo txarragoa izango denik, desberdina baizik. Guztiontzat».
Hamasei urteren ondoren, CDN desegitea erabaki dute militante gehienek
Hauteskundeotan «aukera zentristen lepotik» muturreko joerak indartu direla arrazoitu du Burguetek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu