Hamar urteko kartzela zigorra ezarri diote gizon bati, adingabe bati sexu erasoa egiteagatik

Neska gazteari 6 urte zituenetik 11 urte bete arte egin zizkion sexu erasoak bere aitaordeak. Amari ere urtebeteko espetxe zigorra ezarri diote, egoera ez eragozteagatik.

Nafarroako Probintzia Auzitegiaren egoitza, Iruñean, artxiboko irudi batean. VILLAR LOPEZ / EFE
Nafarroako Probintzia Auzitegiaren egoitza, Iruñean, artxiboko irudi batean. VILLAR LOPEZ / EFE
Irati Egibar Izeta
2024ko apirilaren 5a
11:40
Entzun

Nafarroako Probintzia Auzitegiko Lehen Atalak 33 urteko gizon bati hamar urteko espetxe zigorra ezarri dio 16 urteko alabaordeari sexu erasoak egitegatik Iruñerrian. Fiskaltzak, akusazio partikularrak —Nafarroako Gobernua— eta defentsak akordioa lortu dute zigorrari buruz, eta akusatuak zigorrak onartu ditu. Hemezortzi urtez ezingo du alabaordearekin harremanik izan, ezta harengana hurbildu ere 300 metrora baino gutxiagora. Espetxe zigorraren ostean, zaintzapeko askatasun neurri bat beteko du zazpi urtez. Kondenatuak, gainera, 25.000 euroko kalte ordaina ordaindu beharko dio adingabeari, «eragindako kalte moralagatik».

Gizonak sexu harremanak izatera behartu zuen alabaordea 6 urte zituenetik 11 urte izan arte. Horretaz gain, ukituak ere egin zizkion. Alabaordeak 6 urte zituenean hasi zitzaion aitaordea ukituak egiten. Konfiantzazko harremana eta emaztea etxetik kanpo lanean aritzea baliatzen zuen gizonak, Nafarroako Probintzia Auzitegiaren arabera. 8 urtetik aurrera, adingabea isilik egoteko, gerriko batekin jotzearekin mehatxatzen zuen. Ukitze jarraituez gain, epaiak frogatutzat jo ditu gizonak alabaordeari egindako hainbat sexu eraso.

Halaber, erasoak jasandakoaren amari urtebeteko kartzela zigorra eta bost urteko zaintzapeko askatasuna ezarri dizkiote, «ez-egitezko sexu abusuko delitu baten egilea» izateagatik. Alabak bederatzi urte zituenean, amari kontatu zion aitaordeak egindakoa. Epaiaren arabera, amak «ez du neurri nahikorik hartu gertakari horiek eragozteko».

2022ko abenduan, Nafarroako Gobernuak erasoa jasandakoa eta haren ahizpa —erasotzailearen eta amaren alaba, 2019an jaioa— bere gain hartzea agindu zuen. Orduan, adingabeak hezitzaile bati kontatu zion gertatutako guztia. Aitaordea 2022ko abenduaren 28an atxilotu zuten, eta behin-behinean kartzelan dago iazko urtarrilaren 24tik.

Zigorrak zehaztean, bi kondenatuei anomalia psikikoaren aringarria aplikatu diete.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.