Hamar urteren ondoren, ezker abertzaleak aukera izango du aurten berak lehenetsitako hautagaitza eramateko Europako Parlamentura. 2004ko hauteskundeen ondoren, kanpoan geratu ziren legez kanporatzeagatik, eta geroztik ez dute aukerarik izan beren kabuz ordezkaritza legezkoa izateko. «2004tik aurrera, era guztietako zailtasunak jartzen saiatu ziren espainiarrak», kontatu du Gorka Elejabarrietak, Sorturen nazioarteko harremanetarako arduradunak. Bruselan egin duten lanak ez du etenik izan, hala ere. Orain, bestelako baldintzetan lan egiteko aukera izango dute, EH Bilduko gainontzeko indarrekin batera. «Oso garrantzitsua da hori».
Luzea izan da legez kanporatzearen ondorioz erakundeetatik kanpo egindako bidea: 600 hautagaitzatik gora baliogabetuta, atxiloketak, kartzelatzeak... Eta ondorioak ez dira bukatu: 35/02 auzian, esaterako, Karmelo Landak eurodiputatu gisa egindako lana izan da epaigai Espainiako Auzitegi Nazionalean; lau urte eta erdiko eskaera egin du fiskalak.
Legez kanporatzeko prozesua nazioarteko lanean bizi izan du Elejabarrietak; besteak beste, Europako Parlamentuan. 2002. urtean hasi zen horretan, Koldo Gorostiaga parlamentari zela, EHren izenean. 1999an hautatu zuten Gorostiaga, bost urte ordezkaritzarik gabe egon ostean —1994ra arte aritu zen Landa, HBren izenean—. «Orduan, espainiar diputatuak, bereziki, ohituak zeuden bertsio bakarra entzutera. Gure presentzia ez zitzaien batere gustatzen», gogoratu du Elejabarrietak. Legezko ordezkaritza izan arren, «era guztietako trabak» jartzen zizkietela dio. «Baina bagenituen gure eskubideak, bagenuen gure bulegoa, eta erraztasun handiagoa genuen lanerako».
2004ko ekainaren 13an egin ziren Europako hurrengo hauteskundeak. Herritarren Zerrenda sortu zen orduan, baina baliogabetu egin zuten Espainiako auzitegiek, Batasuna ordezkatzen zuela argudiatuta. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, berriz, legezkoa izan zen hautagaitza. Egoera horretan, 120.000 bozetik gora lortu zituzten.
Ordutik aurrera, ordezkaritzarik gabe geratu zen ezker abertzalea Europako Parlamentuan. Hala ere lanean jarraitu zutela nabarmendu du Elejabarrietak: «Zailtasun gehiagorekin, baina berdin-berdin jarraitu genuen eurodiputatuekin eta bestelako jendearekin biltzen, egoera azaltzen, konponbidearen alde nahiz bestelako gaien inguruan aliantzak eraikitzen».
Entzuketak Bruselan
Era guztietakoak izan ziren zailtasunak, Sortuko kideak gogora ekarri duenez. «Saiatu ziren modu ezberdinetan parlamentuan sartzeko debekua jartzen, eta hainbatetan, lortu ere egin zuten». Entzuketena izan zen traba horietako bat, entzutetsuena, agian. 2007ko urtarrilean, mikrofonoak aurkitu zituen Elejabarrietak Bruselako bizilekuan. Bilerak egiteko egoitza gisa ere erabiltzen zuten apartamentua, eta 2007ko otsailean egin zuten salaketa publikoa.
Orduan azaldu zuten inguru hurbil batean behar zuela datuak jasotzeko zentroa aurkitutako espioitza aparatuak. Espainiako zerbitzu sekretuak seinalatu zituzten, inguruko etxebizitzaren batetik, edo Espainiaren enbaxadatik bertatik zelatatu zituztela esanez —apartamentutik gertu zegoen enbaxada—. Belgikako Fiskaltzak ikerketa ere zabaldu zuen, atzerriko zerbitzuren bat horren erantzule bazen kontuak eskatuko zituztela esanez. 2003an hartu zuen Gorostiagak etxebizitza hori, eta Batasunak iradoki zuen posible zela hura europarlamentari zela ere zelatatua izatea.
