Foruzaingoak hamar gizon atxilotu ditu aste honetan Nafarroan, indarkeria matxista egotzita. Haietako zazpi, bikotekideari eraso egitea egotzita: bi Iruñean —batek hemeretzi aurrekari zituen—, bi Tuteran, bat Tafallan, bat Alesbesen, eta bestea Berriozarren. Berriozarko erasoan, gainera, gizona alabetako bat eramaten saiatu zen, indarrez.
Horietaz gain, hiru gizon atxilotu dituzte urruntze aginduak ez betetzea leporatuta. Horietako bat Iruñean atzeman dute, eta emazteari eraso egitea leporatu diote atxilotuari, eta, ondoren, urruntze agindua urratzea. Gainera, bi poliziari ere eraso zien. Atzo goizean atxilotu zuten 23 urteko gaztea, eta epaileak behin-behinean aske utzi zuen, emaztearengandik urruntzeko agindua ezarrita.
Hala ere, gizona emaztearen etxera joan zen, eta emakumeak berriro deitu zion Poliziari. Udaltzainek gizona atxilotu zuten, agindua urratzea leporatuta. Atxilotu ondoren, gizonezkoak bi poliziari eraso egin zien osasun zentro batean, gizonak medikuarenera joatea eskatu eta gero. Epailearen aurrera eramango dute gaur.
Hiru eraso Bakion
Bakioko Udalak (Bizkaia) salatu du indarkeria matxistako hiru kasu izan direla herriko festetan. Ukituak egon zirela adierazi dute, eta susmoa dute substantzia kimikoak eman zizkiotela biktimari.
Udalak «babesa eta elkartasun osoa» helarazi die hiru biktimei eta ingurukoei, eta emakumeen aurkako inolako erasorik ez dutela onartuko adierazi dute: «Gure kaleetan ez dago lekurik emakumeen eskubideak urratzen dituztenentzat». Herriko mugimendu feministak eta Berdintasun Kontseiluak mobilizazioa antolatu dute gaur 19:30erako, udaletxeko plazan.