Hamar urtez erreferentzia

Hamar urte dira aurten Manu Robles Arangiz fundazioa sortu zela Baionan. Orduz geroztik, Ipar Euskal Herriko dinamikak laguntzen dihardu egunez egun.

Jean Noel Etxeberri Txetx, Manu Robles Arangiz Fundazioaren inaugurazioan, 2006ko urtarrilean. BOB EDME.
Baiona
2014ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Manu Robles Arangiz fundazioa 1991n sortu zen Hego Euskal Herrian. «Orain dela hamar urte ELA sindikatuko kide batzuk Ipar Euskal Herriko abertzale batzuekin bildu ziren Bilbon. Besteak beste, Batera, Demoak eta Euskal Laborarien Batasuneko (ELB) kideekin» azaldu du Jean Noel Etxeberri Txetx-ek, Ipar Euskal Herrian fundazioaren sorreran eta gaur egun oraindik fundazioan lanean ari den kideak. Mahai inguruan bildutakoek Ipar Euskal Herriko diagnostiko bat egin zuten, eta ELA sindikatuak, abertzale gisa, Ipar Euskal Herrian zabaltzeko nahia azaldu zuen. «Baina beste sindikatu batzuk bazeuden jada, LAB sindikatua adibidez, eta ELAk ez zuen zatiketarik sortu nahi», dio Etxeberrik. Hori horrela, sindikatuak Manu Robles fundazioa sortzeko apustua egin zuen Baionan.

Fundazio horren funtzioa Ipar Euskal Herrian ahalik eta «autonomia eta ekimen handinarekin» aritzea eta gizarte aurrerabideak eta euskaldunen borondatea kontuan hartzen dituzten pertsona eta mugimenduentzat lankidetza erreferentzia izatea da. Bide beretik, «abertzale ezkertiar, mugimendu sozial independente...» eta horrelako irizpideak biltzen dituzten dinamika berriak sortzen laguntzen du. «Euskal diruaren sortze prozesuan, adibidez, eragile izan gara», nabarmendu du Etxeberrik. Euskal dirua sortu aitzin, fundazioko batzuk, beste militante batzuekin batera, AEK-ko militanteekin-eta, tresna alternatibo batean pentsatzen hasi ziren. Gogoeta prozesu baten ostean, tokiko dirua sortzen lagundu zuten.

Fundazioa sortu zen une berean, ELBko laborariek laborantza ganbera bat eskatu zuten. Ultimatum bat pausatu zioten Frantziako Estatuari, eta urte batzuetara laborantza ganberarik egon ezean beraiek sortuko zutela azaldu zuten. ELBk, bere apustua gauzatu ahal izateko, elkartasun deialdi bat zabaldu zuen. «Momentu berean, ELBko laborariak eta ELA sindikatua elkartu ziren», dio Etxeberrik, eta Ipar Euskal Herriko Manu Robles fundazioak laborariek behar zuten laborantza ganbera lortzen lagunduko ziela erran zien. «Laborariekin batera, egokia zen etxe baten bila hasi ginen». Ainhize-Monjolosen aurkitu zuten etxe bat, eta erosteko tramiteekin hasi ziren. Laguntza ez zen begi onez ikusia izan, eta ika-mikak izaten hasi ziren garai hartako prefetarekin eta Frantziako Gobernurarekin. Erosketa egiteko dirua atzerritik zetorrela zioten. Baina erostea lortu zuten, eta fundazioak eraikin berrian egin beharreko obrak egiten ere lagundu zuen. Fundazioak Ipar Euskal Herrian egindako lehen lana izan zen.

Robles Arangiz fundazioaren sorrera eta haien lehen proiektua une berean iragan ziren. Hamar urte pasatu dira, eta sorrerako dinamika berarekin segitzen dute: «Euskal historiari buruzko formakuntza saioak, gizarte arloko eta arlo ekologikoko prestakuntza, estrategia ez-bortitz aktiboari buruzko hitzaldiak, ikastaldiak eta beste hainbat prestakuntza».

Denetariko gaiak jorratzeko asmoz, asko izan dira fundazioak antolatutako hitzorduak. Sortu eta bi urtera, gai horien inguruko eztabaida bultzatzeko xedearekin, Enbata aldizkariarekin hitzarmen bat izenpetu zuten. Alda izeneko gehigarri bat idazteko konpromisoa hartu zuten. Bertan erregularki gai sozialen eta ekologikoen inguruko irakurketa plazaratzen dute, «abertzale mugimenduaren barnean eztabaida bultzatzeko asmoz». Horrez gain, gaur egun, Enbata aldizkariaren Interneteko ataria kudeatzen ere laguntzen dute.

Enbata-n gizarte eta ekologia alorreko azterketak plazaratzen hasi ziren garai berean, gai horiek Ipar Euskal Herriko gizartearekin lotzeko nahia agertu zen fundazioan. Ingurumenaren inguruan militatu nahi zuten pertsona batzuk biltzen hasi ziren, eta horren inguruko gogoeta prozesu bat martxan jarri zuten. «Hortik sortu zen Bizi mugimendua», azaldu du Etxeberrik. Baina prozesuan urtebeteko etenaldia egin behar izan zuten, estatuak Laborantza Ganbera auzipetu zuelako. Gogoeta prozesu horren barnean lanean ari ziren militanteek aktiboki parte hartu zuten Euskal Herriko Laborantza Ganberaren sostengu taldeetan. Behin auzia amaitu eta Laborantza Ganberak irabazita, urte bat aurrerago hasi prozesuarekin jarraitu zuten eta, 2009ko ekainean, Bizi mugimendua sortu zuten. Fundazioaren xedea jada existitzen ziren erakundeak laguntzea da, edota sortzen laguntzea. «Oso zaila da fundazioaren balantzea egitea; gure lana laguntza ematea da», dio Etxeberrik. «Gure lana Ipar Euskal Herriko dinamika abertzale alternatiboak, ekologikoak eta progresistak indartzea izan da», azaldu du; «batez ere mugimendu sozialak indartzea». Horretan ibili dira hamar urtez, eta beharko den denboran.

«Autonomia errespetatuz»

Urte hauetan lagundu eta sostengatu dituzten egitura guztien autonomia osoa errespetatu dutela azpimarratu du Txetxek. Are gehiago, gaineratu du hamar urte horietan eragileen pentsamolde eta lan ildoan ez dutela eraginik izan. «Nik uste haiek ere horrela sentitu dutela gure arteko harremana, eta orduz geroztik horrela segitzen dugu. Mugimendu sozialak era independente batean jardun behar dutela uste dugu». Gaur egun, 50 batzordek erabiltzen dute Baionako Manu Robles Arangiz fundazioaren egoitza, «baita gure materiala eta urteen poderioz ikasitako esperientzia ere», dio Etxeberrik.

Aurten ospatuko dira fundazioaren hamar urteak, eta kari horretara Alda izeneko talde bat sortu dute. «Orain arte izandako filosofiarekin eta ibilbidearekin bat egiten duten militanteentzat», azaldu du Etxeberrik. Militanteek urteen poderioz lortutako esperientzia, azterketak... bateratzea da talde berri horren xedea, militanteek ikusmolde orokorrago bat izan dezaten.

Talde berri hoeeek, bi erronka handi ditu. Batetik, geroa aurreratu eta, bestetik, erreleboa ziurtatu. «Biharko erreleboa, jende militante formatua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.