Zerbitzu publikoetako murrizketak izan dira azkenaldian hainbat eta hainbat eztabaidaren ardatz. Eusko Jaurlaritzako, HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeko eta euskaltegi publiko eta pribatuetako ordezkariek ikasturte berriaren harira atzo egin zuten balorazioan ere, kezka berbera izan zen nagusi: murrizketak. Udal euskaltegien ordezkari Marian Toledok azaldu zuenez, milioi bat euro gutxiago jaso dute euskaltegipublikoek , eta 35 bat irakasle kaleratu behar izan dituzte. Hala, %9 irakasle gutxiago arituko dira aurten.
Urte birako hitzarmena egin zuten iaz HABEk eta Eudel EAEko udalen elkarteak, eta horrek egonkortasun ekonomikoa emango zielakoan ziren udal euskaltegiak, baina Toledok berak adierazi zuenez, «usteak, erdiak ustel», duela hilabete eta erdi hautsi baitzuen HABEk akordio hori. Eta kezka bera erakutsi zuen euskaltegi pribatu homologatuen ordezkari Marian Bidegainek ere. Krisi ekonomikoa gorabehera, finantzaketa publiko egonkorra eskatu zuen, «era duinean» lan egite aldera. Etorkizun hurbilean bestelako aitorpen juridiko eta sozial bat izango duten itxaropena azaldu zuen, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak euskaltegien betekizuna ezinbestekotzat jo duen arren; «esatea, ez baita ematea», Bidegainek erantsi zuenez.
Hizkuntza Politikarako sailburuorde Lurdes Auzmendik udal euskaltegien kasua salbu, diru laguntzak «orotara»mantendu egin dituztela erantzun zien euskaltegietako ordezkariei. Auzmendiren hitzetan, urte «oparoetan» aurrekontuak areagotu egin ziren, eta orain ezinezkoa suertatu da horiei aurre egitea. Duela hiru urteko aurrekontuetara itzuli behar izan dute, ezinbestean. Edonola ere, aurrerantzean murrizketek ez luketela areagotu beharko aitortu zuen: «Krisiaren ondorio latzenak ezin ditu irakaskuntzak jasan».
Ardura norena den zehaztu
Udal euskaltegiak finantzatzeko ardura ezbaian jarri zuen Auzmendik: «Noizbait argitu beharko da nori dagokion zer». Udalek aurkeztekoa duten lege proiektuaren barruan euskaltegien finantzaketa zehazteko eskatu zienudal gobernuei. Marian Toledoren ustetan, aldiz, hori ez litzake bideragarria izango. Hizkuntza Politikarako sailburuordeak ukatu egin zuen zenbait herritan ikasleek euskaltegian aritzeko aukera izango ez dutela: «Esan digute murrizketen ondorioz zenbait euskaltegitan taldea ez dela osatuko, baina euskaltegi publikoetan tokirik ez dutenek pribatuetara jo ahal izango dute. Ez dugu euskara ikasi nahi duen inor diru faltagatik bazterrean utziko».
Hamar irakasletik bat ez da arituko udal euskaltegietan aurten, murrizketak direla eta
Euskaltegi publikoetan tokirik ez dutenek pribatuetara jo dezaketela esan du Lurdes Auzmendik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu