Hamar urte barru familia medikuen beharra egongo dela ondorioztatu du Nafarroako Kontu Ganberak

2018tik 2023ra bitartean lehen arretako sarbideak okerrera egin duela azaldu du txosten batean, batik bat hiriguneetan.

Iaz sindikatuek osasungintza publikoaren alde egindako mobilizazio bat. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Iaz sindikatuek osasungintza publikoaren alde egindako mobilizazio bat. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
joxerra senar
2024ko ekainaren 27a
13:45
Entzun

Hamarkada bat barru, Nafarroan osasun arloko lehen arretan aritzen diren 787 profesionalek erretiroa hartuko dute, eta horietatik %30 familia medikuak dira, Nafarroako Kontu Ganberak egindako azterketa baten arabera. Alta, BAME barruko mediku egoiliarren ikasketetan eskainitako tokien %63 baizik ez ziren bete iaz. «Jarduera profesional hori erakargarri egin behar dugu, eta NUPen Familia Medikuntzako ikasketak sendotu», nabarmendu du Ignacio Cabeza Nafarroako Kontu Ganberako presidenteak.

Nafarroako Kontu Ganberak, halaber, lehen arretaren egoera aztertu du 2018tik 2023ra. Ondorioetako bat da bost urte horietan osasun etxeetarako sarbideak okerrera egin duela herritarrentzat. Izan ere, eskatu eta bi egun igaro baino lehen lortutako hitzorduen kopurua %60koa izan zen iaz, eta %71koa zen 2018an. Eskatu eta astebetera edo are beranduago ematen diren hitzorduen kopurua, berriz, %14 handitu da.

Dena den, osasun etxearen kokagunearen arabera, egoera aldatu egiten da. Ganberaren arabera, hiriguneetan panorama «bereziki kezkagarria» da. 

Gainera, kontratazioei dagokien inbertsioa handitu egin bada ere, gaixoaldian dauden profesionalen postuak betetzeko arazoak daudela egiaztatu dute txostenean. Izan ere, familia medikuntzan hutsuneen erdiak betetzen dira, eta pediatrian lautik bat baino ez.

Biztanle gehiago 

Pandemia bat izan da tarteko, eta, gainera, osasungintzaren gaineko presioa handitu egin da: biztanleria handitu eta zahartu egin da batez beste garai horretan. Hala, gaur egun 662.386 nafarrek dute osasun txartela, duela bost urte baino %4 gehiagok. Gainera, 64 urtetik gorako adin tartean daudenak %11 gehiago dira, eta 15 urtetik beherakoenean daudenak, aldiz, gutxiago. Joera hori lehen arretan nabaritzen da, gazteenak eta zaharrenak maizago joaten baitira osasun etxera, lehenak pediatriara eta bigarrenak familia medikuarengana.

Eskari handi horri erantzuteko profesional kopurua «egokia» dela deritzo Kontu Ganberak. Herritarren osasun beharrei erantzuteko dauden profesionalen artean, erizainak dira talderik handiena (%45) eta gero medikuak (%28). Hala, lehen arretako medikuek batez beste 1.287 herritar dituzte beren gain, eta pediatrek, berriz, 882 haur. Ganberaren arabera, medikuek gehienez 2.000 pertsona izan ditzakete beren gain, eta pediatrek, 1.500 haur. 

Bost milioi kontsulta

Beste aldagai garrantzitsu bat kontsulta bakoitzerako batez besteko denbora da. Osasunbideak iaz akordioa egin zuen familia medikuek egunean gehienez 32 pertsona artatu ditzaten —hamabost minutu bakoitzarekin, batez beste— eta pediatrian 24 haur.

Hala, bost milioi kontsulta egin ziren iaz, 2018an baino %3 gutxiago. Familia medikuntzan eta pediatrian jarduera %10 eta %17 murriztu da, hurrenez hurren; bi espezialitate horietako erizainen jardueretan %10 eta %8, haien funtzioak zabaldu egin baitira.

80

Kontratazioak. Bost urteotan, Osasunbideak 80 milioi euro inbertitu ditu profesionalen kontratazioan: 61 milioi langileak kontratatzeko eta beste hemeretzi milioi ezohiko jarduerak ordaintzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.