Arratsaldean, 2025eko aurrekontuen akordioa hitzartu dute Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk. Koalizio abertzaleak abstentzio bidez ahalbidetuko du aurrera ateratzea datorren urteko gastu eta inbertsio publikoak zehazten dituen legea. «Akordio honekin, hamarkada bat beteko da UPNk eta eskuinak ez dituztela Nafarroako politika publikoak baldintzatzen», goraipatu du Laura Aznal EH BIlduko eledunak akordioa izenpetu ondotik.
Behin akordioa besapean duela, gaurko gobernu kontseiluan onartuko da lege proiektua, eta Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko du Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilariak haren edukia, 13:00etan. Hura ere pozik azaldu da bi aldeek «norabide berean arraun egin dutelako».
EH Bilduk konpromisoa hartu du legebiltzarreko tramitazioan eskuineko oposizioak aurkez ditzakeen osoko zuzenketen aurka bozkatzeko. Halaber, zuzenketa partzialen kasuan, hamabost milioi eurora arteko ekarpenak aurkez ditzakete gobernuko bazkideek —PSN, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak— eta EH Bilduk berak. Koalizio abertzalearen kasuan, 4,4 milioi eurora arteko zuzenketak aurkeztu ditzake. Lau indarrek beren proposamenak babestuko dituzte, eta atzera bota UPN, PP eta Voxenak.
Akordioaren balio politikoa
Akordioa sinatuta, pozik azaldu dira Laura Aznal eta Adolfo Araiz kazetarien aurrean. Lehen aldiz, aurrekontu akordioaren berri Nafarroako Jauregian eman ahal izan dute EH Bilduko ordezkariek. Hala ere, alde bakoitzak nahiago izan du hitzarmenaren berri bere kabuz eman.
Hamar urteko testuinguruan akordioaren «balio politikoa» azpimarratu du Aznalek, EH Bilduren herritarrekiko konpromisoa eta «oposizio kolaboratzailea» islatzen duelako. «Ez gaude duela hamar urteko egoeran. Nafarroak arlo sozialean, ekonomikoan eta demokrazian aurrera egiteko norabidea finkatu dugu, eta epe luzeko begirada erabakigarria izaten ari da».
«Ez gaude duela hamar urteko egoeran. Nafarroak arlo sozialean, ekonomikoan eta demokrazian aurrera egiteko norabidea finkatu dugu, eta epe luzeko begirada erabakigarria izaten ari da»
LAURA AZNALEH Bilduko eleduna
Koalizio abertzaleak abstentzio bidez ahalbidetuko ditu aurrekontuak. «Ez dira guk nahiko genituzkeen aurrekontuak», aipatu du Aznalek, eta gogora ekarri du hainbat arlok bereizten dituztela. Dena den, uste du euren ekarpenei esker gobernuak hasieran aurkeztutako proposamena «hobetu» dutela. «Beheranzko doikuntzak egiteko mehatxuaren aurrean, soberakinak inbertsioetarako erabiltzeko formula bat aurkitzeko lan egin dugu gobernuarekin».
Haren esanetan, EH Bilduren proposamenak departamentu guztietan jaso dituzte, eta aurreko urteetako batzuk «kontsolidatu» egin dira. Horien artean daude, trantsizio energetikoa, euskara, osasungintza, hezkuntza eta zaintza. Araizek goraipatu du aurtengo aurrekontuetan hitzartutako bi konpromiso bete egin dituela 2025eko aurrekontuetan: batetik, mutualitateetako 30.000 pentsioduni 150 milioi euro konpentsatuko zaie 2020tik 2024ra gehiegi ordaindu dutelako errenta zergan; bestetik, 1.040 eurora gutxieneko pentsioa bermatuko da.
«Ez da erraza izan, bi aldeek hitz egin behar izan dugulako bat egiten dugun lehentasunen inguruan, eta gainditu bereizten gaituzten kontu ugari»
JOSE LUIS ARASTI Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun kontseilaria
Bi aldeek nabarmendu dute zaila izan dela ados jartzea. Azken egunetan hainbat bilera egin dituzte, eta eguerdian lortu dute, azkenik, akordioa. «Ez da erraza izan, bi aldeek hitz egin behar izan dugulako bat egiten dugun lehentasunen inguruan, eta gainditu bereizten gaituzten kontu ugari», aipatu du Arastik, EH Bilduren agerraldiaren ondotik.
Aurrekontuez gain, zerga neurrien inguruan negoziatzen jarraitu dute. Ez dute akordiorik egin, baina bai onartu dute gutxieneko pentsioak errenta zergako kenkari bidez osatzea. Arastiren arabera, 10 milioi euroko kostua izango du osagarri horrek ogasunarentzat. Lege proiektua azaroaren 6an onartzea espero du gobernuak.
PSN, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa pozik azaldu dira akordioa lortu delako. Geroa Bairen ustez «2015ean hasitako bidea kontsolidatu egiten du». Zurekin Nafarroaren ustez, akordioak egonkortasuna emango dio Nafarroari, eta erakusten du gizarte politikak direla gobernuaren ardatz nagusi.
Giltzak
Euskara: Helduen alfabetatzeko laguntzak handituko dira, eta A1 maila doakoa izatea bermatuko da.
Pentsioak: Errenta zergako kenkari bidez, urtean 14.450 euroko pentsioa bermatuko zaie pentsiodun guztiei.
Osasungintza: Lehen arreta indartuko da, eta espezialitateetako itxaron zerrendak murrizteko konpromisoa hartu.
Etxebizitza: Tentsio handiko eremu izendatzeko orduan udalen erabaki ahalmena errespetatuko du gobernuak.
Zaintza: Zahar etxeen eredua aldatzeko plana landuko du gobernuak.