Hamasei urte eta erdiko espetxe zigorra jarri diote Barakaldon bere bi seme-alabak hiltzen saiatu zen emakumeari

Bizkaiko Probintzia Auzitegiak ebatzi du emakumea adin txikiko bi seme-alabak hiltzen saiatu zela, haien zaintza galdu zezakeelako. Epaiketan, emakumeak onartu egin zuen egozten ziotena.

Emakumearen aurkako epaiketa, uztailaren hasieran. MIGUEL TOÑA / EFE
Emakumearen aurkako epaiketa, uztailaren hasieran. MIGUEL TOÑA / EFE
Irati Urdalleta Lete.
2024ko uztailaren 17a
15:17
Entzun

Bizkaiko Probintzia Auzitegiak hamasei urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri dio emakume bati, 2023ko urtarrilaren 1ean Barakaldon (Bizkaia) bere bi seme-alabak hiltzen saiatzeagatik. Hilketa saiakera egotzi diote, ahaidetasunaren astungarria eta aitorpenaren eta alterazio psikikoaren aringarriak aplikatuta.

Epaileak frogatutzat jo du emakumea adin txikiko bi seme-alabak hiltzen saiatu zela, haien zaintza galdu zezakeelako. Epaiaren arabera, etxean zeudela bentzodiazepina eta antidepresiboak eman zizkien umeei, eta, behin konortea galdu zutenean, aizto batekin zauriak egin zizkien lepoan. Ondoren, seme-alaben aitari deitu zion —beste pertsona batekin batera joan zen etxebizitzara—, eta umeak ospitalera eraman zituzten. Urtarrilaren 5era arte egon ziren erietxeratuta.

Epaiketan, emakumeak onartu egin zuen egozten ziotena, eta damua adierazi. Hamasei urte eta erdiko espetxealdia ez da izan ezarri dioten zigor bakarra: emakumeak seme-alaben zaintza galdu du, eta 82.300 euro —41.150 adingabe bakoitzeko— ordaindu beharko ditu eragindako kalteengatik. Sententzia ez da behin betikoa, eta helegitea jar dezakete EAEko Justizia Auzitegi Nagusian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.