Hamar langiletik hiruk 1.000 euro baino gutxiagoko soldata dutela salatu du ELAk

Aberastasunaren «banaketa bidegabeak ugazaben errentei mesede» egiten diela esan du sindikatuak

2007ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Mila euro baino gutxiagoko soldata. Ez gutxi batzuek, hamar langiletik hiruk. Eta, urterik urte, laneko errentek gero eta pisu gutxiago dute Barne Produktu Gordinean (BPG): %54,7tik %48,3ra pasatu dira Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian, 1993tik 2006ra. Eustatek datu hotzak eman ditu. ELAk datuen inguruko gogoeta egin du: «Beheranzko joera etengabea, gogorra eta larria da». Dioenez, aberastasunaren «banaketa bidegabeak enpresaburuen errentei egiten die mesede», eta langileek gero eta bizimodu zailagoa dute. «Behin-behinekotasun tasa %28an ia, eta oinarrizko jakien eta ondasunen prezioak gora eta gora».

Ekonomiak hazten jarraitzen duela eta, hala ere, soldatapeko langileak dirua erruz galtzen ari direla salatu du ELAko Ikerketa Bulegoko arduradun Mikel Novalek. «Laneko errentek BPGn zuten pisua 1993ko bera balitz, soldatapeko langile bakoitzak 5.000 euro gehiago jasoko zituen 2005ean». Ziur dago galera are handiagoa litzatekeela Eustatek gaur-gaurko datuak emango balitu. Izan ere, lansarien hazkundea BPG baino apalagoa da. Enpresen mozkinena, aldiz, askoz handiagoa -%119, %147 eta %167 igo dira, hurrenez hurren, 1993tik 2000ra, eta zuloa handitzen ari da-.



EMAKUMEEK %14GUTXIAGO. Gainera, erosteko gero ahalmen txikiagoa dute Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko langileek. Eustatek 2005eko diru sarrera garbiei buruzko makina bat datu eman ditu. Horien guztien artean «deigarriena»: hileko 1.000 euro baino gutxiago kobratzen dituzte besteen kontura lanean ari direnen %30ek. Hilean 1.200 euro baino gutxiago kobratzen dute %42k, eta 1.237 eurokoa da batez beste soldata.

Emakumeek gizonek baino %14 gutxiago irabazten dute, eta alde nabarmena dago adinaren, sektorearen eta kontratu motaren arabera, Ikerketa Bulegoko kide Imanol Pascuaren hitzetan. «EAEko langileen batez besteko diru sarrerak baino %34 apalago dira 20 urtetik beherako gazteenak: 805 euro irabazten dituzte hileko. 50 eta 54 urte bitarteko langileek, aldiz, 1.300 euro pasatxo».

Administrazio eta enpresa publikoetako langileek 1.548 eta 1.392 euro irabazten dituzte, hurrenez hurren. Enpresa pribatuetan, aldiz, 1.156 eurokoa da batez besteko soldata. Industrian eta eraikuntzan handiagoa: 1.290 euro. Eta zerbitzuetan antzekoa: 1.200 bat euro, «nahiz eta ostalaritzan eta merkataritzan 1.000 euroz azpiko soldatak nagusi izan». Kontratu mugagabea duten langileen soldata EAEko batez bestekoaren %106 dela (1.313 euro), aldi baterako kontratua dutenena %79an dagoela (978 euro), eta kontraturik ez duten langileak 518 euro kobratzen dituztela dio Eustatek.



BEHIN-BEHINEKOTASUNA %27AN. Prekarietatea, gainera, gora doa. ELAko idazkari nagusi Jose Elorrietak salatu du «Europan halako bi» dela behin-behinekotasun tasa Hego Euskal Herrian:«%27,9an dago, eta lan merkatuko arazo larrienetakoa da». Urtarriletik urrira sinatutako 946.857 kontratuetatik, mugagabeak 88.744 besterik ez direla izan ohartarazi du. «Propaganda» besterik ez dira lan erreformen «ustezko» onurak.

Elorrietaren ustez, ekintza sindikal «aldarrikatzailearen» bidez lortu da negoziazio kolektiboa piztea zenbait sektoretan. «Gipuzkoa eraikuntzan eta Bizkaiko merkataritzan, adibidez, ELAren greba deialdi baten ostean lortu da akordioa». Azaldu du negoziazio kolektiboan bi talde moduko daudela -LAB, CCOO eta UGT alde batetik, eta beste aldetik «ELA bakarrik, edo ELAk beste batzuekin»- eta, aurtengo itunez «balorazio ona» egin arren, langile askoren baldintzak okerrera doazela. «Kezkagarria da aberastasunaren banaketak izan duen bilakaera».

Administrazioa «jakitun» da, Novalen hitzetan. «Badaki laneko errenten pisua behera doala, baina nahiago du horretaz ez hitz egin, ugazabei mesede egiten dieten politikak bultzatzen ari baita».



«Aberastasunaren banaketaren bilakaera kezkagarria da: behera doa etengabe lan errenten pisua»

«Hemen Europan halako bi da behin-behinekotasun tasa, eta lan merkatuko arazoa larrienetako da»

JOSE ELORRIETA
ELA-KO IDAZKARI NAGUSIA




«Lan errentek BPGn duten pisua 1993ko bera balitz, langile bakoitzak 5.000 euro gehiago kobratuko lituzke»

«Administrazioak badaki laneko errenten pisua behera doala, baina nahiago du horretaz ez hitz egin»

MIKEL NOVAL
ELA-KO IKERKETA KABINETEKO KIDEA
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.