Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak iragarri du sindikatuetako ordezkariekin bilduko dela. «Hori berritasun bat da», onartu du Mitxel Lakuntzak, Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan. ELAko idazkari nagusiak oraindik ez du jaso gonbita ofizialki, baina biltzeko prest agertu da. Baieztatu du Lan Sailak ELArekin biltzeko eskaera egin duela, baina oraindik ez dago datarik jarrita.
Lakuntzak gogora ekarri du Iñigo Urkullu Jaurlaritzako aurreko lehendakaria ez zela ELArekin bildu: «Atzean jarrera pertsonal bat egon bazitekeen ere, beste kontseilari batzuek, Arantza Tapiak kasurako, berdin jokatu zuten. Entzundakoaren arabera, orain hori aldatu egin da».
Haren esanetan, «alde bakoitzak defenditzen dituen ideiak edozein izanda ere», ELAk «beti» babestu du harreman normalizatua izatea sindikatuaren eta Jaurlaritzako buruzagitzaren artean. «Historikoki, lehendakari guztiekin izan dugu harremana, baina Urkulluk erabaki zuen hori haustea, ez zuelako bat egiten ELAren ikuspegi politikoarekin», adierazi du.
Jaurlaritzari buruzko ikuspegia
Hala, adierazpen publikoetan Pradalesek biltzeko asmoa agertu duenez, itxurak bederen aldatu direla deritzo. Horrek Jaurlaritzarekiko ELAren jarrera aldatu ote dezakeen galdetuta, Lakuntzak erantzun du eurek edukiei erreparatu nahi dietela. «EAJk eta PSE-EEk sinatu duten akordioari eta iragartzen ari direnari erreparatuta, ez dugu ikusten eraldatzeko borondaterik. Pradales eta bere gobernua zertara etorri dira, gauzak aldatzera ala aurrekoari segida ematera?». Lakuntzak argi du aurreko gobernuaren politiken ildotik jarraituko duela oraingo Jaurlaritzak ere.
«Historikoki, lehendakari guztiekin izan dugu harremana, baina Urkulluk erabaki zuen hori haustea, ez zuelako bat egiten ELAren ikuspegi politikoarekin».
MITXEL LAKUNTZAELAko idazkari nagusia
«Horrek kezkatu egiten gaitu», gaineratu du. ELAko idazkari nagusiaren arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gizartearen gehiengoak bat egiten du politikak aldatzeko nahiarekin. ELAko idazkari nagusia akordioetara heltzeko prest agertu bada ere, azpimarratu du hori edukien araberakoa izango dela.
Lakuntzak ukatu egin du ELAk «maximalismoz» jokatzen duela. «Gauza egingarriak eskatzen ditugu. Hala nola Europan osasungintzan edo hezkuntzan egiten den gastu publikoarekin parekatzea». Haren irudiko, Pradalesek berak Osakidetzaren hobekuntzei buruz esandakoak «propaganda kutsua» du. «Denborak esango digu», gaineratu du.
LAB-en eskaintzarekin minduta
ELA eta LAB sindikatuen arteko harremana ez dago bere onenean, eta, gaur Lakuntzak azaldu duenez, ez dirudi luze gabe hobetuko denik. Izan ere, «harrituta» eta «minduta» agertu da hedabideen bitartez jakin duelako LABek bide juridikoa hasi duela Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 1.600 euroko gutxieneko soldata propioa lortzeko. Lakuntzaren arabera, elkarrekin kudeatzen ari ziren eskaera bat zen, eta orain «agerikoa da» LABek interes gutxi duela proposamen hori ELAren eskutik garatzeko.