Etengabeko zanpaldi bortitzak, sexu abusuak, bortxaketak. Indarkeria salaketa andana metatzen ari da Lestelle-Betharramgo (Biarno) Notre-Dame-de-Betharram ikastetxe katolikoko —gaur egun, Beau-Rameau du izena— apez eta zaindari ohi batzuen kontra. Kasik ehun lekukotasun eta salaketa bildu ditu Alain Esquerre ikasle ohiak eta, egun, Paueko prokuradore Rodolphe Jarryren esku artean dira. Auzitegiak ikerketa irekia du, eta jendarmeek beste salaketa batzuk ere jaso dituzte. Indarkeria salaketak 1960ko hamarkadatik 1990eko hamarkadaren hondarrera artekoak dira.
Alain Esquerrek Facebook kontu bat ireki zuen urri hastapenean —Les anciens du collège et lycée de Bétharram, victimes de l’institution (Betharramgo kolegio eta lizeoko ikasle ohiak, erakunde hartako biktimak) izenarekin—. Esquerrek berak salatu du Betharramgo ikastetxean bortizkeria fisikoak jasan zituela —hastetik zehaztu du sexu indarkeriarik ez zuela jasan—. Berehala, lehenbiziko lekukotasunak helarazi zizkioten beste ikasle ohi batzuek. Otsaileko, dozenaka ziren; apirileko, kasik 80. Orain, ehunetik hurbil dira. Erasotzaileen zerrenda bat ere osatu dute ikasle ohiek, hamar bat izenez osatua: apezak eta zaindari laikoak. Horiei gehitu behar zaizkie zaintza lanak eginarazten zizkieten ikasle zaharragoak. Esquerrek uste du Betharramgoa dela nehoizko sexu eta gorputz indarkeriako eskandalurik handienetako bat. Dozenaka biktima prest dira bururaino joateko. Ikusi beharko da Paueko epaileek auzibiderik irekiko duten, jakinik kasu batzuk ez direla preskribatuak.
Michelen lekukotasuna
Michelek —izengoitia nahiago izan du erabili— denbora behar izan du lekukotasuna eman aitzin, gaur arte bere baitan itzalirik atxiki baititu Betharramen bizi izan zituenak. «Ehortzi ditut barnean, bizitzen segitu behar baita».
Orain Donostian bizi bada ere, Hendaian (Lapurdi) handitu zen Michel. Zazpi urtez egon zen Betharramen, 1986tik 1993ra. 11 urte eta erdi zituen Biarnoko ikastetxe katoliko hartan sartu zelarik; egun 50 bat ditu, eta ikastetxe hartako biktimen taldeko lekukotasunak irakurtzeak barneak eta oroimena inarrosi dizkio.
Igande arratsalde guziz autobus bat joaten zen Ipar Euskal Herritik Betharramerat, ikaslez beterik. Donibane Lohizunetik abiatu, eta Miarritzen eta Baionan gelditzen zen haurren hartzeko.
Michelek kontatu du etxean jada heziketa bortitza zutela eta «amak» kolpeak ematen zizkiola. Garaiko heziketaren ikuspegiarekin lotu du, «uste baitzen dena zuzentzen ahal zela bortizkeriaren bidez eta zorroztasunarekin». Eskolan emaitzak txartu zitzaizkion Micheli, eta burasoek Betharramerat igorri zuten, «ikasleak berriz bide zuzenean ezartzeko ikastetxearen fama zuelako».
Ez du sexu indarkeriarik oroitzen. Badaki, besteen lekukotasunetarik, oroimen galtzeak badirela halakoak jasan dituztenen artean; «baina pentsatzen dut gogoratuko nuela sexu indarkeria jasan banu». Bortizkeria fisikoak, haatik, bai, pairatu zituen. «Kolpeak; kolpe anitz». Hark bildu dituenak eta besteei ikusiak. «Erregimen militar» gisa deskribatu du. «Funtsean, zaindari bat militar ohia zen».
Bortizkeria horren lehen oroitzapena gogoan iltzaturik du, eta zehazki kontatu du. Ikaskide zaharrago bat ikusi zuen ohiz ez bezala oren erdiko berantarekin heltzen estudio gelara. «Ez zen gauza normala», estudiora berantarekin heltzea gogorki zigortzen baitzuten ikastetxekoek. Lekukotasun gehienetan izendaturik atera den zaindari nagusiaren bulegotik heldu zen ikaskidea, eta «negarretan zen». Zaindari nagusia Cheval deitzen zuten. «Ezinago bortitza zen gizon hori», erran du lehenik Michelek. «Ikaskideak bi eskuetako eriak odoletan zituen, paper batez inguraturik; zigarro bat erretzen atzeman omen zuten komunetan».
