Atzo hamar urte bete ziren Ertzaintzak jaurtikitako gomazko pilota batek Iñigo Cabacas buruan jo eta koman utzi zuenetik. Athleticen eta Schalke 04 Alemaniako taldearen arteko partidaren ostean, Ertzaintza bortizki oldartu zitzaien Bilboko Kirruli herriko tabernaren aurrean zeudenei. Furgonetetatik jaitsi, eta gomazko pilotak bota zituzten, gertutik eta zuzen. Horietako batek Iñigo Cabacas Lizeranzu Athleticeko 28 urteko jarraitzailea jo zuen buruan, eta, horren ondorioz, handik lau egunera, apirilaren 9an, hil egin zen, Basurtuko ospitalean.
Hamar urte pasatu dira, baina Athleticeko zaleengan iltzatuta dago egun hura. Ez zelako Ertzaintzaren halako erasorik justifikatzen zuen liskarrik une hartan; edonor hil zezakeelako pilota horrek, hainbat lekukok azaldu zutenez. Zauria irekita dago, hamar urteren ondoren pilota bota zuen ertzaina ez dutelako identifikatu ere egin, eta uko egin diotelako saiatzen jarraitzeari. Gainera, Cabacasen heriotzak gomazko piloten eta poliziaren jardunaren inguruko hausnarketa bat ekarri bazuen ere —zenbait iturriren arabera, Ertzaintzak bota zuen gomazko azken pilota izan zen hura—, berriki antzeko jokaera erakutsi du Ertzaintzak kalean, bestelako jaurtigaiekin bada ere.
Cabacas zauritu zutenetik lau egun geroago hil zen arte, agintariak ez ziren gai izan gertatutakoa azaltzeko: ospitalean zauritu bat zela bai, baina bertsio ofizialak ez zuen esaten zer gertatu zen. Patxi Lopez PSE-EEkoa zen Eusko Jaurlaritzako lehendakari PPren babesarekin, eta Rodolfo Ares zen Barne sailburu. Miguel Buen Barne sailburuordeak handik urte batzuetara aitortu zuen ertzainek gau horretan gomazko pilotak bota zituztela ere ukatu egin zietela eurei hasieran.
Cabacas zauritu eta astebetera baieztatu zuen autopsiak, ordea, gomazko pilota batek hil zuela. Orduan eskatu zion Aresek barkamena familiari, eta Eusko Legebiltzarrean esan zuen azkeneraino iritsiko zirela gertatutakoa argitzeko lanetan: «Erortzen dena erortzen dela ere». Geroago frogatu zen moduan, ordea, hasieratik izan ziren zailtasunak Ertzaintzaren barruan hura argitzeko.
EAJ hurrengo urtean, 2013an itzuli zen Ajuriaenera, Iñigo Urkulluren eskutik, baina agintarien aldaketarik ez zuen ekarri horrek Cabacasen auzian. Manu Cabacas eta Fina Lizeranzu hildako gaztearen gurasoak behin baino gehiagotan kexatu dira jendaurrean hamar urte hauetan agintarien jarreragatik.
Ertzain bakarra zigorturik
Epaiketa 2018an iritsi zen. Bost ertzain errugabetu zituzten, gau hartan gomazko pilotak botatzen ibili zirenak, hain zuzen ere. Seigarrenari, Juan Jose de Pablo ertzainari, bi urteko espetxe zigorra eta lau hilabeteko inhabilitazioa ezarri zion Bizkaiko Lurralde Auzitegiak, baina azkenean ez zuen espetxera joan beharrik izan.
Epaiketak, gainera, agerian utzi zuen Ertzaintzaren prozedura okerra izan zela hasiera-hasieratik. Epaiaren arabera, gau hartan gazte bat gomazko pilota batez zauritu zutela jakin arren, eskopetak inolako protokolorik gabe jaso zituzten, bakoitza nork erabili zuen zehaztu gabe; gainera, berehala garbitu zituzten, eta horiekin inolako probarik egiteko aukera deuseztatu.
Datorren larunbatean, apirilaren 9an, Cabacas gogoratzeko ekitaldi bat egingo dute Bilbon, 13:00etan, Kirruli tabernaren aurrean, eta elkarretaratze bat Basaurin (Bizkaia), 20:00etan.
Hamar urte bete dira Cabacas zauritu eta koman gelditu zenetik
Lau egun geroago hil zen, Ertzaintzaren oldarraldi batean jasandako zaurien ondorioz. Larunbatean ekitaldi bat egingo dute haren omenez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu