Hamar urte bete ditu Puntueus domeinuak, eta urteurren ekitaldia egin dute, Bilbon. Hain zuzen, 2014an karrikaratu zen lehen webgunea Puntueus domeinuarekin. Lorea Arakistain Puntueus fundazioko komunikazio arduradunaren arabera, ordea, «kasik hamarkada bat» lehenago hasi ziren egitasmoa lantzen. Nahiz eta bere garaian bertze proiektu batzuk izan, Iñaki Goirizelaia Puntueus fundazioko lehendakariak azpimarratu du eskas bati erantzun ziola: «Puntueus domeinua zulo bat betetzera etorri zen, Interneten ez geneukalako tokirik, eta euskal nortasunak tokia behar zuela erabaki genuen». Domeinuaren sorrera bera ez zen erraza izan. «Finantzaketa lortzeaz gain, ICANN erakundean behar zen aurkeztu (Izenak eta Zenbakiak Banatzeko Interneteko Korporazioan)», oroitarazi du Goirizelaiak. Bertzalde, «traba politiko batzuk» izateaz ere beldur ziren, baina Euskal Herrian babes «zabala» lorturik, «traba guziak» gaindituz lortu zuten proiektua aitzina eramatea.
Domeinua sortuz gero, euskarazko komunitate digitala hedatuz eta handituz joan da, Puntueusek 15.000 kide biltzen baititu egun: erakundeak, hedabideak eta enpresak nagusiki. Josu Waliño fundazioko zuzendariak nabarmendu du euskal komunitate digitala «askotarikoa» dela. Puntueus behatokiak egin dituen azken neurketei behatuz, datuok eman ditu Waliñok: «Euskal Herriko Interneten dauden webguneen %15ek euskaraz hitz egiten dute; Puntueus webguneak, berriz, %70 euskaraz daude».
Bilbon gaur urtemugaren harira egin duten ekitaldira hainbat solaskide gonbidatu dituzte. Bakoitzak bere talaiatik nabarmendu du domeinuaren garrantzia. Maite Goñi EITBko audio eta digitaleko zuzendaria izan da horietako bat. Erran du EITBrentzat zer izan den: «Berehalako apustua izan zen. Domeinu honek EITBren presentzia kokatzea ahalbidetu du eremu digitalean, eta euskarari ikusgarritasun handia ematea ere bai».
Nacho Amadoz domeinuen nazioarteko komunitatearen ordezkariak ohartarazi du sarean euskararen aldeko jarrera apala dela baina Puntueus munduan «eredugarria» dela euskal gizarte digitala eraikitzeko bidean. «Gizartearen onarpenarengatik, komunitatean duen eraginarengatik, eta euskaraz bizitzeko beharrezkoak diren tresnak sortzen egindako lanarengatik».
«Euskarari sarean izateko aukera handiagoa ematen dio; ingelesa jaun eta jabe dagoen honetan, hizkuntza arrakala horretatik ateratzeko aukera eskaintzen du Puntueusek» azpimarratu du EHUko Adimen Artifiziala graduko ikasle June Ibarlozak. Domeinua hezkuntza arloan ere sartu dela gaineratu du Martin Barrutiak. Nerabea da, ikaslea. Belaunaldi horren ordezkaria izan da gaurko ekitaldian: «Ohiko tresna da niretzat, hurbilekoa, etxeko lanak egiteko eta egunerokoan erabiltzen baitut Puntueus».
Geroari begira
Gertutasuna eskaintzen du Puntueus erabiltzeak, eta hori da etorkizunean ere mantendu nahi dena euskarazko eremu digitaleko erreferentea izateaz gain. «Hurbila eta geurea izatea da domeinuaren helburuetarik bat. Puntueus gabe ez dugu Internet irudikatzen ahal; geroz eta indar handiagoa eman nahi diogu sinbolo eta tresna honi», nabarmendu du Goirizelaiak. Puntueus gazte komunitatea sortzea litzateke etorkizuneko erronka, «domeinuaren prozesu guztia bizi dezaten eta gure nahia delako gazteak proiektura batzea».
Zibersegurtasunaren aldeko apustua mantentzea izanen da Puntueusen beste xedeetariko bat. Arakistainek azaldu du: «Zibererasoen kontra esku hartzen dugu, eta eragiten dugu, gertuko zerbitzu eraginkorra eskainiz».
Bestalde, Iratxe Esnaola Puntueus fundazioko zuzendari ohiak azaldu du adi egon behar dutela gizarteko aldaketa «azkarrei», eta, fundazio edota egitasmo gisa bere burua berrasmatu beharko duela Puntueuseko bere funtzio soziala mantentzeko. Aldaketak teknologikoak baldin badatoz, horiei «aurre egiteko eta ez berandu ibiltzeko gai izan behar du». Goirizelaiak jendea Puntueus domeinuan sartzeko motibazioa sustatzea du helburu: «Nahiz eta sentitzen dugun badagoela beldur teknologiko bat domeinu aldaketari dagokionez edo aitzinago etor daitezkeen aldaketengatik, jendea, enpresak eta instituzioak animatu behar dira etorkizuneko euskal gizarte digitala eraikitzera».
Aldaketak aldaketa, Goñik azpimarratu du domeinua sail guztietara zabaltzeko asmoz daudela EITBn: «Ekosistema digital berria ari gara antolatzen, eta albisteetan, kirol sailean eta Gaztea irratian sartuko dugu domeinua». Onurak handiak direla esan du: «Google eta Amazon bezalako erraldoien aitzinean, ikusgaitasuna izateko balio digu Puntueusek, mapan kokatzea ahalbidetzen baitu».
Kanpaina bat
Hamar urteen karietara, eskaintza berria sortu du Puntueusek: abenduaren 31ra arte hamar euroan eskura daitezke domeinuak. Urteurrenaren hastapen horri segituz, hainbat egitasmo eginen dira Puntueus kideentzat eta proiektura batuko den komunitate berriarentzat.