Micheli beldurra muineraino sartu zitzaion egun horretan; «izu atake gisako bat sentitu nuen». Eskola hori lanjerosa zela ulertu zuen, eta bizirik irauteko geldi-geldia kasu egin behar zela. Biltzen zituzten kolpeak «biziotsuak» zirela dio. Norbait ahapeka mintzo hautematen bazuten, «denek biltzen genuen», oroit du Michelek. Zaflakoak hartzen zituzten, eta pasoak buru gainean: «Ukabila hetsirik, gibeletik ematen zizkiguten; izugarri min egiten zuen, eta denek konkorrak bagenituen gero».
Cheval, zaindari «sadikoa»
Cheval zaindari nagusi hori «sadikoa» eta «perbertsoa» zela gehitu du. Lekuko batek baino gehiagok kontatu duten xehetasun adierazgarria oroitu du Michelek ere. «Begi eraztun bat bazuen eri batean. Eta jo aitzin, lehenik ahur aldera buruz itzultzen zuen eraztuna, min handiagoaren egiteko».
Dutxaren ordua ere berriz jin zaio gogora. Astean dutxa bakarra zuten, «asteazken arratsean». Gehienetan ur hotzean, bi minutuz. Cheval zaindariak zuen ura irekitzen eta hesten. «Palanka handi bat bazuen ura irekitzeko eta hesteko». Zaindari horrek haurrei buruz luzatzen zuen soaz oroit da Michel. «Biluzirik ginen, eta begirada biziotsua zuen».
Eraikinaren kanpoko mailadiaren zigorra kontatu du, beste anitzek bezala. «Pijametan uzten gintuzten hor, eta ez genekien noiz itzuliko ginen ohera. Sudurra paretari kontra atxiki behar genuen, eta karroindatuak ginen. Betharramen hotz zen neguan». Mailadi hori Cheval haren bulegoko leihopean zen, eta Michelek gogoan du pixa egitear zela beldurrarekin. «Chevalek bazuen burdinazko armairu bat bere bulegoan. Dena makatua zen, haurrak hainbestetan zituen armairuari kontra zafratu».
Baina kolpeen mina baino gogorragoa zitzaion Micheli «beldurrez bizitzea». «11 urteko haur baten baitan beldurrak ondorio kaltegarriak izan ditzake heldu adinera heltzearekin». Badu bi urte psikologo batekin lanean hasia dela Michel, eta hark argiki errana dio Betharramen jasan duenak «trauma ondoko estresa» eragin diola. Michel ohartu da bizi guzia iragan duela beti erne, etengabe lanjera nondik agertuko zain.
Beste batzuen gisan, Michelek uste du aberatsen semeak eta familia xeheagokoak ez zirela berdin tratatzen. Xumeenek tratu txar gehiago pairatzen zituztela. Michelek aita medikua zuen, eta uste du izan zuela eraginik. «Ez naute beste batzuk bezainbat hunki, baitzekiten berdin aita ohartuko zela, mediku izanik».
Zailena burasoekin bizi du egun Michelek. «Ukazioan, autojustifikazioan dira». Haiek zuten erabaki Betharramen ezartzea eta ez dituzte onartu nahi agertzen ari diren salaketak.
Auzi bat irekitzen bada, ez daki auzibideak zer ekarriko duen. Ez du uste mendeku gosearekin aritu behar denik. Oroz gainetik, «egia errana izatea» nahi luke, biktimak «mintza daitezen» eta «zer gertatu den argitu dadin».
Sexu abusuak lau urtez
Michelen lekukotasuna gehitu zaio beste ehun bat ikasle ohiren kontakizunei. Hauetarik bat, Miarritzeko (Lapurdi) Anthonyrena. Apiril hondarrean, France Bleu-Urdin Euskal Herri irratian mintzatu zen. 1990eko hamarkadan, ikasle egon zen Betharramgo ikastetxean. Sexu abusuak jasan zituela eta bortxatu zutela salatu du, eta, urteak ikusita, preskripzio epea ez da oraino iragana.
Anthonyren hitzetan, zaindari laiko batek egin zizkion sexu abusuak: squash partida baten ondotik, zaindari horrek dutxatzea proposatu zion. Anthonyk 14 urte zituen orduan. Zaindaria dutxara sartu zen, eta ikasle ohiak aipatu du ondoko lau urteetan iraun zuen kalbario bat hasi zela orduan. «Astean behin, segurik» sexu abusuak jasan zituela. Zaindari berak bortxatu zuen «gau hura» ere kontatu du: «Zakila murtxatzera bortxatu ninduen. Bortxaketa oroitzapen bakarra dut, eta ez dakit besterik izan zenetz ondotik». Anthony beste lizeo batera joan zelarik bukatu zen kalbarioa.
