Auzitegi Nazionala

Hamar euskal herritar ikertuko dituzte, Jesus Mari Pedrosaren hilketarekin lotuta

ETAko buruzagitzako kide gisa izan zezaketen ardura ikertuko du Alejandro Abascal epaileak. Dignidad y Justicia elkarteak jarri zuen haien kontrako salaketa.

Mikel Albisu, artxiboko irudi batean. MAIALEN ANDRES / FOKU
Iosu Alberdi.
2023ko otsailaren 13a
13:23
Entzun

Espainiako Auzitegi Nazionalak ETAren ustezko buruzagi ohien aurkako beste ikerketa bat ireki du; oraingoan, Durangoko (Bizkaia) PPko zinegotzi Jesus Mari Pedrosaren hilketagatik. Dignidad y Justicia elkarteak jarritako salaketari bide eman dio Auzitegi Nazionaleko Instrukzioko Lehen Epaitegi Zentraleko Alejandro Abascal epaileak, eta hamar euskal herritar ikertuko ditu.

Epailearen autoaren arabera, Iñaki Gracia, Javier Gartzia Gaztelu, Jon Olarra, Ainhoa Mujika, Asier Oiartzabal, Juankar Iglesias, Mikel Albisu, Vicente Goikoetxea, Ramon Sagarzazu eta Marixol Iparragirre ikertuko ditu epaileak, Pedrosak jasandako «bortxa eta mehatxuetan» eta haren hilketan izan zezaketen ustezko parte hartzearekin lotuta. PPko zinegotzia 2000ko ekainaren 4an hil zuten identifikatu gabeko ETAko bi kidek.

Dignidad y Justicia elkartearen arabera, hamar euskal herritarrak ETAren zuzendaritzako kide ziren erakundeak Pedrosa hil zuen unean. Elkarteak uste du erakunde armatuaren zuzendaritza batzordearen ardura zela ETAren «estrategia diseinatzea», eta ondorioz hura zela, besteak beste, helburuak aukeratzeaz eta atentatuak agintzeaz arduratzen zena. Kasu honetan, Dignidad y Justicia elkarteak argudiatu du ETAk zenbait herritar Euskal Herritik «indarrez kanporatzeko» estrategia bat zuela, eta Pedrosak jasandako mehatxuak eta haren hilketa estrategia harekin lotuta daudela.

Instrukzio epailearen arabera, zinegotziak jasotako mehatxuek eta haren hilketak agerian uzten dute ETAk hura Euskal Herritik kanporatzeko zuen asmoen eta hilketa beraren arteko lotura. Hala, txosten bat eskatu die Guardia Zibilari eta Espainiako Poliziari, ikerketapean dauden lagunen, Pedrosaren kontrako ekintzen eta haren hilketaren testuinguruan «alderdi politiko konstituzionalistetako militanteen kontra eginiko mehatxu eta bortxa ekintzen» inguruko informazioa biltzeko. Halere, epaileak uko egin dio hamar lagunentzat fidantza bat ezartzeari.

Dignidad y Justicia elkarteak molde bereko beste zenbait helegite ere jarri ditu, eta horietako batzuk ikertzen ari da Auzitegi Nazionala. Hala nola Ermuko (Bizkaia) PPko zinegotzi Miguel Angel Blancoren eta Auzitegi Goreneko epaile Jose Francisco Querolen hilketekin, eta 2002an Santa Polako Guardia Zibilaren egoitzaren kontra egindako atentatuarekin lotuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.