Donostiako Euskal Jaiak

Hamar jaiegun, Kontxako Bandera tarteko

Irailaren 3tik 13ra iraungo dute Donostiako Euskal Jaiek, eta kirol, gastronomia, kultura eta folklore ekitaldiak antolatu dituzte.

Sagardo eguna, 2013an. 7. ESTITXU ZABALA, IRUTXULOKO HITZA
2015eko abuztuaren 31
18:42
Entzun

Hamar egun horietarako 60 ekitalditik gora prestatu dituzte. Ekitaldi nabarmenena Kontxako Bandera izanda ere, antzerkiaz, folkloreaz, kirolaz, kulturaz eta musikaz gozatu ahalko da. Donostiako Euskal Jaiak gaur goizean aurkeztu ditu Alfonso Gurpegik, festa jardueretako zinegotzi delegatuak. Euskal Jaiak 2015eko kartela ere aurkeztu dute, Zureia Etxarri sortzailea bertan zegoela.

Hiru ekitaldi nabarmendu dituzte, besteen gainetik. Euskal zinemaren emanaldia egingo dute Trinitate plazan, 10ean, eta Urak dakarrena ikusi ahalko da. Urte askoren ostean berreskuratu duten dantza sueltoko txapelketa, 6an jokatuko da, Konstituzio plazan; eta, azkenik, Tanttakaren Kreditua antzezlana; aste osoan ikusi ahalko da Antzoki Zaharrean.

Kirola eta batez ere estropadak izaten dira protagonista jai hauetan. Irailaren 3an jokatuko da sailkatze estropada, eta 6an eta 13an banderagatik lehiatuko dira, bai gizonak baita emakumeak ere. Toka txapelketa, Gipuzkoako lokotx txapelketa, XVIII. esku pilota txapelketa eta XV. Urgulleko krosa ere egingo dira, kirolari dagokionez.

Gastronomiak ere izango du lekua jai giroan. Lehen egun garrantzitsuena larunbat honetan izango da, Sagardo Eguna. Gipuzkoako sagardogileen elkarteak antolatuta egingo da, Konstituzio plazan. Nekazaritza ekologikoaren azoka ere izango da larunbatean, baita bertako tomateen erakusketa-lehiaketa ere. Basque Beer Fest ere izango da, euskal garagardo ekoizleen azoka, irailaren 10etik 13ra. Marmitako jatea eta sardina jatea ere egingo dira, irailaren 11n eta 13an, hurrenez hurren.

Musikaz gozatzeko tartea ere egongo da. Batetik, Aste Nagusian bertan behera geratu zen XXXVIII. Txistulari Alardea egingo da irailaren 12an, 20:00etan hasita, Konstituzio plazan. Bestalde, Donostia Bertsotan ekitaldia (larunbat honetan), Kantu jira eta Imuntzo eta Beloki egongo dira. Azken bikoteak irailaren 13ko eguna alaituko du Konstituzio plazan.

Egitaraua Parte Zaharreko jai batzordearekin eta beste elkarte batzuekin elkarlanean osatu du Donostiako Udalak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.