Hamar urte, 85 ebazpen eta polemika piztu duen auzi bat

Etika Publikorako Batzordea 2013an sortu zen, eta, geroztik, 85 ebazpen egin ditu. Lau aldiz baino ez du eman kargudun publiko baten kontrako erabakia; gainerakoetan, ebatzi du ez dela urraketarik egon, edo irizpideak eman ditu.

gotzon hermosilla
2023ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Etika Publikorako Batzordea 2013ko urrian jarri zuen abian Eusko Jaurlaritzak, eta haren egiteko nagusia da Etika eta Jokabide Kodea betetzen dela zaintzea, eta afera horren inguruan iristen zaizkien oharpen, kontsulta eta iradokizunei bide ematea. Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari lotuta dago, eta bost lagunek osatzen dute.

Horietatik hiru arduradun politikoak dira: Olatz Garamendi sailburua, Jose Maria Armentia Funtzio Publikoko sailburuordea eta Jon Iñaki Urbina Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria. Gainerako biak, berriz, unibertsitate arlotik datoz: Elsa Gonzalez Esteban Herrialde Katalanetako Jaume I.a Unibertsitateko irakaslea eta Fernando Tapia Alberdi EHUkoa.

Batzordea abian jarri zenetik, 85 ebazpen eman ditu. Horietatik oso gutxitan eman du kargudun publiko baten kontrako erabakirik: lau aldiz baino ez (%4,7). Gainerakoetan, batzordeak ebatzi du kodea ez dela urratu, kodea ezin zaiola aplikatu salatutako pertsonari edo, besterik gabe, jokabide egokiaren inguruko aholku eta irizpideak eman ditu.

2013tik 2016ra

Batzordea abian jarri eta hurrengo hiru urteetan, 2013tik 2016ra, hiru aldiz eman zituen Etika Publikorako Batzordeak ordezkari publiko baten jokabidea txarresten zuten ebazpenak. Lehenengoa 2013an izan zen: orduan, batzordeak proposatu zuen salatutakoa ardura publikotik kentzea.

2015ean emandako beste ebazpen batean, ondorioztatu zuen «interes gatazka» zegoela kargudun publiko batek enpresa bati adjudikatu beharreko kontratuaren inguruan, eta, «alderdikeria edo faboritismo susmorik batere» egon ez zedin, enpresa horri administrazio kontratua ez ematea proposatu zuen.

Hirugarrena 2016an izan zen: orduan, ebatzi zuten ordezkari publikoek Etika Batzordeari jakinarazi behar diotela «eredugarritasun publikoaren irudiari kalte egin diezaiokeen edozein ekintza, jardunbide edo gertaera», eta ordezkari batek ez zuela agindu hori «behar bezala» bete.

2016az geroztik, batzordeak behin baino ez du txarretsi ordezkari publiko baten jokabidea. 2022ko uztailean izan zen, eta hori da, hain zuzen ere, orain polemika piztu duen auzia. Garraio Plangintzako zuzendari izandako Ivan Pedreirak zenbait ingurumen ebaluazio eskatu zizkion enpresa bati, baina ardura publikoa hartu aurretik enpresa hartan lanean aritua zen.

Ebazpenean, batzordeak dio Pedreirak Etika eta Jokabide Kodea urratu zuela, « ez ziolako batzordeari kontsultarik egin edo ez ziolako uko egin ingurumen txostenen berri izateari». Horren harira, batzordeak proposatu zuen gertatutakoaren berri ematea EAEko aldizkari ofizialean, eta hala egin zuten.

Ebazpena Eusko Jaurlaritzaren Irekia webgunean dago irakurgai. Pedreiraren izena, salaketa jarri zuen legebiltzarkidearena, enpresarena eta abar ezabatuta daude: informazio hori ezin da ezagutarazi, eta Etika Batzordeko kideek obligazioa dute sekretupean atxikitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.