Zer uste dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrek demokraziari buruz? Galdera horretatik abiatuta, ikerketa zabal bat ondu du Arantzazulab-ek, EHUren, Deustuko Unibertsitatearen eta Mondragon Unibertsitatearen lankidetzarekin. Demokraziari buruzko ulermenak gurean ikerketaren emaitzek islatu dute, besteak beste, «demokrazia beste edozein erregimen mota baino hobea» dela hiru lurralde horietan galdetutakoen %88,4rentzat. Aldiz, %3 ere ez dira baieztapen honekin bat egindakoak: «Egoera batzuetan, erregimen autoritarioa hobea izan daiteke demokratikoa baino». Gainera, %5 baino gehiago ados dira honekin: «Ni bezalako jendeari bost axola zaio erregimen demokratikoa edo ez-demokratikoa egotea».
Arantzazulab-eko zuzendari nagusi Naiara Goiak azaldu duenez, «ahalik eta interpretazio gutxien» egiten saiatu da galdeketaren emaitzak aurkeztean, «aurrerantzean ikerlarien lana izango baita datuak sakonago interpretatzea», baina aurreratu ditu zenbait ondorio. Adibidez, alderdien arteko politikak eragiten duela «distortsio handiena» sistema politikoan, herritar gehienentzat. «Politikarien eta herritarren arteko zatiketaren literatura» islatu du ikerketaren landa lanak, beraz.
Guztira, hogei galdera egin ditu Arantzazulab-ek demokraziaren ulermenari buruz. 2023ko otsailaren 22tik martxoaren 24ra bitartean bildu dute informazioa, telefono bidezko banakako elkarrizketen bidez. Hemezortzi urte edo gehiagoko biztanleriarena da lagina. 1.022 pertsonari galdetu diete Bizkaian, 661i Gipuzkoan, eta 490 pertsonari Araban; 2.173 pertsona elkarrizketatu dituzte guztira.
Demokrazia defendatu
Galdeketak islatu du herritar gehienek uste dutela egungo sistema politikoak ez diola tarte handirik uzten politikan eragiteko. «Noraino uzten die sistemak zu bezalako herritarrei politikan eragiten?» galderari ia %40k erantzun diote «oso gutxi», eta ia %25ek «ezer ez»; %30 inguruk, berriz, uste dute «zerbait» eragiten uzten diola sistemak. «Hau da, hiru herritarretik bik uste dute sistemak ez diela uzten tarte nahikorik politikan eragiteko».
Hala ere, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren artean oso zabaldurik dago demokraziaren aldeko defentsarako hautua. «Demokrazia defendatzeko prest zeundeke mehatxupean balego?» galderari, baiezkoa eman diote ia %75ek. Ordea, %11 inguru ez leudeke prest.
Eta zer da nahitaezkoa sistema demokratikoak iraun dezan? Erantzunek modu argian igorri dute gehienek berdintasunarekin lotzen dutela ezinbestekoa dena. Galdetuen herenek uste dute derrigorrezkoa dela «pertsona guztiak berdin hartzen dituen sistema judiziala izatea», eta ia beste herenek diote «herritar guztiek diru sarrera duinak izatea» dela nahitaezkoa. «Norberak pentsatzen duena beldurrik gabe esateko eskubidea» jo dute nahitaezkotzat ia %17k, eta beste %10ek esan dute demokrazia egoteko «ordezkariak hautatzeko askotariko alderdiak» egon behar direla.
Beraz, gehiengo zabal batek lotzen du demokrazia «eskubideak eta askatasunak» bermatzearekin. Ongizate ekonomikoa bermatzea, gobernua «eraginkortasunez kontrolatzeko mekanismoak» izatea eta guztientzat justizia bera egotea ezinbestekoa da gehienentzat, era berean, Goiak helarazi duenez.<br />Hauteskunde kanpaina ate joka dagoen honetan, inkesta zabalak herritarren lehentasunak islatu ditu demokrazia eraikitzeko moduen inguruan ere, gehiengoak eta gutxiengoak aintzat hartuta. Gehienek (%81) nahiago dituzte «indar nagusien eta gutxituen arteko itunak, demokraziarekin identifikatuago» sentitzeko. Gobernuaren kontrol mekanismoen harira, galdetuetatik gehienek(%65) nahiago dituzte «balio eta printzipioak» lehenesten dituzten gobernuak, «gobernu eraginkorrak» baino.
Demokrazia eta haserrea
Demokrazia hitzak sortzen duen sentimenduaz ere galdetu du inkestak, eta, herenentzat baino gehiagorentzat, «axolagabekeria, mesfidantza eta haserrea» dira hitz horrek pizten dituen erreakzioak. Erdiei baino gehiagori (%52 ia) «konpromisoa» ekartzen die gogora.
Arantzazulab-eko zuzendari nagusiaren hausnarketa batek inkestaren emaitzen bi alde laburtzen ditu: atxikimendu handia dago «demokrazia kontzeptuarekin», baina haren «egikaritza errealarekin ez horrenbeste».
Arantzazulab-ek, EHUko, Deustuko Unibertsitateko eta Mondragon Unibertsitateko ikerlariekin batera, datu horiek guztiak eta beste hainbat xehatuko ditu aurrerantzean, adinka, sexuaren arabera, jatorriaren arabera eta galdetuen beste aldagai batzuen arabera, emaitza gehiago azalera ditzan ikerketak.