Alain Esquerrek 2023ko urriaren 10ean sortu zuen Facebook kontua. 1.020 kide inguru baditu jada, eta Betharramgo ikasle ohi horrek berak zaintzen du nor sartu eta nor ez. Dozenaka biktima agertu dira lekukotasuna emateko, eta Esquerrek uste du berdin ehunka izanen direla. Mundu guzitik igortzen zituzten haurrak Betharramera, eta aipuak bildu ditu AEBetatik, Singapurretik, Arbiar Emirerri Batuetarik. Ehun bat salaketa jarriak dituzte jadanik jendarmerian.
Inguruko ikasleak ziren gehienak. Horietarik andana bat Euskal Herritik heldu zen. «Ez dezagun guhauren burua engaina, Ipar Euskal Herriko biktimak dozenaka dira», erran du deblauki Esquerrek. Maiatzeko, Euskal Herriko zortzi biktimaren kontakizunak zituen esku artean. Lapurditik jasoak zazpi —Angelutik bi, Bidartetik bat, Saratik bat, Miarritzetik bat, eta Jatsutik beste bat—, eta beste bat Donostiatik.
Horietarik bat irakurri du Esquerrek: «Betharramen ikasle egon nintzen 1978tik 1979ra, eta sexu bortizkerien biktima izan naiz; Karrikart eta Segur apezek egin zizkidaten. Damien Sagetekin [zaindari nagusia] abilki olioztatu jokamoldea zuten; perbertsio eta kiskilkeria nahasketa bat zen. Sagetek kanpoko mailadira igortzen gintuen, eta orenak han uzten, hotzean, ondotik apez zuzendari horiek barneko solairuan kontsola gintzaten. Harrapakin errazak ginen denak, ikusiz zer adin genuen: nik 12 urte nituen». Holakoak dozenaka bildu ditu Esquerrek. «Ikastetxe horretan gertatu tratu txarren eta tortura kasuen lekukotasunak gero eta gehiago izanen dira, zoritxarrez».
Anthony 1999an bortxatu zutela oroitarazi du Esquerrek, eta, haren ustez, Paueko auzitegiak ez du hauturik izanen: preskripziotik kanpoko kasu hurbilak badira, eta auzibidea ireki beharko du. Harritzen da ikastetxeak segitu baitu, batere arazorik gabe, «agintari publikoek deus egin gabe». Ezen Frantziako Hezkuntza Ministerioarekin kontratu pean baita ikastetxe pribatu giristino hori.
Uztaritze eta Maule
Uste du balitekeela Betharramgo ikastetxe katolikoan gertatu dena Uztaritzekoan (Lapurdi) ere gertatu izana. «Ez ditzagun begiak tapa. Uztaritzeko ikastetxean doi bat karrakatuz gero, atzeman genitzake gauza franko». Susmoak ditu Ipar Euskal Herriko beste ikastetxe baten inguruan: «Etxekopar kolegioa, Maule-Lextarren. Karrikart eta Segur apezek joan-jinak egiten zituzten bi ikastetxeen artean».
Esquerrek dio burasoek konfiantza egiten zietela ikastetxeko arduradunei. «Arazoa da hezitzaile horiek, batere formakuntzarik ukan gabe, baliatzen zirela, eta haurrak jo eta jo erabiltzen zituztela. Apez zuzendariak kultura pedofilo batean ziren, betidanik haurrak sexualki bortxatu dituztelako Betharramen. Eta laikoek gauza bera egiten zuten, haien guruek egiten zutelako».
Trumilka lekukotasunek zuzenki izendatzen dute zaindari laiko bera. «52 salaketa baditut laiko horri buruz. Lan ibilbide osoa egin du, arazorik gabe, Betharramen eta beste leku batzuetan; ibilbidea Chateaurouxen (Frantzia) bukatu du, eta haurrak eta arrahaurrak ukan ditu, deus agitu ez balitz bezala».
Zanpaldi bortitzak jasan dituela kontatu du Esquerrek. «Baina bildu ditudan kolpeak ez dira gehien traumatizatu nautenak. Oroz gainetik, noiznahi eta arrazoirik gabe gu jotzeko genuen beldur hori da». Eta ikaskideak zafratzen, «umiliatzen» zituztela ikustea. «Sadikoak ziren, perbertsoak, pedokriminalak». Hitzak gordinki baliatzen ditu, nahitara, justizian handizki zigortuak diren sexu krimenak kontatu baitituzte lekuko batzuek. Tartean, sexu bortxaketak, Zigor Kodean zehazki ekarriak: «Bortxaketa erraten dugularik, ari gara zakil murtxatzeez, uzkiko sarketez. Ez dira bakarrik ferekak, masturbazioak».
