Hamar eguneko grebari ekin diote eskola erlijiosoetan

Kristau Eskolako eta IZEAko ikastetxeetako langileek egingo dituzte lanuzteak, lan hitzarmena berritzeko eskatzeko. Sindikatuen arabera, langileen %65ek egin dute bat lehen deialdiarekin.

Kristau Eskola
Kristau Eskolako eta IZEAko langileen protesta gaur, Bilbon, abenduko lanuzte batean, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2024ko urtarrilaren 17a
12:50
Entzun

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskola erlijiosoetako lan gatazkak bere horretan dirau; gaur izango dute Kristau Eskolako eta IZEAko ikastetxeetako langileek hamar greba egunetatik lehena. Sindikatuek eta patronalek adostasunik lortu ezean, ez da azkena izango, beste bederatzi egunetarako ere grebara deitu baitituzte ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek: zehazki, bihar eta urtarrilaren 23tik 25era, otsailaren 6tik 8ra, eta 19an eta 20an egingo dituzte lanuzteak. 2021eko abendutik iraungita daukate lan hitzarmena, eta hura berritzearen alde ari dira borrokan.

Langileen %65ek egin dute greba lehen deialdian, sindikatuen arabera; haien esanetan, aurretik egin dituzten lanuzteetakoaren «oso antzekoa» izan da. Gainera, deitoratu dute gutxieneko zerbitzu gehiegi jarri dizkietela, eta irizten diote horrek bide ematen diola greba eskubidea urratzeari. Aldiz, jarraipen apalagoa izan dela esan du Kristau Eskolak: 62 zentrotako —Kristau Eskolako ikastetxeen %50,82— datuak eskuan izanda, langileen %15,11k egin dute greba

Sindikatuak kexu dira patronalen jarreraz ere. Izan ere, salatu dute patronalak egindako proposamenak ez direla nahikoa eta berandu iritsi direla. Horrela, gatazka luzatzen aritzea leporatu diete: «Eusko Jaurlaritzari eta patronalei eskatzen diegu etxeko lanak egin ditzatela, baita gatazka konpontzeko proposamenak egiteko ere».

Sindikatuek eta patronalek atzo izan zuten azken bilkura. ELAk, CCOOk, UGTk eta Steilasek —LABek ez zuen izenpetu— ohar bat kaleratu dute, eta patronalei «etxeko lanak ez egin izana» egotzi diete. Sindikatuen esanetan, Kristau Eskolaren eta IZEAren proposamenak ez du bermatzen langileen erosteko ahalmena, ezta lan kargak arintzea ere, eta ez du hobekuntzarik jasotzen enplegua bermatzeko eta sektore feminizatuentzat.

LABek, berriz, atzo erdietsi zuen ikastoletarako lan hitzarmen berrirako aurreakordioa. Besteak beste, lortu dute ikastoletako langileen soldatak langile publikoen soldatekin parekatzea 2027rako. Kristau Eskolari eta IZEAri ere esfortzua egiteko eskatu diote: «Ikastoletako mahaian lortu bezala, esfortzu gehigarri bat eskatzen diegu Kristau Eskola eta IZEA patronalei, [soldatak] parekatzeaz gain, 2024rako erosahalmena bermatzeko eta lan zamak jaisteko neurri gehigarriak ekartzeko».

Protestak

  • Gaur. Bilbon, Donostian eta Gasteizen egin dituzte manifestazioak, 11:30ean. Bilbon, Eskolapioak ikastetxetik abiatu dira; Donostian, Aldapeta Maria eskolatik; eta Gasteizen, Andre Maria Zuriaren plazatik.
  • Bihar. Donostian egingo dute mobilizazioa, 11:30ean, Aldapeta Maria eskolatik aterata.
  • Urtarrilak 23. Gasteizko kaleak hartuko dituzte, 11:30ean, Bilbo plazatik irtenda.
  • Urtarrilak 24. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiriburuetan aterako dira kalera, 11:30ean. Bilbon, Eskolapioak ikastetxean batuko dira; Donostian, Kristau Eskolaren egoitzaren aurrean; eta Gasteizen, San Viator eskolan.
  • Urtarrilak 25. Bilbon egingo dute manifestazioa, 11:30ean, Eusko Jaurlaritzaren egoitzako ataritik abiatuta.

Kristau Eskolak ohar bidez deitoratu duenez, bilera guztietan aurkeztu dituzten proposamenetan «aurrerapenak» jaso arren, sindikatuek greban jarraitzea erabaki dute: «Sindikatuei berriro ere dei egiten zaie negoziazioen alde egiteko, eta ez mobilizazioen alde, horrek oso eragin negatiboa baitu ikasleen hezkuntza eskubidean, eta are zailtasun handiagoa eransten baitio berez zaila den familia kontziliazioari». Lanuzteek berrehun eskolatako 9.000 irakasleri eta 130.000 ikasleri eragingo diete.

Sindikatuen eskaera nagusien artean daude, besteak beste, KPI kontsumoko prezioen indizeari lotuta igotzea soldatak, lanpostuak mantentzeko eta lan karga arintzeko neurriak hartzea, eta sektore feminizatu eta prekarizatuetan eta Lanbide Heziketan hobekuntzak egitea. Horrez gain, sindikatuek diote euskara planak, berdintasun planak eta arrisku psikosozialei aurre egiteko planak ere «jomugan» dituztela.

Borroka luzea

Orain egingo dituztenak ez dira lan hitzarmen berria lortzeko lehen lanuzteak. Sindikatuak 2022ko maiatzean hasi ziren eskola erlijiosoetarako hitzarmen kolektibo bat negoziatzen. Eta hura adosteko azken batzarra 2023ko otsailaren 2an egin zuten. Horiek horrela, apirilean negoziazioa «blokeatu» zela salatzeko, greba antolatu zuten sindikatuek. Joan den urrian esan zuten ez zutela jaso patronalen erantzunik, eta ez zegoela «greba egitea ez den beste erremediorik». Hiru greba egun antolatu zituzten orduan.

Eta berriro grebara jo zuten urtearen amaieran: abenduan ere lanuzteak eta mobilizazioak egin zituzten bost egunez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.