Tarte horretan izan zen, hain justu, negoziazio prozesua: ETAren su-etena, eta Oslo, Loiola eta Genevako saioak. Horiek amaituta iritsi ziren 2009ko uztailaren 7ko hauteskundeak. Azkenean Iniziatiba Internazionalista-Herrien Elkartasunak aurkezteko aukera izan bazuen ere, legez kanporatzearen mamua gainean izan zuten azken unera arte. Gainera, ezker abertzaleak adierazi zuen Euskal Herriaren Alde hautagaitza zela bere lehen aukera—Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan soilik legeztatu zuten—, nahiz eta botoa Alfonso Sastre idazlea buru zuen hautagaitzari emateko eskatu.
Espainiako Estatuko herrietako ezkerreko hainbat alderdik osatu zuten koalizioa, baina inpugnatu egin zuten Estatuaren abokatuak eta Fiskaltzak, eta bertan behera utzi zuen Auzitegi Gorenak, Batasunaren segida zela esanda. Azkenean, II-HEren babes helegitea onartuta, Auzitegi Konstituzionalak atzera bota zuen Gorenaren erabakia, bozetarako hilabete eta erdiren faltan.
Orduan ere ez zen dena bide onetik joan, ordea. Sastreren eta II-HEren aurkako jazarpen mediatikoa salatu zuten ehun bat pertsona ezagunek. Bozen ondoren, kontaketan «iruzurra» izan zela adierazi zuten, milaka boto «lapurtu» zizkietela. Agerian geratu ziren irregulartasunak: bozkaleku askotan ez zen II-HEren botopaperik egon, haiei zegozkien hainbat boto beste alderdi batzuen zakuan sartu zituztela salatu zuten, neurri susmagarrian egin zuen gora boto zuri eta baliogabeen kopuruak... Deigarria izan zen Amezketan gertatu zena, esaterako: ezker abertzaleak gehiengoa izan arren, II-HEk ez zuen boto bakar bat ere jaso—POSI delako zerrendak irabazi zuen—. Guztiarekin ere, ezker abertzaleak babestutako hautagaitza izan zen, aurreko bozekin alderatuta, boto kopuruan gora egin zuen bakarra. Ez zuen, ordea, ordezkaritzarik lortu.
Lan asko eginda, eta egiteko
Trabaz betetako bide horretan, dena den, Europako Parlamentuan lan handia egin dutela nabarmendu du Elejabarrietak. Ez beraiek bakarrik. «Esan beharra dago EAk ere ordezkaritza bazuela, eta egin zutela beren lana. Baita [Aralarreko Inaki] Irazabalbeitiak ere azken hilabeteetan».
Besteak beste, Euskal Herriko mugimendu askoren ahotsa Bruselara eraman izan dutela adierazi du Sortukoak, estaturik gabeko herrietako ordezkariekin harremanak eraiki dituztela, edo Euskal Herriko prozesuaren aldeko Friendshipa sortzen lagundu zutela, 2006an, Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoa osatzen zuten eragileekin batera. «Izugarrizko lana egin dute, ez bakarrik Parlamentuan, baita Kontseiluan eta Batzordean ere».
Oraingoa ezberdina dela dio, EH Bildu koalizioan joango direlako, baina «izugarrizko garrantzia» luke, haren ustez, Josu Juaristi parlamentuan egoteak. «Estaturik gabeko herrien legealdia izango da», dio, Europako ezkerra ere bertan dagoela, eta beharrezkoa dela haiekin harremanak izatea «benetako alternatiba eraikitzeko». Baita konponbidearen alde egiteko ere: «Irlandakoak eredu argia erakutsi du, eta Europako Parlamentuan ez da ulertzen Espainiak eta Frantziak konponbide prozesuan parte ez hartzea».
Europako hauteskundeak. Legez kanporatzeak
Hamar urte kanpoan, baina lanean
2004tik, ezker abertzaleak ez du aukerarik izan Europarako hautagaitza propioa aurkezteko. Lanean jarraitu dute, hala ere, baina EH Bilduk ordezkaria izatea «oso garrantzitsua» dela diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu