Hamasei hilabeteko kartzela zigorra, bikotekide ohiari tratu txarrak emateagatik

Indarkeria matxistaren arloko Iruñeko epaitegiak agindu du gizona kartzelan sartzeko.

Sexu eraso bat salatzeko elkarretaratzea, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Sexu eraso bat salatzeko elkarretaratzea, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Isabel Jaurena.
2025eko otsailaren 19a
12:25
Entzun

Indarkeria matxistaren arloko Iruñeko epaitegiak hamasei hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio gizon bati, bikotekide ohiari tratu txarrak eman eta haren urte eta erdiko alaba erasotzeagatik. Bada, epaileak herenegun agindu zuen gizona kartzelan sartzeko, etzi baino lehen. Fiskaltzak, akusazio partikularrak eta defentsak adostu dute sententzia.

Hilaren 10ean gertatu zen erasoa: gizona haren bikotekide ohiarekin eta urte eta erdiko alabarekin zegoen, eta eztabaidatzen hasi ziren. Orduan, gizonak emakumeari eraso zion, baita urte eta erdiko haurrari ere. Epaiketa herenegun egin zuten, eta fiskaltzak urte bateko kartzela zigorra eskatu zuen, ezohiko tratu txarren delitua egitea egotzi diotelako genero indarkeriaren esparruan. Larrigarria ezarri diote, aurrez mota horretako gutxienez beste hiru deliturengatik kondenatua dutelako. Etxeko indarkeriaren esparruan ere ezohiko tratu txarren delitua egitea egotzi diote, eta bertze urtebeteko zigorra ezarri diote horregatik.

Akusatuak eta haren defentsak eskaera onartu zuten. Ondorioz, zigorraren heren bat kendu diote, eta, azkenean, hamasei hilabetekoa izanen da —zortzi hilabete delitu bakoitzarengatik—. Horrez gain, ezin izanen da bikotekide ohiarekin mintzatu bi urtez, eta ezinen da emakumearengandik 200 metro baino hurbilago egon.

Atxilotu bat Donostian

Ertzaintzak 46 urteko gizon bat atxilotu du Donostian, sexu eraso bat egitea egotzita. Erasoa hilaren 12an gertatu zen, hiriburuko etxebizitza batean, non atxilotuak logela bat zuen alokatua. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak erran duenez, gizonak sexu erasoa egin zion emaztekiari, eta gero etxebizitzatik joan zen.

Ertzaintzak herenegun izan zuen gertatutakoaren berri, eta ikerketa abiatu zuen gizona atxilotzeko. Atzo atxilotu zuten akusatua, eta epailearen esku utziko dute datozen orduetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.