Hamar nafarretik batek «pobrezia larrian» egoteko arriskua du

88.000 lagun daude pobreziaren muga horretan, ikerketa baten arabera, eta datu «kezkagarria» dela ohartarazi dute.

Nafarroako elikagai bankuko biltegiaren irudi artxiboa, 2014an. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Nafarroako Elikagai Bankuko biltegia, artxiboko irudi batean, 2014an. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
2024ko abuztuaren 9a
17:05
Entzun

Nafarroako biztanleen %12,1ek «pobrezia larrian» egoteko arriskua dute: 88.000 pertsonak. Datu hori «kezkagarria» dela ohartarazi dute Nafarroako ingurune sozioekonomikoak ikerketan. Nafarroako Elikagaien Bankua fundazioko adituek egin dute ikerketa, 2022. urteko datuekin, eta gaur aurkeztu dute txostena. Lan horretan zehaztu dutenez, pobrezia arriskuaren tasa %21,8koa zen urte hartan; hau da, 144.000 pertsona baino gehiago zeuden pobrezia arriskuan. 

Lurraldetasunak eragina du pobrezian. Elikagaien Bankuak adierazi du Tuterako Erriberako eremua dela ehunekorik altuena duena (%29,4); ondoren, Ebroko Erribera (%29,3) eta Argako eta Aragoiko Erribera (%26) daude. Kontrara, ipar-mendebaldea (%18) eta Zangoza (%18,2) dira ehuneko baxuenak dituzten eremuak.  

Adinari dagokionez, gazteek dute arrisku tasarik altuena pobreak izateko. Hala, 16 urtetik beherakoek eta 16 eta 29 urte bitartekoek biztanleriaren batez bertzekoak (%21,8) baino tasa altuagoak dituzte: %31,4 eta %26,5, hurrenez hurren.

Sexuari erreparatuta, emakumeen artean da handiagoa pobrezia tasa; 2,6 punturen aldea dago gizonekin alderatuta, hain zuzen. Eta hori, batez ere, emakume edadetuek gizonek baino pentsio apalagoak dituztelako da: batez beste 12.254 euro emakumeek eta 20.204 euro gizonek.

Donazioak beherat

Beharrak goiti egin arren, Nafarroako Elikagaien Bakuak elikagaien saskia murriztu behar izan du, donazioak jaitsi egin direlako. «Gero eta zailagoa da dieta osatzea, eta proteinak gutxitu egin behar izan ditugu: ez dugu ez arrautzarik ez oilaskorik ematen», zehaztu du Marisol Villar elikagaien bankuko presidenteak. 

Hala, iaz 3.640 tona elikagai banatu zituzten 25.551 pertsonaren artean; 142 kilo, batez bertze, onuradun bakoitzeko. Horrekin, urte osorako behar diren elikagaien %29 banatu dituztela adierazi dute. Baina udaberri honetako kanpainan 272.364 kilo elikagai bildu dituzte, eta 2023ko bilketan, berriz, 295.945 kilo —aurten, beraz, iaz baino 23.000 kilo gutxiago—. Jasotako diruari dagokionez ere, beherat egin du kopuruak. Pandemian milioi bat euro jaso zituzten, eta iaz, berriz, 600.000 euro. 

«Herritarren pentsamoldea aldatu egin da, eta berekoiago bihurtu gara», adierazi du presidenteak. Egoera horri aurre egiteko, Villarrek «nafar guztien babesa» eskatu du, eta iragarri du kanpaina bat abiatuko dutela elikaduran aritzen ez diren enpresen funtsak erakartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.