Hizkuntza ereduak direla, euskara gaitasun falta dela... Azkenaldian, hezkuntzaren esparruan, sarri aipatu da euskara. Eusko Jaurlaritzaren ISEI Irakats Sistema Ebaluatzeko eta Ikertzeko Erakundeak zenbakitara eraman ditu esanak eta irudipenak: argitara atera dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako LH6ko eta DBH4ko ikasleei egindako ebaluazio diagnostikoen emaitzekin ondutako txostena. Zenbait gaitasun aztertu dituzte; tartean, euskara maila. Bada datu adierazgarririk: hamar ikasletik bik «hasierako maila» dute euskaraz DBH amaitzean.
Dokumentuan, xehe aztertu dute ikasleen euskara maila, 2018an eta 2022an egindako ebaluazio diagnostikoetan oinarrituta. Azaldu dutenez, LH6n gero eta gehiago dira euskaraz aritzeko gauza ez direnak: 2018an, ikasleen %27,8k zuten «hasierako maila»; 2022an, berriz, %32k. Alabaina, aldi berean, gero eta ikasle gehiagok dute «maila aurreratua»: %17,9 ziren 2018an; %18,9, berriz, 2022an.
Eta zer gertatzen da derrigorrezko eskolaldia amaitzen dutenean? Nolako euskara mailarekin ateratzen dira? Ez dago eboluzio bat ikusterik, 2018ko daturik ez baitago, baina hauek dira 2022koak: DBH4ko ikasleen %21ek «hasierako maila» dute euskaraz, eta %20,8k dute «maila aurreratua».
datuak
%14,6D ereduan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan D ereduan ikasten duten ikasleen datuak orokorrak baino hobeak dira: DBH4n, %14,6k dute «hasierako maila» euskaraz; bestalde, %24,3k erdietsi dute «maila aurreratua».
%17Erabilera. DBH4n, ikasleen erantzunen arabera, %17k eskolan beti euskaraz egiten dute; %5ek, gehiago euskaraz gazteleraz baino; %14k berdin bietan; %28k, gehiago gazteleraz euskaraz baino; eta %35ek, beti gazteleraz edo beste hizkuntza batean.
Alegia, DBH4ko hogei gazteko ikasgela bat hartuz gero, hau izango litzateke argazkia: bik «hasierako maila» izango lukete euskaraz eta gazteleraz; hiruk «hasierako maila» izango lukete euskaraz, eta maila hori gaindituko lukete gazteleraz; batek «hasierako maila» izango luke gazteleraz, eta maila hori gaindituko luke euskaraz; zortzik «erdiko maila» izango lukete euskaraz eta gazteleraz; bik «erdiko maila» izango lukete euskaraz, eta «aurreratua» gazteleraz; beste bik «erdiko maila» izango lukete gazteleraz, eta «aurreratua» euskaraz; eta beste biek «maila aurreratua» izango lukete euskaraz eta gazteleraz.
Zenbait faktorek eragina dute. Esaterako, etxeko hizkuntzak: euskaraz «maila aurreratua» eta gazteleraz «maila ertaina» duten DBH4ko hamar ikasletik lauk euskara dute etxeko hizkuntza, baita gazteleraz eta euskaraz «maila aurreratua» duten hamar ikasletik bik ere. Aldiz, gazteleraz eta euskaraz «hasierako maila» duten ikasleen artean, hamarretik batek baino ez dauka euskara etxeko hizkuntzatzat. Jatorriak ere badu eragina: euskaraz eta gazteleraz gaitasunik ez duten ikasleen artean, %16 dira jatorri atzerritarrekoak; aldiz, euskaraz eta gazteleraz «maila aurreratua» duten ikasleen %2k dute atzerriko jatorria.
Eskolaren eragina
Sarri aipatzen da eskolak bakarrik ezin dituela egin haurrak euskaldun, inguruaren laguntza behar duela. Baina ISEIren dokumentuan argi geratzen da hezkuntza sistemak baduela eragina. DBH4ko datuak dira: etxeko hizkuntza euskara ez duten lau ikasletik hiruk eskolan ikastea lortzen dute, eta etxean euskaraz ari diren hamar ikasletik bederatzik maila hobetzen dute ikastetxean.
Ikasleen ezaugarriek isla dute horretan ere. Hau da, euskara ikastea edo hobetzea lortzen ez dutenei erreparatuta, DBH4n, %60 mutilak dira, eta %20k ikasturteren bat errepikatu dute.
Horiek datu orokorrak. Alabaina, EAJk eta PSE-EEk pasa den astean onartu zuten EAEko Hezkuntza Legean hizkuntza ereduak aipatu izanak harrabotsa eragin du, eta ahotsa ozendu dute zenbaitek esanez A eta B ereduek ez dutela balio euskalduntzeko. ISEIren txostenak erakusten du D eredukoak hobeto moldatzen direla euskaraz —A eta B ereduetako datu zehatzik ez dute eman—. 2022ko emaitzei begira jarrita, LH6n, adibidez, ikasleen %26,4k zuten «hasierako maila» euskaraz —2018an, %21,5ek zuten—, eta %22,3k «maila aurreratua» —2018an, %21,8k zuten maila hori—.
DBH4n, berriz, joerarik ezin da ondorioztatu, ez baitago 2018ko daturik. 2022koak, horra: D ereduko ikasleen %14,6k «hasierako maila» dute euskaraz; bestalde, %24,3k dute «maila aurreratua».
Jakitetik erabiltzera
Hizkuntza maila, halaber, lotuta dago erabilerarekin. Sorgin gurpil bat da: euskara zenbat eta hobeto jakin, orduan eta gehiago erabiliko dute, eta zenbat eta gehiago erabili, orduan eta hobeto jakingo dute. Eta alderantziz. Bada, erabilera ere aztertu dute txostenean, ikasleei eginarazi dieten galdetegia oinarri hartuta.
Aldea dago LH6tik DBH4ra. Hau da LH6ko ehun ikasleko ikastetxe baten irudia azken txosten honen arabera: hemezortzik esan dute beti euskaraz hitz egiten dutela ikastetxean; 11k, gehiago egiten dute euskaraz gazteleraz baino; 22k, berdin bietan; 30ek, gehiago gazteleraz euskaraz baino; eta hemeretzik, beti gazteleraz edo beste hizkuntza batean. Ordea, zenbat eta zaharragoak izan, orduan eta gehiago egiten dute gazteleraz: DBH4n, ehunetik hamazazpik esan dute euskaraz aritzen direla beti; bostek, gehiago euskaraz gazteleraz baino; hamalauk, berdin bietan; 28k, gehiago gazteleraz euskaraz baino; eta 35ek, beti gazteleraz edo beste hizkuntza batean.