Hamar egun gehiago

Mahaiak Orain Bairi galdegin dio hiru parlamentariak kaleratzeko eskarian zuzendu ditzala gabeziak. Orain Baik ez du zehaztu agindu hori beteko duen

Mahaiaren eta Eledunen Batzordearen bilera, atzo. Orain Baiko Carlos Couso eta, eskuinean, Ainhoa Aznarez parlamentuko presidentea. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2019ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Eta bitartean, hilabete iragan da. Abenduaren 20an aurkeztu zuen Orain Baik Ahal Dugu-ko hiru parlamentari kaleratzeko eskaera. Atzo, legelari nagusiaren aholkuari jarraituz, Nafarroako Parlamentuko Mahaiak erabaki zuen Orain Bairi gehienez hamar egun gehiago ematea eskaeran atzemandako gabeziak zuzendu ditzan. Izan ere, legelari nagusiak txosten juridikoan nabarmendu du «talde bateko kideek gehiengo osoz hartutako erabakiaren ondorio» izan zela eskaera, eta, horregatik, bai taldeko bileraren deialdia, bai eta erabakia hartu zeneko akta ere eskatzen zaie. Orain Baik ez du aurreratu zer egingo duen. «Ikusiko dugu gabezia konponduko dugun edo ez», erantzun zuen Ruben Velascok.

Astelehenero legez, Mahaia eta Eledunen Batzordea batzartu ziren atzo, eta azken hiru bileretan bezala, Ahal Dugu-Orain Bai talde barruko egoerak bereganatu zuen arreta, nahiz eta zenbait eledunen ahotan nekea eta asperraldia islatu. EH Bilduko Adolfo Araizek, esate baterako, Marmotaren eguna filmari egin zion erreferentzia, atzokoa ere etengabe errepikatzen den eguna dela adierazi nahirik.

Lehenik eta behin, hiru asteotako eztabaidetako bat izan da ea taldearen inguruko erabakia Mahaiari edo Eledunen Batzordeari hartzea dagokion. Bi organoetan gehiengo diferenteak daudenez,neurriaren noranzkoa dago jokoan pultsu horren atzean. Legelariak zehaztu du Mahaiaren erabakia dela, eta, ondorioz, Ahal Dugu-k, EH Bilduk eta Geroa Baik gehiengoa lukete —alderdi horietako bakoitzak ordezkari bat du, eta UPNk, bi—.

EH Bilduk zeresan handia izan zuen atzoko erabakian. Mahaian UPNk eskatu zuen Orain Bairen eskaera aintzat hartzeko eta hiru parlamentariak kaleratzeko; aldiz, Geroa Baik kontrakoa proposatu zuen, legelariak azpimarratutako baldintza formalak ez direla bete argudiatuta —Ainhoa Aznarezek bat egin zuen—. Azkenik, EH Bilduk gehienez beste hamar egun gehiago ematea proposatu zuen, legelariak txostenean emandako aholkuari men eginez. Bere asmoa aurrera atera ez zela jakinik, UPNk bederen nahiago izan zuen EH Bilduren proposamenaren alde bozkatzea.

Auzia ixteko aukera izanagatik, tentuz jokatzea nahiago izan du EH Bilduk. Bi hilabete geratzen dira legealdia amaitzeko eta lege garrantzitsuak aurrera ateratzeko. Denen botoak beharko ditu laukoak, baita Orain Baikoenak ere. Gaur, Parlamentuko Tokiko Administrazioaren batzordeak udal maparen erreformaren lege proiektua eta zuzenketak eztabaidatuko ditu, hurrengo asteetan osoko bilkuran azken urratsa egin aurretik. Orain Bairen eskaerari azken kolpea emateak haien botoa baldintzatu dezake; halaber, Ahal Dugu-k bere aldeko jarrera galdegin die bazkideei. Azkenean, egoerak beste alderdiak zipriztintzeko arriskua dago.

Gainera, egunak aurrera egin ahala, testuingurua zailtzen ari da. Atzo, Velascok aitortu zuen azken hilabeteetan ez dela taldea osorik bildu. Orain Bairen eskuetan dago eskaera egin zeneko akta aurkeztea, eta gehienez hamar eguneko epea badu ere, ezin dezake bitarte horretan beste bilera batera deitu. Asteon kaleratzea justifikatzeko bilera egingo balu kaleratzeko eskaera atzera bota beharko lukeela iradoki zuen Adolfo Araizek. Horregatik, EH Bilduko parlamentariak «zentzuz» jokatzera dei egin zuen: «Legealdia amaitzeko hamar aste falta diren honetan, gauzak bere horretan uzteko eta bazterrak nahasteari uzteko eskatzen dugu».

Iritzi finkorik gabe

Auzi formalaz harago, aurki sakoneko gaiari heldu beharko dio Mahaiak. Iraganean, parlamentu taldeetan liskarrak izan dituztenhiru aurrekari daude. Azken kasua aurreko legealdian gertatu zen: Aralarrek Manu Aierdi eta Patxi Leuza taldetik kanporatzeko erabakiaren aurrean Mahaiak ez zuen ezer egin. Legelariak uste du bi kasuak ez direla bateragarriak, eskaerarekin ez daudelako konforme kaleratu nahi dituzten hiru parlamentariak: beste idatzi batean aldarrikatu dute alderditik kanpo beste lau parlamentariak daudela eta, ordezkagarritasuna botoa eman zitzaion alderdiari dagokionez, eurak egon behar liratekeela kanpoan.

Txostenean, legelari nagusiak nabarmentzen du hutsune legal bat egon daitekeela, parlamentuko araudian ez baitago neurririk halako egoerari aurreko egiteko. Alabaina, tokiko erregimenen legeak bai jasotzen ditu neurriaktalde baten kontrola hartzen duten transfugen aurka. Dena den, legelariak ez du irizpide finkorik ematen. Gehienez ere, aipatzen du Mahaiak bigarren aukeraren alde eginez gero Ahal Dugu-ri eskatu beharko liokeela argitzeko alderdi barruan zer egoeratan dauden lau parlamentariak. Eurak kanporatu eta atxiki gabeko parlamentari multzoan sartzeko aukera ez du baztertzen. Kasu horretan, Orain Baik galdu egingo luke blokeatuta dagoen dirua jasotzeko eskubidea.

PSNko Maria Txibitek «eskuak garbitzea» aurpegiratu zion legelariari. Erakundearen egonkortasunaren lepotik, euren interesak lehenestea aurpegiratu zion laukoari. UPNko Javier Esparzaren ustez, «Geroa Baik eta EH Bilduk 155. artikulua aplikatu diote Ahal Dugu-ri».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.