Oraino isiltasuna hor dela salatu du Esquerrek: «Eliza denez, nehork ez du deus erraten». Esquerre izutzen da ikusten duelarik, gainera, zorroztasun dorpearen diskurtsoa berriz jiten gizartean. «Batzuk ari dira erraten barnetegiak behar direla berriz plantan eman».
Isiltasun hori bukatu behar dela uste du, eta Elizak heziketan trebatua den jendea ezarri behar duela gazteekin: «Biktimekin formakuntzak egin behar lituzkete, pedofilia prebenitzeko. Eta oroz gainetik, apezek sexualitate bat badutela onartu behar lukete. Hipokrisia betean bizi dira: gizonak dira, eta denek ukan dute bizi sexuala».
Etsitzekoa ere badela uste du Esquerrek. Betharramgo ikastetxeak berriki baizik ez du erabaki berrogei urte horietan zaindari egon den gizon bat lanpostutik kentzea plazara atera diren lekukotasunen ondorioz.
Salagarria zaio Marc Ailleten jarrera ere. Baiona, Oloroe-Donamaria eta Leskarreko elizbarrutiko apezpikua da. «Marc Aillet abortuaren kontra borrokatzen da, eta biziki kezkatua da etortzekoak diren bizidunei buruz. Hobe egin lezake grinatzea Betharramgo kongregazio horrek suntsitu dituen biziez». Ekintzarik ez du ikusten Elizako agintariaren artean, gauzak alda daitezen. Badaki Eliza katolikoa izugarri urrun dela aldaketa horretarik. «Hipokrisia orokortu hori gelditu behar da; bestela, Betharram bezalakoak sortzen dira».
DUELA 27 URTE JADA
Ez da lehen aldia sexu indarkeriari dagozkion salaketak badirela Betharramgo ikastetxean. 1997an, ikasle ohi batek salaketa jarri zuen Betharramgo zuzendari egon zen Karrikart apezaren kontra, bortxaketagatik. Apez beraren kontrako bi salaketa atera ziren orduan. Presondegiratua izan zen, berriz libre utzia, eta hilik aurkitu zuten bigarren aldiz epaile aitzinera deitu zutenean.
Karrikart apeza ikerketapean jarri zuen Paueko auzitegiak, 1988an, Betharramango ikastetxeko 10 urteko ikasle baten kontrako sexu indarkeriagatik. Bordeleko ikasle ohi hori bere buruaz beste egiten entseatu zen, eta laster ulertu zuten ekintzaren arrazoia. 1997an, salaketa jarri zuten burasoek auzitegian. Ikerketa abiaturik, epaileak Karrikart apeza presondegiratu zuen 1998ko maiatzaren 28an.
Ez zen luzaz egon. Ekainaren 9ko baldintzapean aske utzi baitzuten, eta kontrol judiziala ere kendu zioten. Hala, Vatikanora joan zen apeza. Hori ikusirik, beste ikasle ohi batek salatu zuen Karrikart apezak bortxatu zuela. Auzitegiak beste ikerketa bat zabaldu zuen, eta apeza 2000. urteko urtarrilaren 12ko deitu galdekatzeko. Apeza ez zen sekula agertu.
Karrikart, ofizialki, 2000ko urtarrilaren 5ean desagertu zen. Urte hondar hartan, biktimen familiek erdietsi zuten Lestelle-Betharramgo hilerrian ehortzia zen gorpu baten DNA azterketa eginaraztea, eta azterketaren bidez baieztatu zen Karrikart apezarena zela.
preskripzio epea legean
2021ean, adingabeen kontrako sexu indarkerien legea zorroztu zuten Frantzian. Eliza barneko sexu abusuen inguruko batzorde independenteak egin ikerketak eragin zuen lege zorroztea. Alabaina, ikerketak agerian ezarri zuen Frantzian 330.000 adingabek jasan zituztela sexu abusuak Elizan 1950etik 2020ra bitartean.
Artetik errateko, Baionako apezpiku Marc Aillet bakarra izan zen bere elizbarrutiko artxiboak irekitzea ukatu ziona ikerketa batzordeari.
Legeak ekarri aldaketa nagusia sexu harremanetarako onespen adina 15 urtetara ekartzea izan zen. Geroztik, erasotzaile batek ezin du auzi batean onespenaren argudioa erabili 15 urte arteko gazte bat tartean denean.
Adingabeen gaineko sexu krimenen epaitzeko epea biktimak heldutasun adinera iritsi eta 30 urtera iragan zen Frantzian 2018an. 2021eko legearen arabera, epe hori luzeagoa da baldin eta erasotzaile berak beste haur bat bortxatu badu, edo eraso egin badio. Berrikien gertatu den erasoaren arabera kalkulatzen da preskripzioa.
Betharramgo auzian eragina izan dezake horrek, salaketa bat bederen 1999. urteari baitagokio.